Europa ekialdean «aurki» base militarrak indartu eta soldadu gehiago hedatzeaz gain, erantzun azkarrerako unitateak ezartzeko asmoa dauka NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak. Anders Fogh Rassmussen aliantzako idazkari nagusiak hala onartu du, eta datorren astean Cardiffen egingo duten goi bilerako puntu garrantzitsuenetakoa izango da. NATOko estatu kide guztiez gain, Ukrainako presidente Petro Poroxenkok ere parte hartuko du Galesko bilkuran, gonbidatu gisa. Errusia etsaitzat hartu eta NATOk mugaldean indar gehiago hedatuz gero, ordea,Moskuk erantzun egingo duela ohartarazi du Aleksandr Gruxkok, Kremlinek NATOn duen enbaxadoreak: «Europaren segurtasunarentzat kaltegarria izango da».
Poloniak, Estoniak, Letoniak eta Lituaniak aspaldian Errusia mehatxu gisa ikusten dute, eta NATOri Europa ekialdean gehiago hedatzeko eskatu izan diote; are gehiago, Ukrainako gatazka lehertu zenetik. Gruxkoren arabera, ikuspegi horrek NATOren eta Errusiaren arteko harremanak arautzeko hitzarmenak urratzen ditu —Sortze Agirian jasoak 1997an—, eta kalte egiten die bi aldeen arteko harremanei.
Aliantza atlantikoak Errusiako mugaldean indar gehiago hedatzeak «NATOren beraren eta saio horretan parte hartzen duten herrialdeen sugurtasuna ahuldu» egingo luke, Gruxkok nabarmendu duenez: «NATO gehiago hedatu arren, Errusia gabe, eta are, Errusiaren kontra segurtasun egiturak sortzeko ahaleginek porrot egingo dute; ziur naiz Europako herrialde gehienak horretaz jabetzen direna».
Errusiari Ukrainako gatazkan esku hartze zuzena izatea egotzi dio NATOk: Donbass eskualdean Kieven aurka altxatutako matxino errusiazaleei armak helarazi, milizianoak prestatu eta Errusiatik bertatik Ukrainako tropen posizioak bonbardatzea leporatu izan dio. Eta atzo, NATOko bozeramaile eta bigadier nagusi Nico Takek adierazi zuen matxinoen ondoan «mila soldadu errusiar baino gehiago» ari direla borrokatzen.
Aliantzak Europako ekialdean indar gehiago hadatzeko asmoak Errusiak Ukrainako gatazkan izan duen esku hartzeari erantzuten diola garbi adierazi du Rasmussenek. Aliantzak Europa ekialdean base militar iraunkorrak eraikitzeak, baina, NATOren eta Errusiaren arteko Sortze Agiria urratuko luke, eta aliatuen asmoa «kasik iraunkorra» izango den erantzun azkarreko unitate bat sortzea dela azaldu du Rasmussenek: «Eraso baten aurrean, ordu gutxian erantzun ahal izango genuke».
Poloniak eta Baltikoko hiru herrialdeek NATOri proposatu diote Cardiffeko goi bilerako azken adierazpenean Errusia «erasotzaile potentzial» gisa aipatzeko. Rasmussenek azaldu du «marra gorria» non dagoen Moskuk ondo dakiela, eta aliantzako kideren bati erasotzeak erantzun komun bat ekarriko lukeela. Halakorik gertatzeko «berehalako arriskurik» ikusi ez arren, «sinesgarria eta eraginkorra» izateko NATOk egoera berrietara egokitu behar duela esan du aliantzako idazkariak. NATOko buruzagitza irailaren 4ko eta 5eko goi bileraren ostean utziko du Rasmussenek.
NATOk Errusiako mugan indarrak gehituz gero, erantzun egingo du Moskuk
Polonia, Estonia, Letonia eta Lituanian gehiago hedatzea aztertuko du aliantzak datorren astean.Segurtasunerako arriskutzat jo du Errusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu