Protestak herrialde arabiarretan

Mugimendu diplomatikoak

Esku hartze militarra aho batez erabakitzeko eztabaidatzeari ekin dio NBEk, baina oraingoz ezin dute esku hartu

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Libian inbasio militarra aurrera eramatea Muammar Gaddafiri bonbardatzen jarraitzen uztea bezain arriskutsua da Nazio Batuen Erakundearentzat, baina erdibidean orain arte hartutako neurriak ez dira eraginkorrak izaten ari,eta horregatik, esku hartzea zuritzeko ahalik eta kontsentsu handiena lortu nahian dabil nazioartea, egoera larriagotzen denerako, beste biderik ez dutela erabakitzen dutenerako. Koronelaren hegazkinei aire eremua debekatzea da egunotan esku hartzeari buruz eztabaidaren erdi-erdian dagoena, baina aho bateko jarreramomentuz ez da adosten ari, eta Txina eta Errusiaren ezezkoa ez dira horretan arazo bakarrak.

Europan Frantzia eta Erresuma Batua daude bero-bero erabaki horren alde. Haiek prestatutako zirriborroak aste honetan bertan eragin dezake Segurtasun Kontseiluaren presazko bilera, eztabaidatzeko besterik ez bada; erabakia hartzea beste kontu bat da.

Europako Legebiltzarreko ordezkariak ere —Europako Ezker Batua izan da salbuespen —, horren alde presio egiten ari zaizkio Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Gaietarako goi agintariari,horren aldeko erabakian eragin dezan, baina 27 estatu kideek iritzi bera izateko arazoak dituztela-eta «zuhurtzia» hitzarekin estali du erabaki bateratuak hartzeko Europak duen ezintasuna. Europako Kontseiluak Libiako krisiaz bihar duen bilera bereziari utzi dio zer edo zer erabakitzeko eskumena, baina aurreratu duenez, erabaki baino lehen definitu egin behar da zer den aire eremua debekatzea. Europako herritarrak handik ateratzea da lehentasuna, baita libiarrei giza laguntza eskaintzea ere, eta hango indarkeriarekin amaitzea, baina «Libiako herritarrei euren iraultza egiten utzi behar» zaiela uste du.

Ashtonek proposatzen duenarekin, esku hartzea ez dela komeni esatearekin, ordea, ez datoz bat egunotan egindako mugimenduak. EBren premiazko bilerarekin batera, NATOk ere beste bat egingo du gaur bertan. Defentsa ministroek hiru aukera aztertuko dituzte: aire eremua debekatzea, armak ez sartzeko itsaso eremua ixtea eta giza laguntza banatzeko korridore bat zabaltzea. NATOk ez du esku hartzeko asmorik, baina prest egon nahi du behar denerako. Horri erantzuten die Mediterraneoan gertatzen ari diren mugimendu militarrek.

Dena den Libian sartzeko hiru baldintza ezarri ditu NATOk: lege oinarri bat behar du erakunde horren ustez esku hartzen bada —finean NBEk baimendu beharkodu—; nazioarteko ekintza beharrezkoa dela frogatu behar da—ez du zehazten nola—, eta inguruko herrialdeen babesa behar du.

Arabiar Ligak egunotan hainbatetan esan du aire eremua debekatzearen alde dagoela, eta atzo bertan berretsita utzi du, baina betiere mugak jarri behar zaizkio, nazioarteak han izan ditzakeen interesei erreparatuta.

AEBak lehen lerroan

AEBen oraingo administrazioak, berriz, ez du aurrekoen bideetatik joan nahi, hasieratik erakutsi nahi izan duen bezala —Iraken gertatutakoa dute gogoan—.Beraz, militarki inbaditzeko erabakia hartuz gero NBEren babesean egingo lukete, aspertu arte errepikatzen ari direnez. Barack Obamak Etxe Zurira iritsi eta gutxira Nazio Batuen Erakundean esan zuen mezua praktikan jarri nahi du orain: «Joko multilateralaren taulara heldu gara». Hillary Clintonek ondotxo ikasita dauzka hitz horiek, Libiaz ari dela, eta haren ustez, esku hartzea izatekotan, ez da berehala izango. Gainera herrialde horretan AEBeei ez zaie komeni gidaritza hartzea.

AEBak ez dira Gaddafiren oso lagunak izan, eta Obamak ezin du telefonoa hartu eta hari hots egin, Hosni Mubararekin egin zezakeen bezala. Eta ez zaio komeni, Gaddafik herritarren artean suspertu nahi izan duen estatubatuarren kontrako mezua ez duelako elikatu nahi. Azken batean bere egitekoa da nazioarteak hartu behar dituen erabakien atzean egotea, baina gehiegi nabarmendugabe.

Errusia eta Txina dira ardi beltzenak, nazioarteko batasunari begira. Errusiak NBEren armen bahimenduarekin bat egin du —Gaddafiren hegazkin asko errusiarrak dira—, baina diktadorea erorita ere beste edozein gobernurekin negozioa berreskuratzeko ez luke arazorik, adituen arabera. Okupazio militar batek, ordea, tirabirak ekar diezazkioke Mendebaldearekin. Errusiarentzat kontua da nola egin Gaddafi boteretik joan dadin, baina Irak eta Afganistan bat probokatu gabe.

Txina ere irteera negoziatua eskatzen ari da azken egunotan. Uste du NBEren edozein ekintzak Libiaren subiranotasuna errespetatu behar duela, eta hori ez dela lortzen aire eremua debekatzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.