ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek gutxienez hamazazpi zibil afganiar hil dituzte —horietatik 11 adingabeak— ,Kunar eta Kapisa herrialdearen ekialdeko probintzietan egindako aire erasoetan. Joan den urtarrilaren 17an eta otsailaren 6an izan ziren erasoak, baina Afganistango presidente Hamid Karzaik sortutako batzorde ikertzaileak atzo baieztatu zuen datua.
Lehenengo erasoan, Kunarrekoan, bederatzi zibil hil zituzten NATOren indarrek, emakume bat eta hiru ume tartean. Kapisako erasoan, berriz, beste zortzi ume hil zituzten —sei urtetik hamalau urte bitartekoak—. Batzordearen arabera, probintziako segurtasun buruak agindutakoaren kontra egin zituzten bonbardaketok. Hain zuzen ere, nazioarteko tropen maniobretan zibilak hiltzeak eragiten ditu arrakala handienak ISAFen eta Kabulgo gobernuaren artean; Karzaik behin eta berriz nabarmendu du zibilen hilketak «onartezinak» direla. Horregatik, koordinaziorik ezean, nazioarteko tropen operazioak debekatzeko eskatu dio Defentsa Ministerioari, eta gauez egiten dituzten operazioen kontrolaz arduratzeko ere eskatu dio.
Defentsa ministro ohia
Talibanek baieztatu dute Obdaidula Ajund mula Afganistango Defentsa ministro ohia —talibanen garaian bete zuen kargua— duela ia bi urte hil zela Pakistanen, Karachi hiriko kartzela batean. AEBek 2001ean talibanak boteretik bota zituenean, haien kontra borroka egin zutenen lider nagusietako bat izan zen Ajund.
«2010eko martxoaren bostean hil zen Karachin, gaixotasun larri baten ondorioz. Haren familiak jaso ditu haren heriotza ziurtatzen duten frogak», azaldu du Zabiula Muyahid talibanak. Hala ere, «nazio islamikoaren eta Jihad afganiarraren heroiaren heriotza atxiloaldian jasandako torturak eragina» izan daitekeela adierazi du Muyahidek. Ajunden atxiloketaren inguruko informazio guztia emateko eskatu dio Pakistango agintariei.
NATOren tropek hamazazpi zibil hil dituzte Afganistanen, tartean umeak
Talibanek baieztatu dute Defentsa ministro ohia Pakistango kartzela batean hil zela duela bi urte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu