KAUKASOKO GATAZKA

Naltxiken kontrola berreskuratu dute indar errusiarrek

Moskuko gobernuaren arabera, 70-90 gerrillari, 12 zibil eta segurtasun indarretako 24 kide hil dira Kabardino-Balkarian izandako borroketan

Erredakzioa
2005eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Errusiako segurtasun indarrek Kabardino-Balkariako hiriburu Naltxikeko kontrola berreskuratzea lortu zutela iragarri zuen atzo Moskuk. Bezperan, baina, 235.000 biztanle dituen hiri honetako hainbat egoitza publikoz jabetu ziren 150-300 gerrillari txetxeniar. Errusiako Barne Ministerioaren arabera, gerrillarietatik 72-91 artean hil dituzte segurtasun indarrek, eta beste 31 atxilotu. Herenegun eta atzo artean gertatutako borroketan,bestalde, 24 polizia eta 12 zibil hil zirela iragarri zuten agintariek. Kavkazcenter webgunearen arabera, aldiz, hildako gerrillariak «gutxi» izan ziren eta zibilak, aldiz, gutxienez 80. Hori adierazi zuen bahiketa aldarrikatu zuen Fronte Kaukasoarrak. Era berean, Barne Ministerioko egoitza batean 300 arma eskuratu zituztela esan zuen.

Errusiako Barne Ministerioko eta FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko unitate bereziek atzogoizean burututako erasoaldiaren ostean, gerrillariek bahituta zeuzkaten hamar bat lagun aske geratu ziren. Dozena bat gerrillari gutxienez hil zituzten, aldiz, Errusiako segurtasun indarrek. Gerrillariak gerizatu ziren bi lekutan gertatu ziren eraso egiteak, hots, polizia-etxe batean eta denda batean. Polizia-etxean, gerrillariek gatibu hartuak zeuzkaten bost polizia bizirik irten ziren erasoalditik. FSBko egoitzaren parean kokatua den dendan sartzeko, berriz, tanke bat baliatu zuten Errusiako unitate armatu bereziek.Eguerdian, Kabardino-Balkariako gobernuko lehen ministro Gennadi Gubinek iragarri zuen gerrillarien eskuetan geratzen ziren azken eraikinen kontrola hartuta zeukatela segurtasun indarrek. Hildako 24 militar eta poliziez gain, beste 58 zaurituak izan zirela zehaztu zuen gobernuburuak. Naltxikeko ospitaleko arduradun batek jakinarazi zuen, berriz, 95 lagun artatuak zirela erietxe horretan, baina beste iturri batzuek 103 zauritu aipatu zituzten; horietatik bederatzi egoera larrian ziren. Gertakari hauek hasi ziren herenegun goizaldean, lekukotasun ezberdinen arabera, 150-300 gizon armatu Naltxikeko hainbat egoitza publikotan indarrez sartu zirelarik. Zehazki, FSBko egoitzaz, bi polizia etxez eta hainbat arma dendaz jabetu ziren gerrillariak. Aireportuaren kontrola hartzeko saioan, haatik, porrot egin zuten.

Jarmuk gudukariak

Lekukotasun batzuen arabera, gerrillarien buru zen Txetxeniako gudalburu Shamil Bassaiev. Kavkazcenter Internet gunean, oldar egite hauen erantzule jarri ziren Txetxeniako independentziaren alde borrokatzen diren indar armatuak. Agiri honen arabera, «Txetxenia independenteko indar armatuenosagai» litzatekeen Fronte Kaukasoarreko unitateek dituzte Naltxikeko oldar egiteak burutu. Aldarrikapen oharrak zehazten zuen Fronte Kaukasoarreko gudukarien artean bazirela Kabardino-Balkariako Jarmuk gudariak.

Albiste hau nolabait baieztatu zuen Kabardino-Balkariako presidente Arsen Kanokovek berak, Naltxikeko oldar egiteak burutu zituzten gerrillarien artean «muturreko erlijiosoak» zeudela adierazi baitzuen atzo. Terminologia honen atzean, Jarmuk talde islamikoko kideakaipatu ohi ditu Naltxikeko aginteak. Erakunde honek eraso andana burutu zituen 2004ko abenduan eta Karbardino-Balkariako segurtasun indarrek, berriz, gerrillari hauen aurkako operazio bat burutu zuten aurtengo urtarrilean.Naltxikeko oldartzeak egin zituzten gerrillarien aurka gogor ihardukitzea azaltzean, Errusiako presidente Vladimir Putinek ziurtatu zuen Moskuk hala jokatuko zuela etorkizunean antzeko kasuetan. «Gupidarik gabe lehertuko ditugu gure herria mehatxatzen dituzten gaizkileak», esan zuen. Hedabide batzuek, baina, kritiko aipatu dituzte Naltxikeko gertakariak. Novje Izvestia oposizioko egunkariak zera adierazi zuen: «Gertatutakoak agerian utzi du zein den makala aginteak bakea deitzen dion hori; ohartu behar gara gerra bat badela Kaukason».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.