Mundua

Munduko biztanleriaren erdia hirietan biziko da urtea amaitu baino lehen, eta aurrerantzean landa eremuetatik hirietara egiten den migrazioa areagotu egingo da, NBEren arabera.

2008ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Mundua hiri handi bat izango da, antza. Landa eremuetatik baldintza ekonomiko hobeagoen bila joandakoak hirietan pilatuz doaz, eta azken urteetako joera ikusita, datozenetan ere hiritartuko direnak are eta gehiago izango direla dirudi. Datuek hala diote behintzat: urtea amaitu baino lehen, munduko biztanleriaren erdia hirietan biziko da. Historian lehen aldiz, landa eremuetan eta hirietan pertsona kopuru berdina egongo da. Hala adierazi du Nazio Batuen Erakundeko Ekonomia eta Gizarte Gaietarako Departamentuak argitara eman duen txostenean.

Migrazio joera areagotuz doa, 2050ean munduko biztanleriaren %70 hirietan biziko baita.Egun 3.300 milioi lagun dira, baina, hemendik 42 urtera bikoiztu egingo da kopuru hori: 2050ean 6.400 hiritar izango dira munduan.

Kontinente garatuenetan-Europa, Ipar Amerika eta Ozeania- aldea aski garbia da. Aitzitik, Latinoamerika eta Karibean ere diferentzia handia dela azaldu du Hania Zlotnik NBEko departamenduko arduraduna. Asian eta Afrikan, berriz, biztanleriaren gehiengoa landa eremuetan bizi da, nahiz eta, datuak ikusita, datozen urteetan migrazioak egoera goitik behera aldatuko duen.

«Latinoamerikan mundu garatuan bezain beste jende bizi da hirietan». Ipar Amerikak baino ez ditu gainditzen Latinoamerika eta Karibeko datuak. Populazioaren %81,3 eta %78,3 hiritarrak dira, hurrenez hurren. Aitzitik, NBEk etorkizunera begira egindako aurreikuspenetan portzentaia horiek handituz joango direla jasotzen du. 2050ean Latinoamerikan eta Karibean ia hamarretik bat hiritartuko da.



MUNDUA PILATUTA. Lur eremu zabalak jendez husten diren bitartean, hirietan jende oldea pilatzen da. Zlotniken iritziz, ordea, biztanleriaren banaketak jasan duen aldaketak ez du zertan txarra izan, eta horregatik, datuak adierazgarriak izanagatik ere, landa eremuetatik hirietara egiten den migrazioa gelditzeko politikak martxan jartzea ez litzateke komenigarria izango.«Herrialdea behartsua bada ere, hirietan landa eremuetan baino zertxobait hobeto bizi da jendea». Zlotniken hitzetan, hiritar gehiago dituzten herrialdeek diru-sarreren maila handiagoa izan ohi dute, baita egonkortasun ekonomiko handiagoa ere.

Alabaina, hiriek ordenarik gabe, inolako aurreikuspen eta baliabiderik gabe egiten diete aurre landa eremuetatik iritsitako jende oldeari. Baliabide ekonomikoen bila joandako askok, ordenarik gabe hazi den hiria aurkitzen dute, maiz beren behar oinarrizkoenei erantzuteko gai ere ez direnak.



ETORKIZUNA: HIRIA. «Hirigintza areagotuz doa mundu osoan». Horren adibide Afrikak eta Asiak bizi duten prozesu bizia da. Zlotniken hitzetan, datozen 40 urteetan Afrikan hiritarren kopurua hirukoiztu egingo da. «340 milioitik 900 milioi izatera iritsiko dira». Halaber, biztanleriaren hazkundea bera baino handiagoa izango da hirietako hazkundea, eta beraz, desberdintasuna orekatzea ezinezko lana izango da. Fenomeno horren arrazoia argia da: hirietako jaiotza tasa landa eremuetakoa baino handiagoa izango da, eta migrazioek beren bidetik jarraituko dute.

Afrikak bezala Asiak ere -Txinak eta Indiak duten garapena dela medio, bereziki- hiritartze prozesua geldiezina jasango du. Txostenaren arabera, garapen bidean dauden herrialdeek biztanleriaren banaketa berrian zeresana handia izango dute. Herrialde garatuenek orain arteko migrazioari eutsiko diote bitartean.

NBEk egindako aurreikuspenetan oinarrituz Singapur, Hong Kong eta Macao bezalako estatuek osatzen duten zerrenda laster luzatu beharko da. Estatu horietan denak dira hiritarrak.



ZenBaKIa

19

Hiri handiak. Munduan hamar milioi pertsona baino gehiago dituzten 19 hiri daude. 2050ean hiri handien zerrenda 27k osatuko dute, ordea, NBEk biztanleriaren banaketaren gainean egindako txostenaren arabera.





HIrI HanDIenaK

Tokio (Japonia). 35,7 milioi.

New York (AEB). 19 milioi.

Mexiko Hiria (Mexiko). 19 milioi.

Bombay (India). 19 milioi.

Sao Paulo (Brasil). 18,8 milioi.

New Delhi (India). 15,9 milioi.

Shanghai (Txina). 15 milioi.

Calcutta (India). 14,8 milioi.

Dhaka (Bangladesh). 13,5 milioi.

Buenos Aires (Argentina). 12,8 milioi.

Los Angeles (AEB). 12,5 milioi.

Karachi (Pakistan). 12,1 milioi.

Kairo (Egipto). 11,9 milioi.

Rio de Janeiro (Brasil). 11,7 milioi.

Osaka (Japonia). 11,3 milioi.

Pekin (Txina). 11,1 milioi.

Manila (Filipinak). 11,1 milioi.

Mosku (Errusia). 10,5 milioi.

Istanbul (Turkia).10,1 milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.