Gobernuak tribuekin iaz bake akordioak sinatu ondoren tribuetako buruek ekintzaile atzerritarrak kanporatzeko agindu dute. Tribuetako kide askok talibanei babesa eta sostengua eman diete, baita ustezko Al Kaedako kideei ere, baina behatzaileen esanetan, azken talde honetan diharduten uzbekoen jokaerak hamaika arazo eta tirabira sortu ditu. Atzerriko ekintzaileak -tartean uzbekoak, arabiarrak, txetxeniarrak eta beste- Afganistanen borrokatu ondoren aterpetu dira Pakistango mendebaldeko probintzietan. Askotan atzeguardia bezala erabiltzen dute mugaldea.
BBC katearen arabera, badirudi Pakistango armadak nabarmendu nahi duela tribuetako kideek ekintzaile uzbekoen kontra daramaten oldarraldia, «Mendebaldeak presio egiten diolako Afganistanekiko mugalde nahasian dabiltzan ekintzaile atzerritarren aurka aritzeko».
Ildo horretan, joan den apirilaren 4ean Hego Waziristanen izandako borroketan gutxienez 44 lagun hil ziren, tartean 15 uzbeko. Pakistango hiru soldadu ere hil ziren. Alta, armadak ukatu egin zuen borroketan esku hartu izana.
IAZKO AKORDIOAREN ONDORIOAK. 2003 urteaz geroztik Pakistango 700 soldadu baino gehiago hil dira ekintzaile talibanekiko borroketan. Ordu hartan Afganistanekiko mugaldean sartu zen armada, indarrez. Eskualde horietan benetako kontrol gutxi dauka Islamabadek.
Armadako buruzagien esanetan, militarren artean izandako halako biktima kopuru handiak behartu zuen Gobernua Waziristango probintzietako tribuekin bake akordioak sinatzera. Tribuok talibanen eta Al Kaedaren aldekoak dira hein handi batean, eta soldaduak beren eskualdeetara sartzean, azken hauen kontra ekin zuten.
Bake akordioarekin, leinuetako buruzagiek agindu zuten geldituko zituztela armadaren kontrako erasoak, eta ez zutela muga igaroko Afganistanen okupazio indarren kontra borrokatzeko. Ordainean, Gobernuak agindu zuen lurreko zein aireko erasoaldi handiak geldituko zituela, presoak askatuko zituela, kuarteletara erretiratuko zela eta tribuetako kideei arma txikiak eramatea ahalbidetuko ziela.
Ordu hartan aditu batzuk, hala nola Rahimula Jusufzaik eszeptiko agertu ziren akordioaren emaitzekin: «Gobernua etsi-etsian zebilen [akordio bat lortzeko]; aldi baterako bakea erosi du. Uste dut akordio honek ekintzaileei zilegitasuna emango diela. Armada gerarazteraino borrokatu duen jendea bezala jokatuko dute».
Tribuekiko akordioak agerian utzi ditu, adituen ustez, Musharrafen buruzagitzaren baitan dauden kontraesanak. Ameriketako Estatu Batuen «terrorismoaren kontrako gerran» funtsezko aliatua da Musharrafen gobernua, eta zentzu horretan, ekintzaile islamisten kontra aritzeko presioa jasaten du. Alabaina, hori egiteak kostu politiko handia dakarkio, Pakistanen talibanekiko elkartasun eta miresmen handia baitago, bereziki AEBen atzerri politikaren kontra ekiteari dagokionean. Pakistango armadan ere ematen dira ikuspuntu eta jarrera horiek.
BESTELAKO BORROKAK. Bien bitartean, bestelako ezaugarri batzuk dituzten borrokak gertatu dira azken astean Pakistango ipar-mendebaldean dagoen Kurram eskualdean. Batez ere Parashinar hirian eta inguruetan gertatu dira borrokak, herritar suniten eta xiiten artean. Gutxienez 49 lagun hil eta 115 zauritu dira, iturri ofizialen arabera. Atzo ere borrokak izan ziren.
Parashinarko diputatu Javed Hussainen esanetan, hildakoak gehiago izan daitezke, 100dik gora, eta zaurituak ere, 150etik gora. Tribuetako zaharren ordezkaritza bat joan da eskualdera, bi komunitateen arteko su-etena lortzeko.
Borrokak joan den ostiralean piztu ziren, ezezagun batzuek xiita batzuei tiro egitean. Lehenagotik tentsio handia zegoen Parashinarren. Pakistango herritarren %77 musulman sunitak dira, eta %20 xiitak. Komunitateak elkarbizitza baketsua egiten dute normalean, baina muturreko taldeek hainbat eraso egin izan dituzte beste komunitatearen kontra.