Dena den, milizia sionistek lehenago -1948ko apirilean Haifako merkatuan eta Deir Jassin herrian, kasu-, eta soldadu israeldarrek geroago -Tantura eta Galilean, adibidez- eginiko sarraski eta kanporatzeek palestinarren bizimodua zeharo aldatu zuten. Guztira 750.000 palestinarrek ospa egin zuten beren etxe eta lurretatik, indarrez nahiz beldurrez. Batzuek Gazara eta geroago Zisjordania deituko zutenera ihes egin zuten, baina beste milakak Jordania, Libano, Siria, Egipto eta beste estatu batzutara. Gaur egun, ia bost milioi errefuxiatu daude: hasierako horiek, ondorengo urteetako kanporatuak eta 1967ko gerran ihes eginikoak, baita horien guztien ondorengoak ere. 1948an ospa egin ez zutenak eta horien ondorengoak 1,4 milioi dira egungo Israelen. Gazan eta Zisjordanian bost milioi palestinar bizi dira, horietako 2,5 milioi inguru errefuxiatuak. Nazioarteko legeak eta NBEk errefuxiatuei beren herri eta etxeetara-gehienak desagerraraziak edota eraldatuak- itzultzeko eskubidea aitortu arren, Israelgo Gobernuak ez du horretaz deus ere jakin nahi. Baina ukazioak ezin du ezabatu errefuxiatu palestinarren ametsa.
Ilan Pappe historialari judu kritikoak dioenez, 1948ko maiatzaren 15ean bost estatu arabiarrek Israel sortu berriari gerra deklaratzean, nagusitasun tekniko eta militar handia zuten sionistek, batez ere AEBei eta Sobiet Batasunari esker; gainera, 90.000 soldadu bildu zituzten. Iaz arte Haifako Unibertsitateko irakaslea izan zen Pappe; ikuspegi antisionista zuelako egotzi zuten, eta egun Exeterko Unibertsitatean (Ingalaterra) dihardu. «Juduak etorri eta, deserrotze eta kanporatzeen bidez, arabiarra zen lur bat hartu zuten. Okupatzaile kolonialistak izan eta, aldi berean, moral oneko agertu nahi zuten... Armada arabiarrek -nagusiki Egipto, Siria, Irak eta Transjordania (egungo Jordania)- 28.000 gizon zituzten guztira. Arabiarren indar armatuen zatirik handiena atzean geratu zen, beren erregimen hasiberrietako egonkortasuna ziurtatzeko».
Gainera, palestinarren bizkar, azpijokoan aritu zen Transjordaniako errege Abdula. «Funtsezkoa izan zen sionistek Transjordaniarekin isileko akordioa egin izana [1947ko azaroan]; horren arabera, Transjordaniaren Legio Arabiarrak, armada inbaditzaileetako sendoenak, soilik Zisjordania hartuko zuen, zeina NBEk estatu arabiarrerako proposatua zuen».
Sionistek ez bezala, palestinarrek ez zuten milizia handi eta ondo hornitua. Biktima nagusiak zibil palestinarrak izan ziren, bai gerraren bai triskantza eta kanporatzeen ondorioz. 1948ko uztailean sionistek 70.000 palestinar egotzi zituzten Lydda eta Ramletik (Tel Aviv eta Jerusalem artean elkarren ondoan dauden hiriak). Eguzki-galdatan, eta urik eta elikagairik gabe, ehunka lagun hil ziren, batez ere ume eta zaharrak. Heriotzaren martxa deitu zioten gertaerari.
KONKISTA ETA ARPILATZEAK. «Juduek palestinarren jabetzetan eginiko arpilatzea hain zabaldua izan zen, non David Ben Gurion lehen ministroak bere egunerokoan idatzi zuen 'ustekabe samina hartu' zuela populazioaren [juduaren] sektore guztiek eginiko 'lapurreta handiarekin'». Honela jaso zuenAEBetako kazetari Donald Neffek Fallen Pillars liburuan.
1948-1949ko gerra armistizio batez -bake akordiorik ez zuten sinatu- bukatzean, NBEk 1947an juduei agindutako lurrak baino %35 gehiago okupatuta zituen Israelek. Izan ere, 1947ko azaroaren 29an NBEk Palestina historikoa zatitzean, populazioaren %70 ziren palestinar arabiarrei (lurren %92ren jabe) soilik herrialdearen %43 agindu zien, estatua eratuz gero. Haatik, populazioaren %30 ziren palestinar judu eta etorkin juduek (lurren %8ren jabe) lurralderik zabalena izango zuten, %55, baita lurrik onenak ere. Orduan 1.204.000 palestinar arabiar zeuden, eta urteetako immigrazioaren ondorioz -batez ere Holokaustoaren ondotik-499.000 judu zeuden han.
Jerusalem eta Belen nazioartearen kontrolpean, Corpus Separatum gisa, jartzea ebatzi zuen NBEk. Britainiarren okupazioaren eta sionisten kolonizazioaren biktima zen herriari ez zioten iritzia galdetu, baina horrek oso argi zeukan ezin zuela bere lurraren lapurreta onartu: zati batean estatua eratzeari ekitea bidegabekeria hura onartzea zatekeen.
SIONISTEN NAGUSITASUNA. Sionistek, taktikoki, NBEren plana onartu zuten, erakundean sartu ahal izateko eta indar gehiago metatzeko. Ordu arte, istiluren bat kenduta, harmonian bizi ziren palestinarrak, izan arabiar (musulman eta kristau) nahiz judu. Sionismoak eta NBEren planak, ordea, harremanak zeharo gaiztotuko zituen.
Kanpo laguntza handiari eta urtetan militarki ondo trebatu izanari esker, sionistak nagusitu ziren erresistentzia palestinarraren eta inguruko bost estatu arabiarren aurka, bi estatu arabiarrek lurralde batzuk okupatu bazituzten ere. Transjordaniak Zisjordania -Jerusalemgo ekialdea barne- eta Egiptok Gaza eskualdearen zati bat -NBEk zehaztua baino txikiagoa- menperatu zituzten. Israelek Jerusalemgo mendebaldea okupatzea lortu zuen.
1998an, Edward Said intelektual eta errefuxiatu palestinar kristaua kexu zen palestinarren aurkako garbiketa etnikoaren tamaina handia izaki ere nazioartearen begietan ia agertzen zelako: «Bosniaren eta Palestinaren arteko ezberdintasun nagusia zera da: lehenbizikoan garbiketa etnikoa triskantza izugarrien bidez egin zela, munduaren arreta erakarri zutenak. Palestinan, aldiz, gertatzen ari dena tantakako taktika da: egunero etxe bat edo bi suntsitzen dituzte, han-hemenka akre batzuk hartzen dituzte eta jendea alde egitera behartua izaten da».
Gaur errefuxiatuek egingo duten ekitaldi batek «txikitako oroitzapenak piztu» dizkio Libanon bizi izan zen eta orain Norvegian bizi den Salim Nazzal historiagile eta errefuxiatu palestinarrari: «Mugara martxa egitekoak dira Libanoko 100.000 bat palestinar. Egunen batean itzuleraren ezkilak joko du Palestinan».
«Mugara martxa egitekoak dira Libanoko 100.000 bat palestinar. Egunen batean itzuleraren ezkilak joko du»
salim nazzal
norvegian bizi den historialari palestinarra