Irene Asuwa. Kenyako Justizia Ekologikoa kolektiboko koordinatzaileetako bat

«Natura zainduz onurak lor ditzakegula erakusten dugu»

«Espazio publiko izan beharko luketenak berreskuratu, eraldatu eta birgaitzen» aritzen den taldeko kidea da Asuwa. Klima krisiaren eragina «arintzen saiatzea» da haien helburuetako bat.

OSKAR EPELDE JULDAIN.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Kenyan, tokian tokiko kolektibo txikiak COVID-19 garaian agertu ziren, bereziki hiri kanpoaldeko auzo pobreetan; haiei esker, beharraren beharrean oinarritutako praktikak egiten dituzte, komunitate osoaren mesederako espazio publikoa lortu eta baliatuta.

Irene Asuwak hamaika borroka egin ditu, Soziologia eta Zientzia Politikoen Ikasketak bukatzeko azterketa bat geratzen zaiolarik. Batetik, klima ekintza zuzenak martxan jartzeko aholkularitza baten talde teknikoan ari da lanean; klima justiziaren gatazkak auzipetzen laguntzen diete tokiko komunitateei. Bestetik, halabeharrezko migrazioa aztertzen duen Paul Ehrlich fundazioaren ikerketetan parte hartzen du; hiri lekualdatzea aztertzen dute bereziki, ingurumenak eta beste hainbat faktorek duten eraginari begiratuz.

Azkenik, Justizia Ekologikoa kolektiboko koordinatzaileetako bat da: Nairobi Handiko hainbat auzotako komunitateen borrokak eta ikasketak elkar gurutzatzen ditu.

Zer egiten duzue?

Espazio publiko izan beharko luketenak berreskuratu, eraldatu eta birgaitzen ditugu. Kenyan, ibaiertz, errepide edota trenbide legeek, adibidez, lur publikoak bereizten dituzte, baina lur horiek kutsatuta daude, eta auzolanari esker berreskuratzen ditugu, agintariei jakinarazi ondoren.

Zerk batzen ditu Justizia Ekologikoa kolektiboko komunitateak?

Baliabide naturaletarako sarbiderik ez duten auzoak dira. Ez dute etxe duin bat eskuratzerik, eta espazio publikoak berreskuratzen dituzte, baita janaria ekoizteko lekuak eta haurrentzako jolas eremuak ere. Gazteek kirola egiteko tokiak izaten dituzte, eta komunitateek beren jarduerak egiteko espazioak sortzen dituzte.

Nairobiko Baba Dogo auzoan, emakume talde batek soro bihurtu du ibaiertzeko zabortegi zikin bat. Lehen, segurtasunik ezagatik, inor ez zen ausartzen han sartzera; orain, haurrak han jolasten dira, eta taldeek bilerak egin ohi dituzte.

Txaboletan bizi diren haur gehienen eskoletan ez da jolaslekurik, eta etxebizitzetan ere ez dute jolasteko tokirik. Auzo pobreetako nerabeak Poliziaren jomugan daude; jazarpena jasaten dute. Ezer egiteko tokirik ez dutenez, delitu txikiak egiten hasten dira, eta poliziek miaketetan harrapatzen dituzte. Berreskuratutako espazio horiek gauza emankorrak egiten hasteko bideak sortzen dizkiete.

Baba Dogon, espetxe zigorrak bete dituztenak edo errehabilitaziotik atera direnak ditugu gurekin, eta zaharberritze eta birsorkuntza jarduerak erabiltzen dituzte komunitatean gizarteratzeko.

Berria da?

Ez, baina elkarrekin hitz egiten eta elkarrengandik ikasten ari dira, lehen ez bezala. Lehen, norbere txokoetan murgilduta zeuden, oraingo ikasketa kolektiborako aukerarik gabe. Borroka ez da desberdina, baina modu desberdin batean borrokatzen dira orain.

Zergatik deitu diozue Justizia Ekologikoa kolektiboa?

Osotasunari begiratzeko. Klima krisiaren eragina arintzen saiatzen gara, eta justiziari begiratzen diogu, ondare kolonialari. Gure hiriak, Nairobi bereziki, monumentu kolonialak dira. Jende pobrea eremu berezietan sartu zuten; harrezkeroztik, ez dute espazio publikoetarako sarbiderik, eta oinarrizko tresnak eskuratzeko aukera oso mugatua dute. Horietako asko desjabetuak izan ziren, injustizia historikoen biktimak. Landaketa kolonialetan eta lantegietan eskulan merkea eskaintzen zuten, jakina.

Gu gara herrialde honetako jendea: zergatik ez dugu baliabideetarako sarbiderik? Zergatik aldentzen gaituzte gure herrialdearen baliabideetatik? Gure ustez, gizakiaren duintasunaren parte dira: kalitatezko janaria, etxebizitza duina, ur garbi eta erabilgarria, eta elektrizitate fidagarria eta merkea eskuratzea.

Borrokan ari zarete, baina berreskuratutako espazioa komunitatea hobeto bizitzeko da. Natura ere zaintzen duzue.

Natura zainduz onurak lor ditzakegula erakusten dugu; afrikarrek beti egin dugu hori. Naturarekin harreman oso intimoa dugu; baina zaharberritzea eta birsorkuntza ez da bakarrik lekua berdeagoa izatea. Naturarekin eta jendearekin dugun harremana gure sustraietara itzuli behar dugu.

Natura ez da hustu eta agortu behar dugun zerbait: gorde egin behar da, erabiltzeaz gain. Belaunaldi zaharragoek eman ziguten, eta guk ondorengoei eman behar diegu. Haurrak ere kolektiboko kidetzat hartzen ditugu, inoiz lekukoa hartuko baitute.

Zer dator jarraian?

Etorkizuna hainbat mugimenduren arteko elkarrizketa eta trukeak dira: une oro lotuta egotea, tokikoa eta globala konektatzea, azterketa ekonomiko eta politikoak uztartzea... Nahi dugun jasangarritasuna lortu nahi badugu, nekez lortuko dugu egungo sistemarekin. Demokraziak ez du esanahirik oinarrizko tresnak eskuratu ezin baditugu, oraindik ere baliabide naturaletarako sarbiderik ez badugu.

Kolektiboaren lanak ekarriko al du aldaketarik?

Batzuetan, benetan zertan ari naizen galdetzen diot neure buruari [barrez]. Zeren aurka gauden kontuan hartuta, lan handia dago egiteko. Baina haurrengan etorkizuna ikusten dut.

Egun dituen eraginak ere bai: espetxetik datorren jendea birsorkuntza eta zaharberritze lanean ikustea, gizaki hobeak bilakatzeko; jendea humanizatzen ikustea. Duintasuna sakon lurperatua dute.

Baba Dogon emakumeak dira.

Gizonezkoak ere bai, baina emakumeak oso sortzaileak dira. Baba Dogon xaboia eta hilekorako produktuak egiten dituzte jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.