Imam Bugaigis emakume bakanetakoa da Libiako Trantsizioko Kontseilu Nazionalean. Muammar Gaddafiren aurka matxinatutakoen bozeramailea izan aurretik, Odontologia eskolak ematen zituen Bengaziko Unibertsitatean. Gatazka amaitzeko desiratzen dago, «fakultatera itzuli ahal izateko». NATOren aurkako hainbat kritika egin ditu azkenaldian, erasoetan motz geratu dela uste baitu.
Azken egunotako zurrumurruek diote Gaddafiren erregimenarekin akordioa izan daitekeela. Koronelak gidatutako trantsiziorako proposamenik onartuko al zenukete?
Libiarrek ez dute hori onartuko. Herri honek ez du onartuko Gaddafik edo haren erregimenak jarraitzea. Gaddafik legitimitate osoa galdu du, bereak egin du. Munduko herrialde guztiek diote hori
Beste espekulazio batzuek diote NATO harremanetan jarri dela erregimenarekin konponbidea bilatze aldera. Lurralde matxinatuetan ez dira gutxi ustezko harreman horien ondorioa dela NATOk bonbardaketak mugatzea...
Ez dut uste harekin hizketan ari direnik, baina badugu galdera bat NATOrentzat: zergatik ez daude Misratako biztanleak laguntzen eta eta zibilen hilketa eragozten? Garbi dago Gaddafi ez dagoela NBEren ebazpena errespetatzen eta horregatik ez dugu NATOren jarrera ulertzen. Baliteke Europarentzat edo AEBentzat gehiago lortu nahian presio egiten aritzea, ez dakit.
Azken egunotan behin eta berriro eskatu dituzue bonbardaketa gehiago? NATO matxinatuen aireko indarra bilakatu al da?
Argi dago ezetz. Baina Misratan edo Zintanen gertatzen ari dena kontuan hartu behar da. Baita Isdabijan gertatutakoa, edo Bengazin prestatzen ari ziren sarraskia. Zibilak babesten ari dira, besterik ez. Eta [NBEren] ebazpenaren zati batek su-etena berehalakoa izan behar duela dio, eta Gaddafi ez da betetzen ari.
Ezta zuek ere. Frontera doan edonork egiazta dezake zuen milizianoek NATOren bonbardaketei esker egiten dutela aurrera...
Arazoa da Gaddafi zibilen eremuei eraso egiten ari dela. Hiri batean bazaude eta zure anaia ondokoan badago, nola ez diozu esango askatzera joango zarela? Su-etenari buruzko ebazpenak esaten duena da Gaddafik bere soldaduak erretiratu behar dituela, tiratzaileak kendu eta adierazpen eskubidea errespetatu behar duela. Biztanle gehienek bere erregimenaren azpian egon nahi badute, perfektu. Baina berak ere badaki inork ez duela maite.
Atzerriko esku-hartzeari buruzko jarrera errotik aldatu duzue. Hasieran ez zenuten nahi, gero aire bazterketa eremua onartu zenuten eta, azkenean, indar gehiago eskatzen ari zarete. Lurreko tropak etortzea onartuko duzuen eguna iritsiko al da?
NBEko Segurtasun Kontseiluari eta NATOren buruzagitzari eskatzen diogun bakarra da gehiago egin dezatela zibilen hilketa eragozteko. Eta gaur egun ez da hori gertatzen. Edozein leku bonbarda dezakete, eta egiten badute, orduan joango gara gu gure anaia-arrebak askatzera. Baina egiten ari direna ez da nahikoa. Gainera oso motel doaz bonbardaketetan. Eskerrak ematen dizkiegu, baina gehiago nahi ditugu.
Lurreko inbasio bati buruz ari zara, ala aireko eraso gehiago eskatzen ari zara?
Soilik bonbardaketen bidez bada, perfektua izango litzateke. Baina zer edo zer egin behar dute.
Trantsizioko Kontseilu Nazionala duela bi hilabete sortu zen, baina haren kide guztiak ez dira artean ezagunak. Zer ari zarete egiten?
Libia askea ordezkatzen dugu. Gaddafiren esku dauden eremuetatik datozenen izenak ez ditugu iragarriko, haientzat arriskutsua delako. Trantsizio epe batean gaude. Ez daukagu instituziorik, eta ezerk ez du funtzionatzen. Gerran gaude, gure gazteak borrokan ari dira, eta ospitaleei buruz arduratu behar dugu. Gainera, etorkizunari begiratu behar diogu: konstituzio bat idatzi behar dugu. Premiazkoena herria askatzea da, eta erasopean dauden eremuak kudeatzea.
Nork hautatu ditu Kontseiluko kideak?
Herri bakoitzean udal kontseilua eratu genuen, eta haren esku dago inguru horietan ongi ikusitako jende prestatua bilatzea. Kontseilu bakoitzak pertsona bat edo bi izendatu ditu, biztanle kopuruaren arabera. Horixe da egoera zail honetan lortu dugun prozesu demokratikoena.
Baina zeintzuk osatzen duzue?
Herrialde osoa askatu arte askatutako eremua kudeatuko duen jende prestatuak osatzen dugu.
Zein programa du Trantsizioko Kontseilu Nazionalak?
Estatu zibila sortzeko ados jarri gara, botere banaketarekin, alderdi askotako demokraziarekin, giza eskubideen errespetuarekin... Eta horregatik gure herriari Libiako Errepublika deitu nahi diogu. Ez garelako sozialistak; liberaltzat jotzen dugu geure burua. Baina, noski, herritarren eskubideak babestuko ditugu, administrazio garbia osatuko dugu, biztanle guztientzat.
Zein parte hartze dute islamistek iraultzan? Muturreko talderik agertu al da?
Jendeak, 42 urteko errepresioaren ondoren, fedean eta armetan har zezakeen babesa. Baina gu moderatuak gara, musulmanak izan arren. Erlijioa ez da arazoa gizarte honetan. Gure kultura errespetatu nahi dugu, eta errespetatuak izan. Ni naiz horren adibide. Ez dut zapirik, eta begirunez tratatzen naute; ez dut bizitzeko arazorik. Emakume gehienek erabaki dute burua estaltzea, kontserbadoreak baikara. Hori da gure kultura. Baina horrek ez du esan nahi gure adimena edo pentsaera ere estaltzen dugunik. Ez dugu Mendebaldearentzat egokia den zerbait eraiki behar, baizik garen horretara fidel izan behar dugu.
Paradoxikoa da, baina Gaddafik eta AEBk aurpegiratu dizuete zuen artean Al Kaedako kide ohiak daudela.
25 pertsona baizik ez dira. Herritar arruntak dira eta harro gaude haietaz, gurekin eskuz esku borrokatzen ari direlako herrialdea askatzeko. Preso zeudenean uko egin zioten Al Kaedaren pentsaerari; orain ez dute inolako interesik Mendebaldea ikaratzeko. Herritarrei galde iezaiezu eta ikusiko duzu moderatuak garela. Gertatzen ari dena ona da munduarentzat, Mendebaldearentzat barne. Jendeak badaki norbaitek Al Kaedarekin edo muturrekoekin bat egiten duela desesperaturik daudenean. Guk beste aukera bat eman diegu, esaten benetako borroka beren lurrean dagoela, diktadoreen aurka egiten
Libia oso herrialde kontserbadorea dela kontuan hartuta, zer zeregin izango du emakumeak iraultzan?
Egunero ikus daitezke manifestazioak emakumeekin. Lehen ez geunden horretara ohituta. Harro gaude kalera atera ahal izateaz eta pentsatzen duguna esateaz. Eta emakumeak daude iraultzaren egitura guztietan.
Imam Bugaigis. Kontseilu Nazionaleko eleduna
«NATOri eskerrak ematen dizkiogu, baina bonbardaketa gehiago nahi ditugu»
Libiako ekialdea kontrolatzen duen jarduneko aginteak epelegi jokatzea leporatzen dio aliantzari, eta aitortu du laguntza handiagoa behar duela Gaddafi boteretik botatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu