Mundua

Mumia Abu-Jamalek 60 urte bete ditu gaur; erdiak, preso

1981etik espetxean da ekintzaile afroamerikarra, eta 2011n heriotza zigorra bertan behera utzi ondoren, bizi guztiko espetxe zigorra du orain.

Mumia Abu-Jamal, 2011n epaiketa errepikatu zutenean.
jon ordonez garmendia
2014ko apirilaren 24a
21:31
Entzun

1954. urtean jaio zen, gaurko egunez, Filadelfian (AEB). Wesley Cook jarri zioten izena, baina Mumia Abu-Jamal da bera, giza eskubideen aldeko ekintzaile, kazetari eta idazle afroamerikarra. 1982. urtean heriotza zigorrera kondenatu zuten polizia bat hiltzea leporatuta, eta harrezkero preso dute. Espetxean bete ditu gaur 60 urte, aurreko azken 31 urtemugak bezala. Bizitza erdia baino gehiago darama preso.

Atxilotu aurretik kazetari lanetan jardun zuen, Fidadelfian. 14 urterekin hasi zen Pantera Beltzen Filadelfiako informazio arduradun modura. Pantera Beltzak utzi zituen gero, eta MOVE mugimenduko kide egin zen. Besteak beste, Filadelfiako Kazetari Beltzen Elkarteko presidente ere izan zen. Poliziaren indarkeriaren kontrako eta arrazismoaren aurkako artikuluak argitaratu zituen. Taxilari ere aritu zen.

Daniel Faulkner polizia hiltzea leporatuta, heriotzaren korridorean sartu zuten 1982an. Han heriotza zigorraren kontrako borrokaren figura nagusietakoa bilakatu zen Abu-Jamal, mundu osoan ikur. Ezkerreko mugimenduko edota globalizazioaren kontrako kideek hainbat eta hainbat kanpaina egin zituzten haren askatasunaren alde eta zigor mota horren aurka AEBetan eta munduan. Haren kontrako epaiketa ez zela justua izan salatu da maiz, arrazakeriak eta aurreiritzi politikoek baldintzatu zutela.

60tik 32 urte baino gehiago daramatza preso

Abu-Jamalen bizitza 1981eko abenduaren 1ean aldatu eta erdibitu zen. Faulknerrek Abu-Jamalen anaia William atxilotu zuen, autoa argirik gabe eta kontrako noranzkoan gidatzen ari zela egotzita. Mumiak epaiketan deklaratu zuen polizia anaia jotzen ikusi zuela eta hari aurre egitea erabaki zuela. Ondoren izandako borrokan, poliziak eta Mumia Abu-Jamalek tiroak jaso zituzten; azken horrek, bularrean. Faulkner hil egin zen, eta hilketa leporatuta jarri zioten heriotza zigorra Abu-Jamali, 1982an.

Mumiak hasieratik nabarmendu zuen beste pertsona batek egin ziola tiro Faulknerri, eta ihes egin zuela. 1999an Arnold Beverlyk aitortu zuen berak hil zuela polizia, ez Mumia Abu-Jamalek, eta horren abokatuek kasua berriro aztertzeko eskatu zuten; epaiketak testigantza hori aurkeztu zuten. Abu-Jamalen kontrako heriotza zigorra bertan behera utzi zuten 2011n, baina parte hartu zuelakoan bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zioten.

Bilkura gaur, Bilbon

Horrek ez du apaldu hura aska dezatela eskatzeko mugimendua. Gaur Euskal Herrian ere protesta egingo dute haren egoera salatzeko. "Heriotza zigorraren mehatxua gainditurik, orain bizi osorako zigorraren aurka borrokatzen jarraitzea eta Mumia espetxetik ateratzea da gure asmoa", diote Euskal Herriko Mumiaren Lagunak elkartean. "Agerikoa da haren delitua zera zela: kazetari eta idazle afroamerikar gisa egiari eutsi izana, gaztetan Pantera Beltza izatea eta MOVE erakundearekiko bere kidetzea adieraztea".

Abu-Jamalen urtemuga eta haren egoera salatzeko gaur 12:30ean bilkura bat egingo dute Bilboko Erriberako merkatuko oinezkoentzako zubian, "argazki bat atera eta Mumiari bidaltzeko asmoz". Izan ere, toki horretan 2011ko abenduan, bere atxiloketaren 30. urteurrenean eta heriotzaren zigorraren indargabetzearen harira, Erriberako Zubia Mumia Abu-Jamal zubia gisa izendatu zuen elkarte horrek. Euskal Herriko Mumiaren Lagunek, Komite Internazionalistek, Ixuxu Asturies-Euskal Herria Elkarteak eta Sare Antifaxistak antolatu dute bilkura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.