Eragingo al du Naderrek gaurko bozetan 2000koetan eragin zuen neurri berean, hau da, demokraten hautagaia Etxe Zuritik kanpo uzteraino? Alderdi Demokratan ez dute sekula ahaztuko duela lau urteko hauteskunde gauean Ralph Naderren emaitzak jakitean sentitu zuten tripako mina. Bi estatutan, Floridan eta New Hampshiren, Naderren botoak, ez denak gainera batzuekin aski baitzen, Al Gore hautagai demokratari eman balizkiote, Clintonen lehendakariorde zenak irabaziko zukeen, ez Bushek.
Nader Alderdi Berdearekin aurkeztu zen 2000ko hauteskundeetan eta 2.882.955 boto lortu zituen, %2,74. Asko ez, baina nahikoa Al Goreren ibilbide politikoa zapuzteko. Lau urte pasatu dira orduz geroztik eta inkestetan dezente azpitik da hirugarren hautagaia. Gehienez, %1 ematen diote batean eta bestean. Hala ere, oso litekeena da inkestek iragartzen duten baino emaitza hobea izatea Naderrek, oso bipolarizatuta baitago aukera, Bush edo Kerry. Beste inorentzako lekurik ez dago, eta Nader ez da existitzen hautagai demokrataren aldeko komunikabideetan.
Demokratek sekulakoak eta bi egin dituzte Naderren hautagaitza legalki eragozteko. Floridan, esate baterako, Auzitegi Nagusiraino iritsi zen demokraten ekimen judiziala, Nader ez zedin aurkeztu. Azkenean estatu horretako epaileek aurkezteko baimena eman zioten. Oklahoman ezin izango da aurkeztu, Ohion eta Hawaiin protesta paperak idatziko dituzte bere jarraitzaileek, beste 13 estatutan (Kalifornia, Idaho, Texas, Georgia, Oregon, IllinoisÉ) aurkez liteke baina bere izena ez da botopaperetan agertuko eta eragozpen hori gainditzeko hautesleek bere izena idatzi egin beharko dute botopaperetan, eta gainerako estatuetan Bush eta Kerryren egora berean aurkeztu ahal izango da.Nader baldintzarik txarrenetan aurkeztuko denez, oso zaila dauka eragiteko 2000ko hauteskundeetan egin zuen neurri berean.
Zertarako aurkezten da orduan? Bi helburu nagusi bete nahi ditu. Lehena, alderdi demokrataren programa ezkerretik markatu, zentro-eskuinerantz jo ez dezan. Bigarrena, sistema bipartidista salatu. Nekez lortzen du Naderrek bi helburu horietan eragitea. Gehiago markatu ohi duelako demokraten hauteskunde programa eskuineko hautagaiak eta errealitateak kaleko eta intelektualen presioak baino. Bigarren helburuari dagokionez, ez errepublikanoei ez demokratei interesatzen zaie sistema aldatzea. Urteetan aldatu gabe iraun duen sistema hitzartuta daukate errepublikanoek eta demokratek, «txanpon beraren bi aldeak» ezkerreko kritikoen hitzetan. Urte batzuetan errepublikanoak eta beste urte batzuetan demokratak, baina, zer gerta ere, sistema aldatu gabe.
Gazte, unibertsitateko ikasle eta azkenaldian antiglobalizazio mugimenduetan dabiltzanen botoak jasotzen ditu bereziki Naderrek. Urte askotan kontsumitzaileen eskubideen defentsa juridikoan jarduteagatik nabarmendu da komunikabideetan eta oso ezaguna da konpainia industrial handien artean, behin baino gehiagotan eraman izan baititu auzitara. Irakeko gerra izan da Naderren kanpainaren ardatza, hori izan baita Kerryk utzi dion zirrikitua. Hautagai demokrata ez da kanpainan gerraren aurka agertu, kontsekuentea izan behar zuelako senatuan eman zuen aldeko botoarekin; gehienez, gerra ondorengoa gaizki kudeatu duela egotzi dio Bushi.Zer izango da, ordea, erabakitzailea ezkerreko hautesleentzat? Bush boteretik behingoz kentzeko aukera edo Kerryren politika ezkerretik markatzeko beharra? Zenbat eta boto gehiago bildu Naderrek orduan eta gehiago hartu beharko ditu kontuan Kerryk ezkerreko herritarren eskaerak; baina, eta hori da Naderren aurkako argudio nagusia, lehendabizi Kerryk irabazi egin behar ditu hauteskundeak. Eta horrek derrigorrez dakar Naderrek emaitza txarrak lortzea. Gaur askatuko da korapiloa.
AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK
Nader: eragin anhi eta ezin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu