Eguzkia atera baino ordubete lehenago, egunsentiarekin, egiten dute eguneko lehen errezoa musulmanek. Ordurako, baina, lagun asko elkartu da plazan, bakar batzuk gau osoa eman baitute erresistentziaren epizentro horretan, eta beste asko goiz-goizetik bertaratu dira eguna noiz argituko zain, garaipenaren eguna noiz esnatuko zain. Zibilizazio zahar honen historian egun handia baita. Hemerzotzi egunean hiru hamarkadaz iraun duen diktadura ankerra amaitu du herriak, eta aurreneko aldiz denbora luzaroan demokrazia dute atarian. Hosni Mubaraken erregimena baino ezagutu ez duten gazteak izan dira iraultzaren ardatz, eta orain herriak batera ospatu du garaipena, faraoia bota eta astebetera.
Tahrir plazara sartzeko dokumentazioa erakustea ezinbestekoa da; soldaduak daude sarrera-irteera guztietan, tankeak alboan dituztela. Egoera, hala ere, lasaia da, eta festa ederra lehertu da Kairon. Garaipenaren Egunean klaxonak ohi baino maizagoak eta ozenagoak dira, eta leloak eta oihuak etengabeak. Martirien irudiak eskuetan dituztela bertaratu dira lagun asko, eta inoiz baino ikur gehiago daude plazan. Beltz, zuri eta gorri koloreko xingolak ere erruz ikus daitezke bazter guztietan. Iraultzaren izenean negozioa egiten arituko da bakarren bat; kamisetak, itsasgarriak, giltzatakoak, txapelak, kartelak... Izenik eman nahi ez duen gaztetxoa goizaldetik ari da itsasgarriak saltzen; bost liberaren truke (euro bat baino gutxiago) hiru itsasgarri. Astebete darama sosa batzuk atera nahian, baina konpetentzia handia dela dio, izkina guztietan ari baitira zer edo zer saltzen.
Errezoaren ordua
Eguzkiak bete-betean jotzen du, eta gerturatzen ari da errezorako ordua. Tahrir hartuta dago dagoeneko. Alfonbra txikiak paratu dituzte batzuek lurrean, beste batzuek aurretik irakurtzen aritu diren egunkaria. Mubarak beraren eta erregimeneko beste aurpegien gainean eseri da bakarren bat. Bezperako albistea jaso dute egunkari gehienek; ustelkeria leporatuta erregimeneko hiru ministro atxilotzeko agindua eman duela Fiskaltzak; Habib al Adli Barne ministro izandakoa, Ahmad al Magrabi Etxebizitzakoa eta Zoher Garana Turismokoa. Al Abli aurreko asteetako jazarpenaren erantzule nagusitzat jo izan dute —350 lagunetik gora hil dituzte protestetan—. Ahmad Ezz Alderdi Nazional Demokratikoko antolaketa idazkari eta parlamentaria izandakoaren etorkizuna ere ez da samurra izango. Erregimenaren izen inportantenetako bat da, eta, altzairuaren munduan dituen negozioei erreferentzia eginez, altzairuzko gizona esaten diote Egipton. Gerora zabaldu da laurak atxilotu egin dituztela.
Herriaren aldarrikapenak aintzat hartzeko prest dagoela erakutsi nahi izan du berriro armadak. Ezen emandako hitza beteko duela bermatze aldera adi ditu herritarrak. Trantsiziorako bideak etenik ez duela izango ziurtatzeko, ostiralero-ostiralero plazan elkartzea erabaki dute. Demokrazia ezartzeko bidean urrats gehiago egiteko eta diktadurako erantzuleak epaitzeko eskatu dute berriz ere herritarrek. Salbuespen Legea bertan behera uztea, preso politikoak askatzea eta teknokratez osatutako trantsiziozko gobernua eratzea dira egin dituzten eskaerak.
Jusuf al Karadaui imamak errezoa zuzentzeari ekin dio. Katarren egon da errefuxiatuta diktadura garaian, eta ongietorri beroa egin diote jaioterrian, aski estimatua baita arabiarren artean: Munduko Ulemen Kontseiluko presidentea izateaz gain, milioika jarraitzaile dituen telebista programa egiten du teologo horrek Al Jazeeran. Aurreneko hitzak gazteei egin dizkie. Iraultzaren protagonista izan direla-eta banan-banan eskuak musukatzea nahiko lukeela: «Nahi baduzue ahal duzue, eta zuen borondatea Jainkoaren borondatea da».
Abian dagoen prozesuarekiko konfiantza ere erakutsi du armadari erreferentzia eginez: «Armadarekin ez fidatzeko ohartarazi zidaten, dezepzionatu egingo nintzela bere jarrerarekin, baina herriaren beso bat dela erakutsi du». Sermoia egiteko plazaren albo batean ezarritako agertokitik mezu bat bidali dio, hala ere, armadari; oraina baino gehiago iragana ordezkatzen duen gobernu batek aska dezan herria, zibilez eratutako beste bat osatzeko.
Al Karadauiren hitzak isilean eta arretaz entzuten ari dira herritarrak, gehienak lurrean eserita, otoitzean, eta beste askok, zutik, batez ere plazaren alboetan eta inguruetan daudenak. Eta espero ziren hitzak etorri dira. Kristauen eta musulmanen arteko batasunerako deia egin du: «Iraultzaren garaipena egiptoar guztientzat da, ez soilik musulmanentzat. Iraultzan batu dira kristauak eta musulmanak, eta elkarrekin garaitu dute sektarismoa». Eliza kristauen kontra azken aldian izandako atentatuei erreferentzia egin die hitz horien bidez teogoloak, ezen herrialdeko %10ak dira kristau koptoak.
Plaza lepo
Sermoia amaituta, lurretik altxatu, eta festari ekin diote berriro herritarrek. Protestetako leloa aldatu dute doinu bera baliatuta; «Herrialdea garbitzea nahi du herriak». Duela astebetera arte «Erregimena amaitzea nahi du herriak?» oihukatzen zuten. Erregimenaren kontrako eta iraultzaren aldeko leloak eta testuak, martirien irudiak, turutak joka, herritarrak batetik bestera, haurrak eta helduak, gizon eta emakumeak, mundu bat iraultzaren plazan, eta gauera arte iraun du jaiak. Kairo osoa da festa, hurrengo egunera arte. Al Karadauiren hitzetan, ezin baita jada hurrengo egunsentia atzeratu, mundu arabiarra aldatu egin delako eta ezin delako historiaren kontra borrokatu.
Protestak herrialde arabiarretan
Mundu bat iraultzaren plazan
Tahrir plazan ehunka mila lagun elkartu dira Mubarak erori eta astebetera; demokrazia bermatze aldera, ostiralero bilduko diraAl Karadaui imamak musulmanen eta kristauen arteko batasunerako deia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu