Munduan beste asko bezala...

Auzitegiko mediku eta antropologoek bildutako frogak maiz erabili dira indarkeria politikoa aginte tresna gisa erabili dutenen aurkako epaiketetan.

Amagoia Iban
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Tortura, hilketa eta desagerrarazteak ez dira ipuinak, izuen gordelekuetan barrena zabalduriko errealitate gordina baizik. Lehen eta orain. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Auzitegiko medikuek eta antropologoek froga zientifikoaren mailara eraman dute ankerkeriaren kontaketa. Aranzadikoek 36ko gerrako gorpuak lurpetik, Francisco Etxeberriak Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren kasua kare bizi artetik nola, hala atera izan dituzte EAAFeko kideek historia beltzaren arrastoak, bost kontinenteetan. Eta eskola sortu dute (Francisco Etxeberria bera lekuko). Hona hemen lan horren adibideetako batzuk, munduan beste asko bezala:

El Salvador

Napoleon Duarteren gobernuak eraso militar handi bat hasi zuen 1981eko abenduaren hasieran, Morazan departamenduko gerrilla ezabatzeko. 792 hildako zibil utzi zituen eraso hark, 10 urtetik beherako umeak ziren haietarik 326. Hildako gehien El Mozoten izan zen, El Mozoteko sarraskia izenarekin ezagutzen dira ordukoak. Armadako eliteko indar bategin zuten errudun nagusi lekukoek: Atlacatl Batailoia. Herritarrak plaza nagusian bildu, gizonezkoak emakume eta haurrengandik bereizi, emakumeak bortxatu, eta matxetez eta su armez hil zituzten denak. El Salvadorko Gobernuak salaketa guztiak ukatu zituen. Baita AEBetako Estatu Departamentuak ere. Agintariek ez zuten gorpuak lurpetik ateratzeko baimenik ematen. 1992an EAAFekoak bertara joan ziren, auzitegi ikerketa gidatzera eta bertako profesionalak trebatzera. Herriko eliza ondoko eraikuntza hondar batzuetan egin zuten indusketa: 143 hezurdura (12 urtetik beherako umeenak 131), 263 bala zati eta 245 kartutxo atera zituzten. Lan hari esker, frogatutzat jo zuten sarraskia izan zela eta Atlacatl batailoiak egin zuela.

Etiopia

1974an, Haile Selassie enperadorea eraitsi zuen iraultzarekin, Mengistu Haile Marian koronela jarri zen herrialdeko buru. Alderdi bakarreko erregimena ezarri zuten hurrengo 17 urteetan, eta 1977an, Addis Abeba hiriburuan bakarrik, 10.000 hilketa agintzea leporatu diote. 1976tik 1978ra bitartean, Izu Gorria izeneko kanpaina abiarazi zuen gobernuak, polizia eta armada indarrek jazarpena herrialde osora zabal zezaten. 1991n galdu zuen boterea Mengistuk, eta 1992an hasi ziren aurreko erregimenaren krimenak ikertzeko lanak. EAAFeko hainbat kide 1993, 1994 eta 1996an izan ziren Etiopian lanean. Iparraldeko Tigrey eskualdeko Hawzien hirian zibilak bonbardatu zituzteneko auzia (2.000 pertsona inguru hil zirela uste da) ikertu zuten. Bonba arrastoak eta hezur hondarrak nahastuta aurkitu zituzten aukeratutako hiru indusketa guneetan. Horretaz gain, herrialdeko hainbat espetxetan atxilo zeuden 30 lagunen gorpuzkiak Addis Abebako zerbitzu sekretuetako gune militar bateko hobi komunean aurkitu zituzten. Hezurdura guztiek nylonezko soka berde bana zuten lepo bueltan. Itota hil zituzten. Horiek eta beste hainbat froga oinarri hartuta, aurreko erregimeneko 5.000tik gora kide auzipetu zituzten, genozidio eta gerra krimenengatik. 2.000tik gora kartzelan daude 1992tik. Gainontzeko gehienek, ihes egin zuten; Mengistu koronelak ere bai.

Kurdistan

1988ko otsaila eta iraila bitartean, Irakeko gobernuak Anfal kanpaina jhasi zuen bere menpeko lurraldeetako kurduen aurka. Operazio horren barruan, herrixkak bonbardatu (zenbaitetan arma kimikoekin) eta herritarrak exekutatu zituzten. Giza eskubideen aldeko erakunde zenbaiten esanetan, 80.000 pertsona inguru «desagerrarazi» zituzten. 1991n, Irakek Golkoko gerra galtzean, kurduek euren aurkako jazarpenari buruzko agiri ofizialak eskuratu zituzten. 1992an, EAAFekoak Iraken menpeko Kurdistanera joan ziren, nazioarteko ordezkaritza baten barruan. Koreme herrixkako sarraskiaren frogak bildu ahal izan zituzten. 150 nekazari familiak osatutako herrixka hura bonbardatu ostean, beren buruak entregatu zituzten herritar gizonezko gazte guztiak exekutatu eta lurperatu zituzten, eta emakume, haur eta adinduak preso hartu. Gizonezko gazteak lurperatu zituzten hobia aurkitu eta ikertu zuten EAAFekoek 1992an. 27 gorpuzki zeuden, guztiek zeuzkaten bala zuloak.

Ekialdeko Timor

1991ko azaroaren 14an, 50 eta 100 pertsona artean hil zituzten Indonesiako indar armatuek EkialdekoTimorko hiriburuan, Dilin, Santa Cruz hilerrian. Indonesiako tropek urriaren 28an hila zuten Sebastiao Gomes Rangel gazteari segizioa egitera joanak ziren ehunka lagunen aurka egin zuten tiro soldaduek, zaurituak ere asko izan ziren. Agintariak gertatutakoa zuritzen saiatu ziren, segizioko kideak soldaduei oldartu egin zitzaizkiela esanez. Lekuko guztiek beti ukatu izan dute hori. 2006an, EAAFeko kideak Dilira joan ziren, ikerketa hastera, bertakoek deituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.