Muturreko islamistek 63 lagun hil dituzte hiru herrialdetan, atentatu banatan

Frantzian, Kuwaiten eta Tunisian izan dira erasoak.Ez dituzte koordinatuta egin, agintariek diotenez.Tunisian hil dute jende gehien (37), turisten gune batean

Erasotzaileek Tunisiako Susa hiriko Imperial Marhaba hotelean utzitako bala marka bat, atzo. MOHAMMED MESSARA / EFE.
mikel rodriguez
2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Gutxienez 63 lagun hil zituzten atzo Frantzian, Kuwaiten eta Tunisian izandako eraso banatan. Hiru orduko epean egin dituzte, bata bertzearen gibeletik, baina herrialde horietako agintariek ez dute baieztatu erasotzaileek atentatuak koordinatuta egin dituztenik. François Hollande Frantziako presidenteak, gainera, ukatu egin du Frantziako eta Tunisiako atentatuek zerikusia zutenik. Hala ere, hiruretan muturreko ekintzaile islamista sunitei leporatu diete erantzukizuna. Hedabideetan eta sare sozialetan hedatutako iritzi gehienen arabera, EI Estatu Islamikoa izan liteke erantzulea, baina herrialde bakarrean egin dute aldarrikapen argi bat EIren izenean: Kuwaiten. Ramadan hilabetean daude musulmanak, eta, horren harira, Abu Mohammed al-Adnani EIko bozeramaileak joan den asteartean mezu bat argitaratu zuen. Bertan, jarraitzaileei eskatu zien hilabete honetan erasoak egin ditzatela edonon «fedegabeak» hiltzeko, «gurutzatuak, xiitak eta apostatak». Etzi beteko da urtebete EIk Sirian eta Iraken kalifa herriaren sorrera aldarrikatu zuenetik.

FRANTZIA (10:00)

Lantegi baten aurka

Lehenbiziko erasoa Frantzian gertatu zen atzo. Saint-Quentin-Fallavier herriko (Lyondik 24 kilometrora) lantegi batean auto bat sartu zen, et,a gas bonbona batzuk jo ondoren, leherketa bat eragin zuen. Gutxienez bi langile zauritu ziren. Gertakari horren ondoren, gizonezko baten buru bat aurkitu zuten lantegian bertan zutabe batean sartuta, eta haren gorpua arabieraz idatzitako mezuak zituen bandera batean bilduta. Suhiltzaileek atxilotu zuten ustezko erasotzailea, Yassin Salhi izeneko 35 urteko gizonezkoa, lantegitik gertu. Dauphine Libere eskualdeko egunkariaren arabera, Salhik banaketa enpresa batean lan egiten du, eta hildakoa bere nagusia zen. Egunkariak dioenez, erasoa izan duen lantegia Air Products AEBetako konpainiarena da, eta banaketa enpresaren bezeroetako bat zen. Bertze hiru lagun ere atxilotu dituzte —horietako bat, Salhiren bikotekidea—.

Ustezko erasotzailearen eta biktimen eta helburuaren arteko loturak pertsonalak badira ere, Hollande presidenteak ez du zalantzarik izan erasoaren izaeraren inguruan. «Gizonaren asmoa leherketa bat eragitea zen, eta ez dago dudarik eraso terrorista bat dela, gainera lepoa moztutako gorpu bat agertu delako arabierazko idazkiekin», adierazi du Bruselan egindako agerraldi batean. Bernard Cazeneuve Barne ministroak erran du Poliziak Salhi ikertu zuela 2008ra arte, «erradikalizazioagatik».

Iaztik, Frantzian zenbait eraso egin dituzte muturreko islamista sunitek, eta kasu gehienetan Frantziako herritarrak izan dira erasotzaileak. Larrienak, aurtengo urtarrilekoak, Parisen: hamazazpi lagun hil zituzten.

KUWAIT (11:00)

Xiiten aurkako erasoa

Eguneko bigarren erasoa Kuwaiteko hiriburuan gertatu zen. Barne Ministerioaren arabera, ekintzaile suizida batek lehergailu bat zartarazi zuen Sadiq imamaren meskitan, eta gutxienez 25 lagun hil zituen. Zaurituak berrehun dira gutxienez. Kalil al-Salih parlamentariak AP agentziari erran dio 2.000 bat pertsona zeudela meskitan —Al-Salih bera ere bai—. Xiiten meskita bat da, eta, horregatik, eraso sektario bat izan dela uste dute agintariek. Hipotesi hori are gehiago indartu du Interneten agertu den mezu batek: Najd Probintzia deitzen den taldeak bere gain hartu du atentatua. EIri leialtasuna adierazi dion talde bat da, eta Saudi Arabian berriki xiiten aurka egindako bertze atentatu bat aldarrikatu zuen. Kuwaiten biztanleen heren inguru dira xiitak, eta jasan duten lehenbiziko atentatua izan da.

TUNISIA (13:00)

Turistak berriz jomuga

Eguneko azken erasoan hil dute jende gehien: 37 lagun. Tunisiako Susa hirian bi gizonezko sartu dira turistentzako hotel eta hondartza gune batera, eta han zeudenak tirokatu dituzte, gobernuaren arabera. Barne Ministerioak adierazi du biktimak sei herrialdetakoak direla, europarrak gehienak. Erasotzaileetako bat hil dutela jakinarazi dute iturri ofizialek, eta ustez haren gorpuarenak diren irudiak hedatu dira Interneten. Bertze erasotzailea atxilotu zutela argitaratu zuten atzo arratsaldean Tunisiako hedabideek. Susa Tunisiako hiri handienetan hirugarrena da, eta gune turistiko garrantzitsua da.

Hain zuzen, azken eraso handia ere turista atzerritarren aurkakoa izan zen, joan den martxoan. Tunis hiriburuko museo batean 22 lagun hil zituzten, haiek ere tirokatuta. EIk bere gain hartu zuen eraso hura, baina gobernuak Al-Qaedari lotutako talde bati egotzi zion. Sirian eta Iraken EIk dauzkan borrokalari atzerritar gehienak Tunisiakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.