Nairobi, utzikeriaren biktima

Kenyan ehun pertsona baino gehiago hil dira azken egunetako uholdeen ondorioz. Kalte handienak txabola auzoetan eragin dituzte euriteek, eta «arduragabekeriaz» jokatu izana egotzi diete herritarrek agintariei.

Nairobiko txabola auzoak ia erabat suntsituta utzi dituzte uholdeek. CLARICE HALANGA
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2024ko apirilaren 29a
09:34
Entzun

Hutsetik hastea bezala izango da askorentzat. El Niño fenomenoak eragindako euriteek eta haize bolada bortitzek Nairobi hegoaldeko txabola auzoetako etxebizitzak suntsitu dituzte azken astean. Gaur, astelehena, apirileko opor osteko lehen eguna dute Kenyako eskoletan, baina haurren koadernoak eta liburuak suntsituta daude, baita uniformeak ere.

«Astearte goizean zaratarekin esnatu nintzen», gogoratu du Mathareko Caroline Anyangek. Gauzak okertzen ari zirela ikusita, alde egitea erabaki zuen, eta eskerrak. Euria egiteari utzi zionean, bere etxera hurbildu zen, eta atetik ura sartzen ari zela ikusi zuen. «Sinesgaitza da zer-nolako indarra zekarren urak. Janaria, arropa, uniformeak, dena suntsitu zuen», azaldu du. Gaua etxetik kanpo pasatu zuten, berak eta sei haurrek. Etxean lo egiteko beldur dira, euria atergabe ari duelako.

Hedabideen arabera, uholdeen ondorioz ehundik gora pertsona hil dira Kenyan; horietatik 40 inguru gaur bertan, urtegi bat lehertzearen ondorioz. Kalte handiena, halere, Nairobi inguruko txabola auzoetan eragin dute euriteek, eta herritarrek uste dute han gehiago izan daitezkeela. «Zenbaki txikia da, nire taldeetakoek hamar hildakoren berri eman didate. Gorpu asko desagertuta daude; urak eraman zituen. eta ez dira oraindik agertu. Gainera, jende gehiago hilko da, gobernuak ez baitu ezer egin», salatu du Azuhek, emakumeen elkartasun sareko kideak.

Biktimetako bat Jacinta Adhiambo izan da, eta haren bi seme-alabak. Uholdeak familia osoa ito zuen asteazken gau hartan. Adhiamboren ama bakarrik salbatu zen, mirariz, nahiz eta larri geratu, hankarik gabe. Adhiambo Poliziaren biktimen amen elkarte baten sortzailea da; Poliziaren tiroketa batean galdu zuen semea. Mathare justizia sozialeko zentroko tailerretan aktiboki parte hartzen zuen.

«Bizirik eta osorik gaude. Jainkoari eskerrak ematen dizkiogu lagun batek ekarri dizkidan maindireengatik. Ume txiki bat dut  eta hotzaren beldur naiz, Jainkoak bakarrik lagundu diezaioke», esan du Carok. Ahizpa eta biak etxe berean bizi dira bi seme-alabekin batera, eta ezin dituzte haurrak eskolara eraman. Caroren senarra langabezian dago, eta berak arropa garbitzen egiten du lan, ahal duenean; 150 txelin irabazten ditu, euro bat pasatxo. Bain aurak suntsitu egin die eskolarako material guztia, eta orain ez daukate nahikoa diru berria erosteko.

Afrikako izpiritua bizirik dago, ordea, auzo txiroetan, eta elkartasunarekin oztopoak murrizten saiatzen dira. Mathareko bizilagun zaharrenek diote inoiz ez dutela horrelako uholderik ikusi hemen. Caro duela hamahiru urte iritsi zen Matharera, eta konfiantza du Jainkoak bidea irekiko diela. Bizilagunen babesa izan du orain arte. Haiek ekarri dizkiote esnea, maindireak eta janaria, baina beldur da urak ez ote duen guztia berriro eramango. Iragarpenaren arabera, euria egiten jarraituko du datozen egunetan, eta kezka du datozen urteetan ere uholdeak helduko ote diren. Ez du dirurik beste norabait bizitzera joateko. «Ez da agintaririk heldu nola ote gauden galdetzera», esan du.

Auzotarrek lehentasuntzat dute da zer gertatu den eta zergatik jazo den aztertzea. Justizia Sozialeko Zentroak eta txaboletako gazte eta emakume taldeak beren buruak antolatzeko lanean ari dira, egun duten errealitatea irauli eta beren buruak ahalduntzeko. Uholdeek eragindako tragedia «estatuaren utzikeriak» eragindakoa dela salatzen dute. «Iazko urte amaieran eta urte honen hasieran meteorologia zerbitzuak eurite handiak zetozela ohartarazi zuen, eta jendea babesteko beharrezko azpiegiturak eraiki eta orokorrean prestatzeko beharra zegoela adierazi zuen. Gobernuak abisuak isilarazi zituen, eta eraikuntza proiektu irregularrak onartu zituen hezeguneetan eta ibaiertzeko lurretan, eta drainatze xedapen egokirik gabeko bide, eraikin eta etxeak eraikitzea onartu zuen», azaldu du Justizia Sozialeko Zentroko kide batek.

Komunitateko gizarte eragileek eta justizia sozialeko zentroek ohartarazi zuten gobernuaren egitasmoen arriskuez, baita ibaiak atzerriko inbertsioak garatzeko eremu gisa birkalifikatzeaz ere. Jendea kexatu zen, baina ez zieten jaramonik egin, edo jazarri egin zitzaizkien. Ondorioz, gobernua egiten duten gertatutakoaren erantzule, herritarren eskaerei «entzungor» egin dielako eta «isilarazi» egin dituelako. «Hau eragotz zitekeen, gobernuaren ezgaitasunagatik eta jendearen bizitzari dioten erabateko mespretxuagatik ez balitz», gaitzetsi du emakume lider batek.

IMG 20240426 WA0091
Vallary Akiny, bere etxean. OSKAR EPELDE JULDAIN

«Ez dut inolako laguntzarik jaso»

Vallary Akinyik 19 urte ditu, eta haurdun dago. Haurdun utzi zuen gizonezkoak alde egin zuen. Bakarrik bizi izan da geroztik. Hilean 3.000 txelinen truke logela bat alokatua zuen, ibaiaren ibilgutik ez oso urrun. Baina ez du lanik edo bestelako diru-sarrerarik. Txikitan galdu zituen gurasoak. 2008ko hauteskundeen ostean gertatutako bortizkerian iritsi zen Nairobira bere osabarekin batera.

Non zeunden asteazken gauean?

Etxean nengoen, lotan. Uholdeak hasi zirenean, balkoira atera nintzen, eta han egon nintzen bizilagunekin. Beldurgarria eta izugarria izan zen. Ez nuen inoiz halakorik ikusi. Oraingoz, lagunen etxean hartu du aterpea. Ozta-ozta elkarri lagundu ahal diogu, denok galdu dugulako ia guztia. Ez didate inolako laguntzarik eman ez gobernuak eta ez gobernuz kanpoko erakundeek.

Ezer berreskuratu ahal izan duzu?

Ez. Hutsetik hasi behar izatea bezala izan da, ez baitzegoen ezer gordetzerik. Nire ziurtagiri guztiak bustita zeuden.

Ba al duzu lanik?

Noizbehinka nire anaiei laguntzen diet, baina ez da benetako lana.

Zer egiten dute zure anaiek?

Motozikletak konpontzen dituzte.

Zer egingo duzu orain?

Ez nago seguru, nire lagunentzat zama bat naizela sentitzen baitut, oheari dagokionez, osasunari dagokionez eta elikadurari dagokionez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.