Liskarrak igandean hasi ziren, Moluketako Burujabetzaren Aldeko Frontearen uharteen independentzia aldarrikatzen duen mugimendua 54. urteurrena gogoratzeko kristauek Ambon hiriburuan antolaturiko manifestazioan. Antza, bi komunitateetako kideen artean harrika hasi eta Poliziak tiro eginez sakabanatu egin zituen. Baina istiluak hirian zehar zabaldu eta hainbat hildako eta zauritu eragin zituzten, batez ere Tawake auzo kristauean. Atzo jarraitu zuten liskarrek, eta hildako eta zauritu gehiago eragin zituzten. Moluketako Poliziaren buru Banbang Sutrismok jakinarazi zuenez, biktima gehienak tiroz zaurituak izan ziren, matxetez hildako bi lagun izan ezik.Segurtasun eta Afera Politikoetarako jarduneko ministro Hari Sabarnoren esanetan, 200 eraikin inguru erre zituzten liskarretan, tartean Nazio Batuen Erakundeak Ambonen duen egoitza eta eliza kristau bat. NBEko ordezkari eta langile guztiak hiriburuko hotel batean daude aterpeturik. Poliziak 32 pertsona 20 bat independentistak atxilotu zituela ere jakinarazi zuen Sabarno ministroak Jakartan egindako agerraldian. Era berean, komandantzia militarreko bozeramale Paiman komandanteak jakinarazi zuen 1.100 soldadu eta polizia igorri zituela Ambongo kaleetara, besteak beste, bi komunitateak zatitzen dituen muga eremuak zaintzera. Jakartatik Unitate Berezietako 200 polizia gehiago iritsi ziren atzo Moluka Uharteetako hiriburuko aireportura. Poliziaren bozeramaile Ahmad Basir jeneralak adierazi zuenez, «indarrarekin erantzuteko agindua» dute segurtasun indarrek. Istiluak Ambongo kaleetan zabaldu ahala, Poliziak euren etxeetan gordetzeko eskatu zien herritarrei, eta larrialdi egoeran soilik ateratzeko. Bizilagun asko egun batzuetarako janaria eta gasolina erostera atera ziren.
Hildako ugari eragin dituen gatazka
Indonesiako Moluka Uharteetan musulmanen eta kristauen arteko gatazkak ez dira berriak. Herbehereen menpeko kolonia izandako Moluka Uharteak anexionatu zituen Indonesiak 1950ean, independentzia lortu zuenean. Kristauak Indonesiaren aurkako borrokan aritu ziren Herbehereekin batera. Indonesia gehiengo musulmaneko herritarrek osatzen dute212 milioi biztanle dira, eta % 90 dira musulmanak.
1999. urtean gertatu ziren istilurik larrienak, autobus gidari kristau baten eta bidaiari musulman baten arteko eztabaida batekin hasi eta Ambon hiriburuan istiluak zabalduta. Indarkeria laster hedatu zen uharte guztietan eta orotara 7.000 pertsona inguru hil ziren gatazka armatuan. Moluketatik alde egin zuten pertsonak ere milioi erditik gora izan ziren.Hiru urte lehenago hasitako gatazka armatua etetea hitzartu zuten 2002ko otsailaren 12an Moluketako bi komunitateetakoburuzagiek, Gobernuaren bitartekaritzaz. Urte hartako abenduan bi aldeek armak entregatzeko akordioa lortu ostean sinatu zuten bake hitzarmena bi komunitateek. Bake akordiotik atzoko istiluetara indarkeria atalak bai, baina ez zen halako gertakari larririk izan Moluketan.
-
Gatazkaren nondik norakoak
Lau urte: 1999an hasi zen Moluka Uharteetako kristauen eta musulmanen arteko gatazka.
Hildako ugari: Bi urteko borrokaldian gutxienez 5.000 herritar hil dituzte.
Bake akordioa: Ituna sinatu zuten bi aldeek 2002. urtean, baina noizean behin berriz pizten da gatazka.
Lanpostuak: Kristauek lanpostu onenak betetzen dituztela diote musulmanek.
Populazio politika: Indonesiako beste hainbat lekutan bezala, Jakartak bultzaturiko populazio mugimenduak liskar sortzaile dira. Moluketan 1970eko hamarkadan hasi zen musulmanen etorrera handia. Kristauek mehatxu gisa ikusten dute immigrazioa.