Mohamed Mursi presidente ohiaren alde Anaia Musulmanek antolatutako ekitaldi bat egin zuten atzo Egiptoko islamistek Kairo hiriburuan, eta, aurreko egunetan bezala, istiluak izan ziren manifestarien eta militarren artean. Anaia Musulmanen buruek salatu dutenez, soldaduek tiro egin zuten protestarien kontra, martxa Qaliubeko errepidetik igarotzen ari zenean. Mursiren kontrako ekintzaileak ere zain zituzten islamistak Xubra al-Khaima auzunean. «Baltaguiia (bizkartzain) talde batek harriak jaurti zituen manifestazioaren kontra, eta dozenaka lagun zauritu ziren eraso horretan», esan zuten Anaia Musulmanek sare sozialetan. Hixam Barakat fiskal berriaren izendapena salatu nahi zuten islamistek atzoko protestarekin.
Bestalde, istiluak izan dira Mursiren aldeko eta kontrako manifestarien artean hiriburuan, Tahrir plazan, Xubra al-Kheiman eta Heliopolisen. Rabea al-Adawija ospitaleko bozeramaile Hixam Ibrahim medikuaren esanetan, 40 zauritu baino gehiago artatu zituzten atzo. Segurtasun indarrek gaineratu dute lau bat pertsona hil zirela atzo Tahrir plazaren inguruetan gertatutako istiluetan.
Auzitara joko dute
Mursiren senideek iragarri dute auzitara joko dutela Abdel Fattah al-Sisik gidatutako estatu kolpearen kontra egiteko. Egiptoko armadak presidente ohia «bahitu» zuela eta horren erantzule nagusia Al-Sisi dela diote. Hori dela eta, auzibidean jarriko dute armadako buruzagia, bai Egipton baita atzerrian ere: «Egiptoko legezko presidentea da Mursi, eta bere borondatearen kontra atxiki izana giza eskubideak zein askatasun oro urratzea da», adierazi zuen atzo Osama Mohamed-ek, Mursi presidente ohiaren semeak. «Semea izateaz gainera, presidentearen abokatu ere banaiz aspalditik, eta militarren estatu kolpeaz geroztik ez dut harekin harremanetan jartzeko aukerarik izan», salatu zuen. Mursiren osasun egoera «ona» dela gaineratu dute senideek ohar batean.
Mursiren aldeko ekitaldi bat tiroz desegin dute Egiptoko militarrek
Lau hildako eta dozenaka zauritu izan dira islamisten eta militarren aldekoen arteko istiluetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu