Duela lau urteko matxinadak hasitako zikloa guztiz ixteko, beste urrats bat egin du Egiptok. Lehenengoa orain bi urteko estatu kolpearekin egin zuen, hauteskunde bidez aukeraturiko lehen estatuburua, Mohamed Mursi, kargugabetuta eta atxilotuta. Hiltzera kondenatu zuen auzitegi batek maiatzaren 16an, eta, atzo, zigor auzitegiak berretsi egin zuen epaia. 2011n preso zegoen kartzela batetik ihes egiteko matxinada bat antolatzea egotzi diote. Mursirekin batera, Anaia Musulmanen beste ehun bat kide kondenatu dituzte, tartean Mohamed Badie buruzagi espirituala. Aurretik, beste auzi batean, bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diete presidente ohiari eta beste hamasei laguni, espioitza eta Egipton erasoak antolatzeko atzerriko taldeekin elkarlanean aritzea egotzita.
Nahiz eta muftiak —Egiptoko buruzagi erlijioso gorenak— sententzia ontzat eman duen, azken helegitea jartzeko aukera dute Mursik eta gainerako kondenatuek. Denera, 136 lagun zigortu dituzte, baina horietako asko ihes eginda daude, eta in absentia epaitu dituzte.
Kargurik aurkeztu gabe atxilotu zuten Mursi 2011n, Hosni Mubaraken 30 urteko agintaldia erorarazi zuten protesten lehen egunetan. Wadi Natroun presondegitik ihes egitea lortu zuen, ordea, jende multzo bat espetxean indarrez sartu eta zaindariak menderatzean. Al-Jazeera kateari eman zion istiluen berri, eta ez kargua hartu aurretik, ezta ondoren ere, auzitegiek ez zioten sekula konturik eskatu.
Epaia eman aurretik, Xaban Al-Xamy epaileak Anaia Musulmanei egotzitako krimenak zerrendatu ditu: «Anabasa hedatu eta Egiptoko Estatua suntsitu nahi dute». Epailearen arabera, akusatuak militanteekin elkarlanean aritu ziren kartzelako ihesaldia prestatzeko.
Askatasuna eta Justizia alderdiko kide nabarmenei ere heriotza zigorra berretsi diete. Anaia Musulmanen adar politikoa da alderdia. Tartean daude Saad al-Katatni eta Essam al-Arian, alderdiko presidente eta presidenteordea, hurrenez hurren.
«Iruzurra eta baliorik gabekoa». Hitz horiekin deskribatu dute Anaia Musulmanek auzia, eta etzi protesta egitera deitu dute. Sententziak betez gero, eta Mursi eta kofradiako beste buruzagiak exekutatuz gero, adituek ohartarazi dute jarraitzaile islamisten artean haserrea azkar zabalduko litzatekeela, eta liskarrak kontrolatzeko zailtasunak izan litzakeela gobernuak.
Polizia akademian egin dute epaiketa, Kairoko aldirietan. Auzitegi barruan, kaiola handi batean entzun dute epaia akusatuek. Eskuaren lau hatzak erakutsita, islamisten protesta keinua egin dute, eta gobernuaren aurkako aldarriak oihukatu dituzte.
Beste auzi batean, Mursiri berari eta beste hamasei laguni bizi guztiko espetxe zigorra ezarri diete, espioitza eta atzerriko taldeekin elkarlanean aritzea leporatuta. Epaiaren arabera, Egipton erasoak egiteko helburua zuten kondenatuek, eta Anaia Musulmanek Hamas Palestinako erakundearekin lan egin zuten horretarako.
Auzi horretan, Badie, Katatni eta Al-Arian ere bizi guztiko espetxealdira zigortu dituzte. Anaia Musulmanen buruzagi Khairat al-Xaterri, Mohamed al-Beltagiri eta Ahmed Abdelatiri, berriz, heriotza zigorra ezarri diete.
Militarrek kolpea eman zutenetik kartzelan dago Mursi, eta apirilean jaso zuen lehenbiziko zigorra: hogei urteko espetxealdia ezarri zioten, 2012ko abenduan —oraindik agintean zegoenean— haren presidente jauregiaren aurrean gertatutako istiluen erantzuletzat jota.
Kondenak pilatu arren, beste hiru auzi zabalik ditu oraindik agintari ohiak: estatu sekretuak zabaltzea, Anaia Musulmanen programa ekonomikoarekin lotuta iruzurra egitea eta epaileak iraintzea leporatzen diote.
Islamisten jazarpena
2011ko Udaberri Arabiarraz geroztik Egipton moldatzen hasitako paisaia politikoa kolpetik eraitsi zuen armadak 2013ko ekainean, Mursiren aurkako protestak baliatuta presidentea kargutik kenduta. Militarrek babestutako gobernuak Mursiren jarraitzaileen eta beste opositore politikoen aurkako oldarraldia hasi zuen: dozenaka milaka atxilotu, eta milatik gora protestari hil zituzten. Anaia Musulmanak «erakunde terrorista» izendatuak dituzte ordutik.