Militarren kontrolpeko herrialdean preso politiko izatea heriotzaren korridorean egotearen parekoa da. Beren herrietatik urrun eramaten dituzte, osasun zerbitzurik gabeko espetxeetara maiz. Baldintzak gogorrak dira oso. Asko bakartuta edukitzen dituzte urteetan eta bi egunetik behin soilik jan dezakete. 1988tik 139 preso politiko hil dira torturen eta osasun zerbitzu faltaren ondorioz. «Nahiko argi dago erregimenak ez duela bere legea ere errespetatzen, eta are gutxiago nazioartekoa», gaitzetsi du Debbie Stothardek, Altsean erakundeko buruak.
NLD Demokraziarako Liga Nazionaleko buru Aung San Suu Kyi da preso politikorik ezagunena. Hilaren hasieran, haren osasunak okerrera egin zuen. Hamahiru urte egin ditu etxeko atxiloaldian, eta, orain, Inseinen dago preso, Myanmarko espetxerik okerrenean. Bost urteko kartzela zigorra jaso dezake, atxiloaldia urratzeaz akusatuta. John Yettaw estatubatuarrari bere etxean sartzen uzteagatik ari dira epaitzen. Joan den astean bere errugabetasuna defendatu zuen: «Ez naiz errudun, ez dut krimenik egin».
Nazioartearen salaketa
2.000 preso politiko inguru daude Myanmarko kartzeletan. Gehienak ateak itxita eta abokaturik gabe epaitu dituzte, eta Junta kritikatzeagatik daude preso. Hori da, esaterako, Eine Khaing Oo Eco Vision Journal egunkariko 24 urteko kazetariaren eta Kyaw Kyaw Thein Weekly Journal aldizkariko zuzendariaren kasua. Lehena bi urteko kartzelara zigortu zuten, eta bigarrena, zazpira. Delitua, bera: zikloiaren biktimen eta Gurutze Gorriaren arteko bilera ahalbidetzea. «Egoera larriegia da nazioarteko agintariak zer gertatuko den zain geratzeko», ohartarazi du Myanmarren aldeko Kanpaina erakundeko kide Nang Sengek.
Juntaren aurkako neurriak hartzeko NBEko Segurtasun Kontseiluaren saioek porrot egin dute, Errusiaren eta Txinaren betoa dela eta. Biek ala biek harreman estua dute Naypyidawrekin.
'Infernuko zuloa'
Gobernuz kanpoko erakundeek senideei esker jakin dute presoen berri. Izan ere, haiek ez dute inorekin hitz egiteko aukerarik zaindarien baimenik gabe. Gurutze Gorria bera 2005eko azaroan izan zen azken aldiz Myanmarko presondegi batean. 2006ko urtarrilean bertan behera utzi zituen bisitak militarrek ez ziotelako bere lana egiten uzten. Orotara 44 espetxe eta 50 kontzentrazio eremu daude Myanmarren. Gehienek ez dute erietxerik, eta presoak gaixotzen direnean herrira eramaten dituzte, betiere, atxilotuak medikuaren zerbitzuak ordaintzeko dirua baldin badu.
Botikak eta elikagaiak, berriz, senideek eraman behar dizkiete. Baina AAPP Preso Politikoen Laguntzarako Elkarteak salatu duenez, maiz familien diru iturri bakarra dena atxilotzen dute militarrek. «Preso politikoen egoera izugarria da», gaitzetsi du elkarteko idazkari Bo Kyik. Hala ere, zalantzarik gabe okerrena Inseingo espetxea da, han dago Suu Kyi. Infernuko zuloa deitzen diote. AAPPren arabera, 6.000 lagunentzako tokia duen arren, 10.000 preso inguru daude egun. Ondorioz, maiz lau preso sartzen dituzte bost metro koadroko ziegetan. Egunean bost katilukada ur ematen dizkiete edan eta garbitzeko, eta pixontzia asten behin aldatzen diete. Hiesa, tuberkulosia, malnutrizioa eta meharreria oso zabalduta daude, eta presoek hilabete luzeak egiten dituzte bakartuta eta esku-burdinekin.
Herritarrek datorren urteko hauteskundeei begiratzen diete, horiek egoera aldatuko dutelakoan. NLDk ez du oraindik erabaki aurkeztuko den; izan ere, ez dago argi Suu Kyirekin zer gertatuko den.
Than Shwe
Damurik gabeko militarra
Gerra psikologian aditua da Than Shwe (Minzu, 1933). 1993an eskuratu zuen boterea eta baita Konstituzioa moldatu ere botereak militarren esku jarrai zezan. Orain ahaleginak eta bi egiten ari da oposizioa desegiteko. Hark esana da ez duela presarik boterea uzteko.Adingabeak errekrutatzea egotzi diote armadari
Haurrak eta Gatazka Armatuak Behatokiak ohartarazi du Myanmarko armadak eta gerrillariek adingabeak errekrutatzen dituztela borrokarako. «Garaia da NBEko Segurtasun Kontseiluak zerbait egin dezan urtero bortxatzen, bahitzen eta borrokarako errekrutatzen dituzten dozenaka mila adingabeak babesteko», salatu du Julia Freedson erakundeko arduradunak.Freedsonek Kongoko Errepublika Demokratikoarekin eta Afganistanekin alderatu du Myanmarko adingabeen egoera. Erakundeak Myanmarko haur soldaduen inguruko datu zehatzik ez duen arren, Freedsonek uste du egoera «oso larria» dela. «Denbora gehiegi igaro dugu gatazka ukatzen».
«Egoera larriegia da nazioarteko agintariakzer gertatuko denzain egoteko»
NANG SENG
Myanmarren aldeko Kanpaina taldeko kidea
Maran Turner. Freedom Now erakundeko zuzendaria
Turner abokatuak urteak daramatza Myanmarko preso politikoen egoera salatzen eta haiek askatzeko eskatzen, haren arabera, espetxean dauden bitartean, ez delako demokraziarik egongo.
«Epaiketa politikoa daSuu Kyiren aurkakoa,ez justizian oinarritutakoa»
A. Elizegi.Zimbabweko diktaduraren gehiegikeriak ikertzen ari zenean ezagutu zuen Maran Turnerrek (Texas, AEB, 1976) Freedom Now erakundea. Orain berak zuzentzen du preso politikoak askatzea helburu duen nazioarteko abokatu taldea. Egun Aung San Suu Kyi NDL Demokraziaren Liga Nazionala alderdiko burua eta Bakearen Nobel sariduna da beren kausa nagusia. Baina ez bakarra. «Myanmarren 2.000 bat preso politiko daude egun. Espetxeetako baldintzak eskasak dira, eta tratu txarrak, ohikoak».
Zergatik luzatu nahi diote atxiloaldia Aung San Suu Kyiri?
Suu Kyik preso jarraitzea nahi du Juntak, horretarako nazioarteko eta Myanmarko legedia urratu behar badu ere. Militarrak mehatxatuak sentitzen dira Suu Kyik herritarren artean jarraitzaile asko dituelako. Ondorioz, eta botereari eusteko asmoz, Juntak egin du lehen urratsa. Hura aske egongo balitz, bere egingo luke herritarren sostengua (NLD) Demokraziarako Liga Nazionalaren izenean, eta ziurrenik demokraziarantzko pausoak emateko ere herritarren babesa eskuratuko luke. Myanmarko herritarrentzako inspirazio eta indar iturri da Suu Kyi. Hala, Juntaren agintea kolokan jartzen du.
Azken hilabeteetan Juntak gogortu egin ditu disidenteekiko politikak. Zergatik?
Zaila da esatea. Urteetan, izan dira garaiak Juntak neurri gogorragoak hartu dituenak, eta beste batzuk zapalkuntza arinagoa izan dena. Estrategia horren bidez buruzagi militarrek herritarrak nahasi eta kontrolatu egiten dituzte etengabe, eta bide batez, nazioartearen kritikak isilarazteko keinuak egiten dituzte. Hori da 2010erako deitutako hauteskundeen kasua. Juntak ahots kritikoak isilaraztea espero du, eta aldi berean beren agintaldia arriskuan jar dezakeen edonor bidetik kendu.
Junta Militarrak esana da, datorren urtekoak «hauteskunde demokratikoak» izango direla.
Benetan demokratikoak diren hauteskundeak ez dira posible egungo Konstituzioaren arabera egiten badira. Konstituzioak indartu egiten du Junta Militarra, Legebiltzarrak hartzen duen erabaki ororen gaineko beto eskubidea emanez, baita Gobernua desegiteko eskumena ere. Horiek hala, ez da sistema demokratikorik irtengo boz hauetatik; soilik demokrazia baten ilusioa. Juntak preso politiko guztiak askatu, demokraziaren aurkakoak diren Konstituzioko puntuak indargabetzen baditu eta bozetan nazioarteko begiraleak onartzen baditu bakarrik izango dira demokratikoak 2010eko hauteskundeak.
Nahikoa egin du nazioarteak Myanmarko herritarrei laguntzeko?
Ez. Beti dago zerbait gehiago egiterik. Adoretua sentitu naiz Aung San Suu Kyi eta Myanmarko herritarrekiko sostengu oldeagatik. Hala ere, berehalako elkarlana beharrezkoa da. NBE Nazio Batuen Erakundea da elkarlan hori bideratzeko erakunde egokia. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-mooni eskatu diogu Myanmarrera joan eta Suu Kyi eta preso politikoak askatzea galdegiteko.
Aldatu al da egoera Junta Militarrak boterea eskuratu zuenetik?
1962tik militarren esku dago boterea. Gobernuak hauteskundeak egin zituen 1990ean, eta horiek Demokraziarako Liga Nazionalak irabazi zituen gehiengo zabalarekin. Militarrek, ordea, ez ikusiarena egin zuten, eta NLDko kideak eta haien gobernatzeko eraren aurka hitz egiten zuen oro espetxeratu zuten. Tamalez, herrialdeko egoerak okerrera egin du azken urteetan. Munduko naziorik pobreenetako bat da egun. Juntak erakutsi du ez diola kezkatzen herritarren etorkizunak. Kasu askotan indarkeriaz jokatu du, esaterako karen etniako herritarrei erasoz edo herritarren beharrak asetzeari uko eginez. Horren adibide da Nargis zikloiaren biktimekin gertatutakoa.
Zein da preso politikoen egoera?
Myanmarren 2.000 bat preso politiko daude egun. Espetxeetako baldintzak eskasak dira, eta tratu txarrak ohikoak. Herrialde osotik barreiatuta dauden kartzeletan dituzte preso, eta maiz bisitan doazenei ez diete sartzen uzten. Suu Kyi eta preso politiko guztiak askatzeko eskatzen diogu Junta Militarrari. Myanmarren ez da demokraziarik egongo preso politikoak askatzen dituzten arte.
Suu Kyi Insein espetxean dago haren aurkako karguak aurkeztu zituztenetik. Giza eskubideen aldeko taldeen arabera, espetxe horretako egoera bereziki txarra da.
Insein kartzela ezaguna da baldintza txarrengatik eta tuberkulosiaren gisako gaitzak oso zabalduak daudelako presoen artean. Suu Kyiren osasunak kezkatzen gaitu. Bere osasunak okerrera egin zuen epaiketa baino egun batzuk lehenago, eta tratamendua behar du lehenbailehen, baina hainbat egunez ukatu egin diote. Hobera egin duen arren, eta epaiketan sendo badirudi ere, kartzelan dagoen bitartean beharrezko botikak jasoko ez dituen beldur gara. Bost urte egin ditzake Inseinen etxeko atxiloaldia urratzeaz errudun jotzen badute. Karguak oinarririk gabeak dira, eta herritarrengandik urrun izatea dute helburu bakar. Epaiketa politikoa da Suu Kyiren aurkakoa, ez justizian oinarritutakoa.