Libre utzi dute, bai, baina azken hauteskundeak egin eta sei egun pasatu direnean, zehazki; bi hamarkadatan izandako lehen bozetan Junta Militarraren aurkako oposizio lanak egiteko aukerarik gabe. «Bada isiltzeko garai bat, eta hitz egiteko garai bat. Elkarrekin egin behar du lan herriak. Hala soilik bete ahalko ditugu gure helburuak. Gauza asko ditugu egiteko». Suu Kyik mezu nagusi horixe helarazi nahi izan die, askatu duten egunean, bere etxe aurrean elkartutako 5.000 herritarrei, aske eginiko lehen hitzaldian.
Baldintzarik gabeko askatasuna baino ez zuela onartuko esan zuen orain egun batzuk Suu Kyik, hau da, politikan aritu ahal izateko askatasunarekin soilik onartuko zuela askatasuna. Hitza betetzeko asmoz agertu da, lanean jarraitzeko prest. Etxeko hesitik hitzaldia eman, eta etxera itzuli da bere alderdiko kideekin biltzeko. 1988an sortu, 1990eko hauteskundeak irabazi eta Hauteskunde Batzordeak aurten desegin duen LND Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko kideekin, hain zuzen ere. Gaur berriro da agertzekoa jende aurrera.
Hauteskundeetako banaketa
1990eko hauteskundeetan alde nabarmenez nagusitu zen alderdi horren absentzia izan da orain astebete egindako hauteskundeen ezaugarririk nabarmenena. Askatasun falta. Boikoterako deia egin zuen, horregatik, Suu Kyik. Ez zuten, baina, alderdiko kide guztiek asmo horrekin bat egin, eta NDF Indar Demokratiko Nazionala alderdia sortu dute bozetan izateko -iruzurra salatu dute orain-. Hortik, beraz, batasunerako deia.
Junta Militarrak berak irabazteko moduan prestatu ditu bozak, eta ez da, beraz, sorpresarik izan: Than Shwe jenerala izan da irabazle, erregimenaren burua. «Simulakro» gisa deskribatu dituzte bozak nazioarteko erakunde eta begiraleek. Oposiziorik gabe eta kanpoko begiralerik gabe egin dira, egin ere, bozak.
Horregatik, aske gelditu, eta lanerako eta batasunerako deia egin die jarraitzaileei Suu Kyik. Horiek izan dira aske denez geroztik eman duen lehen hitzaldia bukatzeko aukeratu dituen hitzak: «Lanean aritu nahi baduzue, etor zaitezke LNDren egoitzara». Han mintzatuko zaie berriz ere gaur jarraitzaileei.
Urrats gehiagoren zain
Nazioartean izan du oihartzunik albisteak, eta erakunde eta agintariek, oro har, pozez hartu dute oposizioko buruaren askatasuna. Demokraziaren aldeko borrokaren «ikur», «eredu», «heroi» eta «inspirazio» dela esan dute, adibidez, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Barack ObamaAEBetako presidenteak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak.
Poza azaldu dute nazioarteko erakundeek politikariaren askatasunagatik, baina urrats gehiago exijitu dituzte herrialdea demokratizatzeko bidean. Preso politiko guztiak askatzeko eskatu dio Myanmarko Junta Militarrari Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, eta «lotsagarritzat» jo du Suu Kyi azken hauteskunde prozesutik baztertu izana.
Ildo beretik jo du Europako Batasunak ere Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearen hitzetan. Politikaria askatzea «irekiera demokratikoaren bidean» sakontzeko lehen pausoa izan dadin eskatu du, eta nahi horrekin bat egin du Obamak ere. «Bakarra beharrean, erregimenari heldu zaio preso politiko guztiak askatzeko ordua». Frantziak egoera «adi» jarraituko duela esan du.