Munduko Elikadura Programak irabazi du Bakearen Nobel saria

Munduko gosea desagerrarazteko egindako lanagatik saritu dute erakundea. COVID-19aren pandemiak sortutako egoerara moldatzeko izan duen gaitasuna azpimarratu du epaimahaiak

Munduko Elikadura Programak Afganistanen banatutako elikagai batzuk. JALIL REZAYEE / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Munduko Elikadura Programak nazioen senidetasunaren alde egiten du lan egunero, Alfred Nobelen azken nahiak betez». Horrelaxe jakinarazi du Bakearen Nobel sariaren epaimahaiak Munduko Elikadura Programakirabazi duela 2020ko Bakearen Nobel saria. «Munduko gosea desagerrarazteko egindako ahaleginagatik» saritu dute erakundea; izan ere, joan den urtean 88 herrialdetako 100 milioi pertsonari lagundu zion programak. Horrez gain, nabarmendu du zer-nolako gaitasuna izan duen Munduko Elikadura Programak egoerara moldatzeko, koronabirusaren pandemiak «gosearen biktimen gorakada» ekarri badu ere.

Gosea desagerraraztea Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat dela gogorarazi du epaimahaiak, eta azaldu du 2019an 135 milioi pertsona zeudela egoera larrian elikadura segurtasunik eza zela eta;«azken urteetakozenbakirik handiena». Datu horiek hein handi batean zenbait lurraldetako indarkeriaren ondorio direla adierazi du Bakearen Nobel sariko epaimahaiak; gosearen eta gatazkaren arteko harremana «gurpil zoroa» dela iritzi dio. Bat etorri da Munduko Elikadura Programa, «bakea eta goserik eza eskutik» doazela argudiatuta.

«Nazioarteko elkartasunaren eta alde anitzeko lankidetzaren beharra inoiz baino agerikoagoa da», adierazi du Nobel Sariaren Batzorde Norvegiarrak. Hain zuzen,«gosea gerrarako eta gatazkarako arma» gisa erabiltzea galarazteko Munduko Elikadura Programak egindako lana goraipatu du.

Epaimahaiak sari banaketa aprobetxatu nahi izan du Munduko Elikadura Programak eta bestelako erakunde humanitarioek beharbesteko diru funtsak jaso ditzatela eskatzeko; hori gertatuezean mundua «neurri pentsaezineko gose krisi baten atarian» egon litekeela adierazi du. Yemen, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Nigeria, Hego Sudan eta Burkina Faso aipatu ditu, hango egoera larriaz ohartaraziz.

Gosearekin, bakerik ez

Munduko Elikadura Progamak, berriz, «munduan gose diren 690 milioi pertsonek bakean eta goserik gabe bizitzeko eskubidea» dutela aldarrikatzeko baliatu du saria.

Jasotako errekonozimenduakgatazka dagoen lekuan gosea dagoela gogorarazteko balio izan duela adierazi du David Beasley erakundeko zuzendari exekutiboak: «Gatazka dagoen lurraldean, gosea dago. Eta gosea dagoen lekuan, gatazka dago maiz. Gaurkoa oroigarri bat da, elikadura segurtasuna, bakea eta egonkortasuna batera doazela. Bakerik gabe, ezin dugu bete gosea desagerrarazteko gure helburua, eta gosea dagoen artean, ez da bakerik izango munduan».

Beasley zuzendari exekutiboak «esker onez eta hunkituta» hartu du saria. Errekonozimendu hori «askotan lur jota bukatzen badute ere egunero-egunero ehun milioi haur, gizon eta emakumeri elikagaiak eramateko lan gogorra egiten duten langileentzat» dela gehitu du.

Nobel sariak Munduko Elikadura Programaren lana soilik ez, zaurgarrienen alde lanean ari diren beste hainbat erakunde, gobernu eta entitate pribaturen lana ere aintzatesten duela adierazi du Beasleyk: «Ziurrenik ez ginen inori laguntzeko gai izango haiek gabe».

Elikagaiak, kaosaren txerto

Pandemiaren eragina izan da sariketako protagonistetako bat. Alde batetik, epaimahaiak azpimarratu du programak jakin duela erantzuten pandemiak eragindako «elikadura-segurtasun faltaren gorakadari».

«Txerto mediko bat izan artean, janaria da kaosaren aurkako txertorik onena», adierazi zuen Munduko Elikadura Programak, eta esaldi hori bere egin du epaimahaiak saria banatzerakoan.

Bestela ere eragin dio pandemiak sariketari, ordea. Sari banaketa fisikoa oraindik ez da egin: abenduaren 10ean izango da. Aurtengoa, baina, ez da ohiko lekuan egingo, Osloko (Norvegia) udaletxean, 1990etik lehen aldiz.Osloko Unibertsitateko AretoNagusian izango da, 1947ko eta 1989ko aldietan bezala, jende gutxiago sartzen delako han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.