Katalana izan da gaur arte Katalunian irakats-hizkuntza bakarra. Egoera hori, dena den, aldatzear dago. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak egungo murgiltze eredua babestu du, baina, euren seme-alaben irakats-hizkuntza gaztelania izatea eskatu duten familiei gaztelaniazko hezkuntza bermatzera behartu du Generalitatea. Askok arnasa hartu dute epaileen erabakia jakindakoan, egungo ereduan ez duela aldaketarik eragingo iritzita. Artur Mas Kataluniako presidentea izan da horietako bat: «Murgiltze eredua mantendu egiten da. Ginen toki berean gaude, eta ez gara hemendik mugituko. Hau da eredu ona, arrakastarena». Beste askok, ordea, kritikatu dute gaztelania ere irakats-hizkuntza bilakatuta egungo eredua hausteko atea ireki dutela.
Bi egun eman dituzte epaileek hausnartzen, eta auzitegiko 24 epailetatik 21ek babestu dute autoa. Beste batek boto partikularra eman du, Generalitateak ezarri zuen helegitea guztiz babesteko eskatuz, eta bi epaile ez dira azaldu. Gaztelania hutsez azaldu dute erabakia: Generalitateari esan dio seme-alabek gaztelaniazko hezkuntza jasotzeko eskubidea eskatu zuten familien eskaera bete behar duela, baina zehaztu du ez diola erreferentzia egiten Kataluniako hezkuntza sistema osoari. Kataluniako hezkuntza osoan gaztelaniaren erabileraren inguruan ezin duela erabakirik hartu esan dute Auzitegi Nagusiko epaileek, eta hori Gorenaren eskumena litzatekeela zehaztu dute.
Espainiako Auzitegi Gorenak 2010eko abenduan dardarka jarri zuen Katalunian hezkuntza sistema, hiru sendik aurkeztu zuten errekurtsoari arrazoia emanez, gaztelania, katalanaren pare, irakats-hizkuntza izateko neurriak hartzera behartu baitzuen Generalitatea. Murgilketa sistema konstituzioaren kontrakotzat jo zuten epaileek, gaztelania «baztertzen» zuela argudiatuz. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, berriz, bi hilabeteko ultimatuma ezarri zion uztailean gobernuari Gorenaren sententzia betetzeko. Generalitateak helegitea aurkeztu zuen, bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatzeko egungo ereduarekin jarraitzea «beharrezkoa» dela arrazoituz.
Pedagogoek eta hizkuntzalariek murgiltze ereduaren eraginkortasuna bermatu dute hainbat ikerketatan. Generalitateak argitaratu dituen datuen arabera, Kataluniako eskoletan ikasten duten haurren gaztelania maila Espainiako edozein autonomia erkidegotako haurren mailaren «parekoa edo hobea» da. Quebeceko (Kanada) murgiltze sistemaren defendatzaile Wallace Lambertek esana da gizarte batek elebiduna izan nahi badu gizartean ahulena den hizkuntzari presentzia handiagoa eman behar zaiola hezkuntzan. Gizartean ere erabateko onarpena dauka ereduak, eta iazko irailaren 11, Kataluniako Diadaren eguna, horren adibide izan zen: milaka herritarrek kalera jo zuten murgilketa sistemaren defentsan.
Ultimatuma bertan behera utzi du auzitegiak orain, baina Hezkuntza Sailari gogorarazi dio ez duela Gorenaren sententzia bete izanaren bermerik eman, sendi horiei gaztelaniazko hezkuntza ematera behartzen zuena, hain justu. Horregatik, autoa mantendu du, baina sendi horien «egoera juridiko berezia» onartuta.
Gobernua pozik erabakiarekin
CiUren gobernuak arnasa hartu du erabakiaren berri jakin duenean. Irene Rigau Hezkuntza sailburuak esan du ebazpena «atsegin handiz ospatuko» dutela. «Kezkatuta geunden, norbanako batzuek egin zituzten salaketek hezkuntzan eredu aldaketa bat ekarriko ote zuten, baina hori ez da gertatu». Ebazpena legebiltzarraren eta haren subiranotasunaren garaipen gisa interpreta daitekeela gaineratu du.
Murgiltze eredua zalantzan jarri ez izana ospatu du Rigauk. Artur Masek ere pozik hartu du epaia. Errekurtsoa jarri zuten familiei epaileek gaztelaniazko hezkuntza jasotzeko eskubidea onartu izanak ere ez du kezkatzen presidentea. «Salbuespenak egungo legeetan aurreikusten dira. Zerbait findu behar bada, egingo da».
PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak ere esan du ebazpena bermea dela murgiltze ereduarentzat. ERC alderdi errepublikanoak, ICV ekologistak eta SI independentistak, berriz, mesfidati hartu dute erabakia. ERCko presidente Oriol Junquerak esan du epaileen autoak «zalantzak» sortzen dituela, eta hezkuntzan izango duen eragina argitzeko eskatu diote Rigauri. CiUren Espainiako Kongresuko ordezkari Josep Antoni Duran i Lleidak, bestetik, murgiltze sistema onartzeko eskatu die PPri eta Ciutadansi.
Bestalde, gaztelania irakats-hizkuntza izatea eskatzen duten gurasoak ordezkatzen dituen CCC Kataluniako Elkarbizitza Hiritarrak elkarteak helegitea aurkeztuko duela jakinarazi du. Elkartearen abokatu Angel Escolanok esan du ez dela bete gaztelania irakats-hizkuntza bilakatzeko agintzen zuen Gorenaren ebazpena. «Erabakia kontraesankorra da. Izan ere, hala eskatzen duten familiei gaztelaniazko hezkuntza ematea biltzen badu ere, herritarren oinarrizko eskubideak bete daitezen justiziarengana jotzera behartzen ditu».
Ez da Kataluniako Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurka altxa den ahots bakarra. Izan ere, epaileek murgiltze eredua babesten dutela esan badute ere, hiru familia horiei gaztelaniazko hezkuntza ematera behartzeak egungo eredua kolokan jartzen duela uste du batek baino gehiagok. Carme Laura Gil 1999tik eta 2003ra bitartean Hezkuntza sailburu izan zenak ohartarazi du gizartearen bat etortzea haustear dagoela. Epaileek gaztelania ere irakats-hizkuntza bilakatuta egungo murgiltze eredua arriskuan jartzen dela dio. Gilen ondorengo izan zen Josep Bargallok ere esan du gaztelania irakats-hizkuntza bilakatzeko zirrikitu bat ireki dela eta hori handitzea saihestu behar dela.
Murgiltze ereduari baldintzak jarri dizkio Auzitegi Nagusiak Katalunian
Murgiltze eredua babestu dute epaileek, baina gaztelaniazko hezkuntza ematera behartu du gobernua, hala eskatu duteneiGaztelania irakats-hizkuntza izatea eskatu zuten hiru familiek helegitea jarriko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu