Alpeetatik pasatuta, Europa Iparraldea eta Hegoaldea 20 minutuan lotuko ditu San Gotardoko tuneletik joango den abiadura handiko trenak. Europako garraio ardatzik garrantzitsuenetakoa trenbidez hornitzera dator, hala, tunela. Ardatz horretako garraioen %80 pasatu egiten dira Suitzatik, gelditu gabe. Paso hori "errazteko" asmoz egin dute trenbidea Suitzan, 11.000 milioi euroko aurrekontua oso-osorik beraiek ordainduta.
Urtero bost milioi auto eta 900.000 kamioi pasatzen dira, gaur egun, 1882tik Göschenen eta Airolo lotzen dituen 15 kilometroko San Gotardo tuneletik. Gaur ireki duten tunela, aurreko horren azpitik pasatzen da.
Tunela zenbakitan
57,1 kilometroko luzera du, eta 2,3 kilometro lurpetik doa bere gunerik sakonenean.
17 urte pasatu dituzte egiten, eta 28,2 milioi tona harri atera dituzte lurpetik. 2.400 langile aritu dira horretan, hiru txandatan; denen artean egunean 24 ordu eta astean zazpi egun osatuz.
290 kilometro errail jarri dituzte, eta 380.000 trebesa.
325 tren ibili ahalko dira egunean; 260 merkantziazkoak eta 65 bidaiarienak; aurrenak 160 kilometro orduko abiaturan, eta bigarrenak 200 kilometro ordukoan (250 kilometro orduko lortzeko aukerarekin).