Munduko sabaia, erraldoiaren menpe

Txinak hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio torturak salatu dituen arte saltzaile eta ekologista tibetar bati; azken bi urteetan gutxienez 50 artista eta pentsalari tibetar atxilotu ditu Gobernuak.

Ane Urrutikoetxea.
2010eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Dalai-lamaren lurralde misteriotsu eta sakratuak bake gutxi ezagutu du azken bi mendeetan. Munduko lekurik garaienaren patua eskuz esku ibili daXX. mendearen hasieratik. Orain, dalai-lamak erbestetik etsipenez ikusten du nola Txinak mendeetako ohiturak eta kultura aitzindaria suntsitzen dituen.Erraldoiaren menpe, garai batean nazioa izan zen autonomiako biztanleak erbestean edo zapalduta bizi dira. Karma Samdrup arte saltzaile eta ekologista tibetarrak jaso du azken kolpea. Txinako Gobernuak hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio torturak salatzeagatik.

Azken bi urteetan tibetar batijarri dioten zigorrik gogorrena izan da. Lapurtutako antzinako artelanak saldu izana leporatu dio Gobernuak Karmari. Ez da horretaz akusatzen duten lehen aldia. Pu Zhiquiang abokatuaren esanetan, 1998an salaketa berdina erabili zuten ekologista atxilotu eta torturatzeko. Ondoren, karguak indargabetu eta kasua itxi egin zuten. Baina aurten, Karma eta haren bi anaiek Poliziaren aurkako salaketa ezarri zuten babestutako espezieak ehizatzeagatik, eta kasua ireki zuten berriz. «Epaia erabat irregularra izan da. Polizia ni eta nire bezeroaren arteko elkarrizketetan egon da une oro, eta epaian ez da itzultzailerik izan», adierazi du abokatuak.

Ekologistak epaiketan salatu ditu torturak: «Fikzioa gainditzen duten gauzak egin zizkidaten. Ehunka metodo eta tresna, drogak... denetarik erabili zuten aitortza ateratzeko». Abokatuak adierazi duenez, Karmak 20 kilo galdu zituen, jatekorik ematen ez ziotelako: «Epaiketan salaketa faltsuak eta azken uneko testigantzak erabili dituzte». Karma ekintzaile eta filantropo famatua da. 2006an Gobernuak urteko filantropo izendatu zuen, eta arrakasta Txinako erregimenak «denak berdinak» egiten dituelako zela adierazi zuen.

Atxilotuak eta desagertuak

Azken bi urteetan 50etik gora artista eta pentsalari tibetar kartzelatu eta desagerrarazi dituzte. 2008an Pekingo Olinpikar Jokoetan etnien arteko liskarrak izan ziren Lhasan, eta hogei bat lagun hil ziren. Orduz geroztik, Txinak zorrotz kontrolatu ditu tibetarren mugimenduak.

Dalai-lamak 1959an egin zuen ihes Tibetetik, bere gertukoekin batera. Indiak harrera egin zien, Dharamsala hiria eskainiz. Bitartean, Txinak erreforma ugari egin zituen Tibeten. Ordura arte hierarkian bizitako jauntxo eta nekazariek komunismora moldatu behar izan zuten, eta horrek aldaketa ekonomiko handiak ekarri zituen biztanleentzat. Dena den, budismoaren eta tibetarren kultura eta ohituren aurkako erasoak ez dira eten orduz geroztik.

Tibetar askok Dharamsalara egin dute ihes azken urteetan. Hiriak aparteko loraldia bizi du, dalai-lamaren presentziak, paisaia exotikoak eta eguraldi onak turistikoki oso erakargarri bihurtu dutelako. Indiak errezeloz begiratzen dio hiriaren etengabeko garapenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.