Mursiren hitzaldiak oposizioaren kritikak eragin ditu Egipton

Mubaraken agintaldiko «hondarrei» egotzi die presidenteak krisia eragitea; armada hasi da etzirako prestatzen

Erredakzioa
2013ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Tentsio giroa nagusitu da Egipton etzira begira. Igandean beteko da Mohammed Mursi presidentearen agintaldiaren urteurrena, eta, egun horretarako, oposizioak protestara deitu du haren aurka. Hainbat ordezkarik ere gogor kritikatu dute presidenteak herenegun gauean emandako hitzaldia. «Mursi ez dago ez uneak eta ez karguak exijitzen dion mailan, eta ez du herriaren nahia betetzen», adierazi du Hamdin Sabahik, oposizio laikoaren FSN Salbazio Nazionalerako Frontea plataformako buruetako batek. FSNko beste kide esanguratsu batek, Amr Musa Konferentziaren Alderdiko buruak, Mursi kritikatu du, «nazioaren egoera txarraren errua» kaleko protestei bota zielako. Mursik «oker asko» egin izana aitortu zuen hitzaldian, baina esan zuen krisi politikoaren errua Hosni Mubaraken agintaldiko «hondarren» errua zela.

Hitzaldiaren harira, herenegun bertan liskarrak piztu ziren Mursiren jarraitzaileen eta arerioen artean, eta, gutxienez, lagun bat hil zen iparraldeko Daqahliya probintzian. Igandera bitarte eta, batez ere, igandean bertan istiluak larriagotu litezkeelakoan, armada herrialde osoko gune estrategikotan hedatu da; esate baterako, hiri nagusien sarreretan, merkataritza eta finantza guneetan eta Suezko ubidean.

Kanpadendak Tahrirren

Mena estatuko agentziak jakinarazi duenez, atzo Kairoko Tahrir plazan kanpadendak ezartzen hasi ziren oposizioko jarraitzaileak. Mursiren dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea exijitu dute. Mursik ere, ordea, babes zabala du, eta haren jarraitzaileek kontramartxetara deitu dute etzirako. Gainera, oposizioko indar nagusia Al-Nur bloke salafista da, eta jakinarazi du ez duela babestuko presidentearen aurkako martxarik. Al-Nurren barneko Dawa Salafiya alderdiko presidenteorde Yassir Borhamik esan du Mursik dimisioa eman beharko lukeela manifestarien kopuruak presidenteak jasotako botoena gainditzen badu: hamahiru milioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.