arropuzkeriaz agintzen duenari umiltasuna falta ohi zaio, jakina, baina baita besteengan ikusten dituen akatsak bere buruan ikustea eta onartzea ere. Ugariak dira AEBek gabezia horiek nabarmen dituela dioten ahotsak. Etxe Zuriak, ordea, entzungor egiten die. Nahiago du hatz erakuslea besteengan jarri. Okerrena behatzaren atzetik datorrena edota etor daitekeena da, hots, urteetako bahimendu ekonomikoak, eraso prebentiboak, inbasioak... Orain arte Bushek Gaizkiaren ardatza delakoan zerrendatuta zituen «etsairik» behinenak. Denborak eta egoerak aldatzen dira, ordea, eta bese ekarpen bat egin du Estatu idazkari izango den Condoleezza Ricek: Tiraniaren aurrelerroa.
«Munduan tiraniaren aurrelerroak geratzen dira, eta Amerika [AEBak] jende zapalduaren ondoan dago kontinente guztietan... Kuba, Birmania, Ipar Korea, Iran, Bielorrusia eta Zimbawen». Estatu horietan «askatasuna bultzatu» behar dela esan zuen Ricek, haiekin zer neurri hartuko duten zehaztu gabe.
-bielorrusia. AEBek behin eta berriz kritikatu dute Alexander Lukashenko presidentea, «adierazpen, prentsa eta elkartzeko askatasunak murriztea» egotzita. 1994an hautatu zuten lehen aldiz Lukashenko, baina Etxe Zuriak ondorengo bozetako emaitzak ez ditu onartzen. «Ricek Bielorrusiaz duen irudia errealitatetik aski urrun dago», erantzun du berriki Atzerri Ministerioak.
-birmania. Duela 40 urte baino gehiago diktadurapean, 1990eko bozetan garaile atera zen Aung San Suu Kyi etxean atxilotuta dauka Gobernuak. AEBek diote hark giza eskubideak urratzeaz gain, demokraziaren aldeko ekintzaileak eta gutxiengo etnikoak jazartzen dituela. Gainera, «legez kanpoko drogen ekoizle handitzat» jo du.
-ipar korea. «Iranek bezala, Ipar Koreak ere arma nuklearrak edukitzeko asmoak baztertu eta bakearen bidea hartu behar du. Piongiangek ulertu behar du haren zeinahi ekintzari aurre egiteko disuasio indarra dugula», esan zuen Ricek. Ipar Koreak honela erantzun zuen: «AEBetako Armada erasotzailea, okupatzailea eta giza eskubideen urratzailea da. Irain bat da AEBak beste estatuen giza eskubideen alorrean sartzea. Hego Korean 1.600 krimen eta Guantanamoko preso ugari torturatu egin dituzte».
-iran.Arma nuklearrak ekoizteko asmoarekin segitzen duela eta oposizioa jazartzen duela leporatu diote AEBek Teherani.
-kuba. 1959ko iraultzatik uharteari ezarritako bahimendua eta bestelako neurriak gogortu ditu Bushek azkenaldian. Etxe Zuriak «erreforma baketsuak eta preso politiko guztiak askatzea» exijitzen dio.
-zimbawe. AEBek diote agintean segitzearren oposizioaren kontrako indarkeria kanpaina daramala Robert Mugabe presidenteak. Honek dio Zimbaweko kaos ekonomiko eta politikoaren erantzuleak AEBak eta Londres direla.
-zerrendatik at. Ricek ez du Venezuela Tiraniaren aurrelerroa-n sartu, baina «Hego Amerikarako indar negatibotzat» jo du Hugo Chavez presidentearen gobernua. «Latinoamerikan demokratikoa ez den erregimen bakarra, Kuba, laguntzat hartzeagatik eta oposizioa ezabatzeko Chavezek hartutako neurriengatik» gaitzetsi zuen Ricek hura. Haatik, AEBetako senatari errepublikano Lincoln Chafeek «herri venezuelarraren aurkako errespetu faltatzat» jo zituen alderdikidearen hitzak. Nolanahi ere, AEBetako senatari errepublikanoak zein demokratak bat datoz AEBek beren petrolio kontsumoaren %15 bermatzeko, Venezuelaren petrolioaren beharrak sortutako urduritasunean.
Bestalde, Ipar Korea eta Iranekin osatzen zuen Gaizkiaren ardatzetik kendu dute AEBek Irak, 2003ko martxotik hura askatze bidean jarri dutelako, nonbait.
BUSHEK KARGUA HARTU DU
Munduko 'gaiztoak'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu