NATO eta Errusia «zuzeneko konfrontazioan» daudela esan du Kremlinek

Gaur 75 urte bete ditu Mendebaldeko aliantza militarrak. Ukrainari emandako babesagatik, NATO herrialde horretako gatazkan «sartu» dela dio Moskuk.

Dmytro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroa eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroa eta Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, gaur, Bruselan. OLIVIER MATTHYS / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko apirilaren 4a
15:05
Entzun

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen eta Errusiaren arteko tentsioa areagotu egin da Ukrainako gerraren ondorioz. Mendebaldeko aliantza militarrak 75 urte bete ditu gaur, eta herrialde horri laguntza militarra ematea izan dute hizpide nagusia ospakizunaren harira egindako biltzarrean. Estatu kideetako Atzerri ministroak batuta daude atzotik aliantzaren Bruselako egoitzan. Bertan, NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek argi utzi du aliantzak Ukrainari babesa emango diola oraindik ere: «Moskuri zenbat eta lehenago buruan sartu gerra ezin duela irabazi, azkarrago lortuko dugu bake akordioa». Errusiaren ustez, ordea, itun hori urrun dago; gaur, Aleksander Gruxko Errusiako Atzerri ministrordeak adierazi du aliantzaren eta Moskuren arteko harremanak «okerrera» egin duela, eta NATOri egotzi dio elkarrizketa bideak «hutsean» uztea. Eta geroago, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak esan du Mendebaldeko aliantza militarra eta Errusia «zuzeneko konfrontazioan» daudela.

Era berean, Gruxkok argitu du, RIA Novosti albiste agentziari emandako elkarrizketa batean, Errusiak ez duela «asmorik» aliantzarekin «gatazka ireki» bat izateko, baina Kremlinek behin eta berriz salatu du jada ari direla NATOren aurka borrokatzen, Ukrainan. Horregatik, Peskovek AEB Ameriketako Estatu Batuek sortutako «konfrontazio tresna» gisa definitu du Mendebaldeko aliantza militarra.

Horrez gain, gogorarazi du NATOk Errusiako mugetara gerturatzen jarraitzen duela, beren «azpiegitura militarrak hedatuz». Izan ere, 2022an Putinek Ukrainara tropak bidaltzea erabaki zuenetik, Finlandia —iaz— eta Suedia —joan den martxoan— batu dira Mendebaldeko aliantza militarrera. Hortaz, NATOk bikoiztu egin ditu Errusiarekin partekatzen dituen mugak azken bi urteetan; zehazki, 2.550 kilometrotan zehar egiten dute topo NATOko kideren baten mugek eta Errusiarenek.

«Moskuri zenbat eta lehenago buruan sartu gerra ezin duela irabazi, azkarrago lortuko dugu bake akordioa».

JENS STOLTENBERGNATOko idazkari nagusia

Finlandia NATOn sartu zenetik Errusiatik muga zeharkatzen duten migranteen kopurua asko handitu dela jakinarazi izan du Helsinkik; eta iazko azaroan muga ixtea erabaki zuten. Gaur, Marie Rantanen Finlandiako Barne ministroak jakinarazi du muga itxita mantenduko dutela. Printzipioz, hil honen 14an utzi behar zuten neurria bertan behera; gaur, ordea, atzera bota dute asmo hori, eta ez dute zehaztu noiz irekiko duten muga berriro. Poloniak eta Baltikoko estatuek ere antzeko egoeraren berri eman izan dute, eta Errusiari eta Bielorrusiari egozten diete migrazioa bultzatu izana.

Baina NATOk Errusiarekin mugak partekatzeaz gainera, Moskuk duen beste kezka bat da Mendebaldeko aliantza militarra Ukrainari ematen ari zaion laguntza. Peskoven ustez, NATO Ukrainako gatazkan «sartu» da. Eta iritzi berekoa da Errusiako presidente Vladimir Putin ere; gaur goizean adierazi du aliantza horretako ia kide guztien ahalmen militarra «Errusiaren aurka» erabiltzen ari direla. Aurretik ere egin izan ditu antzeko adierazpenak, eta joan den otsailean ohartarazi zuen gerra nuklear bat sor zitekeela Mendebaldeak Ukrainan eskua sartzen segituz gero. Aldi berean, Bruselan, NATOko 32 kideetako Atzerri ministroak Ukrainari laguntza gehiago emateaz aritu dira eztabaidatzen gaur.

Atzoko bileran, Hadja Lahbib Belgikako Atzerri ministroak gerora azaldu zuenez, Stoltenbergek proposatu zien bost urtean 100.000 milioi euroko finantza konpromiso bat hartzea Ukrainari laguntzeko. NATOko idazkari nagusiak ez zuen zehaztu zenbatekoa. Horrela, Kievi babesa ematen jarraitzea segurtatu nahi dute; sostengu hori zalantzan egon baitaiteke azaroan Donald Trumpek AEBetako presidentetzarako bozak irabaziz gero —iragarria du garaile irtengo balitz utzi egingo liokeela Kievi laguntza emateari—. Atzo ez zuten erabaki zehatzik hartu Stoltenbergen proposamenari dagokionez; baina, haren hitzetan, asmoa ez da egunotan ezer onartzea, baizik eta datorren uztailean Washingtonen egingo duten goi bilerarako «oinarriak jartzea».

«Ukrainari ematen ari diren borondatezko laguntza militarra derrigorrezko bihurtu nahi dute orain, NATOko kideei sinaraziz funtsez eta armaz hornituko dutela Kieveko erregimena».

SERGEI LAVROVErrusiako Atzerri ministroa

Gaur Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroa izan dute gonbidatu NATOko biltzarrean. Hark, urteurreneko «festa izorratzeko asmorik gabe», jakinarazi du Errusiak jaurtitako 94 misil balistiko iritsi zirela Ukrainara iragan martxoan. Horregatik, Patriot misilak eskatu dizkie aliantzako kideei: «Patriot sistema da misil balistikoak atzemateko gaitasuna duen bakarra». Kiev misil horiez hornitzea aliantzako estatu kideen gain dagoela ere esan du, haiek «sobran» baitituzte.

Ukrainari babesa ematen jarraitzeak duen garrantziaz mintzatu ziren zenbait estatu kidetako Atzerri ministroak. Esaterako, David Cameron Erresuma Batukoak argi utzi zuen «Ukrainak gerra irabazteko behar duen laguntza» ematen jarraitu behar duela NATOk; eta gehitu zuen Kiev inoiz baino gertuago dagoela aliantzatik. Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak laguntzak eteteak izango lituzken ondorioen berri eman zuen: «Babesak aurrera jarraitzen ez badu, Ukraina ezin bada defendatu, Errusiaren erasoa Europako mugetara hedatu daiteke, NATOren mugetara. Ukrainak ezin badu gure askatasuna defendatzen jarraitu, gerra Berlindik zortzi ordura egon daiteke».

NATO, «indartsu»; Errusia, «mehatxu»

Stoltenbergen proposamenak zalantzak ere sortu ditu. Belgikako Atzerri ministroak adierazi zuen Kievi laguntza ematea ez dela «karitate» ekintza bat, baizik aliantzako kideak «babesteko inbertsioa». Halere, bai hark eta bai Espainiako Atzerri ministro Jose Luis Albaresek zalantzan jarri zuten proposamenaren «bideragarritasuna»; gogorarazi zuten Europako Batasunak ere ematen dizkiola laguntzak, eta ez dela komeni «esfortzuak bikoiztea».

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek salatu du NATOk laguntza horiek onartu nahi dituela «soilik» Ukrainak Errusiaren aurka borrokan jarrai dezan. «Ukrainari ematen ari diren borondatezko laguntza militarra derrigorrezko bihurtu nahi dute orain, NATOko kideei sinaraziz funtsez eta armaz hornitzea Kieveko erregimena», adierazi du Lavrovek bilkura batean, TASS berri agentziaren arabera.

Duela 75 urte sortu zuten NATO, 1949ko apirilaren 4an. Gerra Hotzaren testuinguruan osatu zuten aliantza militar hori, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren eraso posible bati aurre egiteko asmoz. Hamabi herrialdek sinatu zuten akordioa; tartean ziren AEBak, Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, Portugal, Italia, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo, Danimarka, Norvegia eta Islandia.

Gaur egun, hogei kide gehiagok osatzen dute aliantza; guztira 32, herrialdek. 1991n SESB desagertu ostean, Europa ekialdeko herrialde asko batu dira aliantzara. Stoltenbergen hitzetan, aliantza «inoiz baino handiagoa eta indartsuagoa da, eta inoiz baino batuago dago». Uste berekoa da Finlandiako Atzerri ministroa: NATO «oso indartsua» dela irizten dio, baina gogorarazi du Errusia aliantzarentzako «mehatxu estrategiko bat» izango dela «denbora luzez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.