Munduko batez besteko tenperaturak lehen aldiz gainditu du bi graduko igoera

Copernicusek egindako neurketaren arabera, aurreko ostiralean, azaroaren 17an, 2,06 gradu beroagoa izan zen airearen tenperatura, industria aurreko arokoarekin alderatuta.

Suteak Brasilen
Sute handiak izaten ari dira egunotan Brasilgo istingadi handian. Irudia joan den larunbatekoa da, Miranda hirian. ISAAC FONTANA / EFE
inaki petxarroman
2023ko azaroaren 20a
16:13
Entzun

Markak hausteko urtea izango da 2023a, klima larrialdiari dagokionez. Ekainetik urrira, hilez hil gainditu da hil bakoitzeko batez besteko tenperaturarik beroena. Gainera, uztaila izan da inoizko hilabeterik beroena. Azaroak beste errekor bat utzi du, Europako Batasuneko Copernicus behategiaren datuen arabera. Lehen aldiz gainditu da, egun batez, bi graduko tenperatura igoera industria aurreko aroarekin (1850-1900) alderatuta.

Azaroaren 17an, 2,07 gradu beroagoa izan zen batez besteko tenperatura. Eta larunbatean, berriz, 2,06 beroagoa. Geroztik, jaisten hasi da termometroa, iturri beraren arabera, eta bi graduko langaren azpitik jarri da harrezkero.

Copernicusek X sare sozialean eman du gaur horren berri.

Parisko Hitzarmena, urrun

Bestalde, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Ingurumenerako Programak gaur aurkeztu du 2023ko isurketen arrakalari buruzko txostena, eta horretan atera duen ondorio nagusia da munduak oraindik asko falta duela berotzea gehienez 1,5 gradukoa izan dadin. Gehienez bi gradukoa izatea ere oso zaila da, txostenaren arabera. Orain arteko politikei eutsiz gero, mende amaieran 2,9 gradu beroagoa izango da munduko batez besteko tenperatura. 2021etik 2022ra %1,2 handitu ziren berotegi gasen isurketak, eta 57,4 gigatona baliokide isuri ziren. Herrialdeek hartutako konpromisoak betez gero, 2,5 gradura mugatuko litzateke munduaren berotzea, eta, zero isurketako promesak beteko balira, 2050erako bi gradura mugatuko litzateke gehienezko berotze hori.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.