Nazien oinarri eta antolaketa berak izatea egotzi diote Egunsenti Urrekarari Grezian

Mikhaloliakosi 'fuhrer' deitzen dio fiskalak, eta alderdiak bi zati bereizi dituela dio: politikoa eta eragilea, bortxazkoa

Erredakzioa
2013ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alemanian Adolf Hitlerren Alderdi Nazionalsozialistak izan zituen oinarri eta antolaketa modu berak izan ditu Grezian Nikos Mikhaloliakosen Egunsenti Urrekarak. Hala dio, behintzat, Kharalambos Vurliotis fiskalak, alderdi neonaziaren aurkako sumarioan.

Egunsenti Urrekarako kide batek iragan astean Pavlos Fyssas ezker muturreko rap kantaria hil zuenetik, azkartu egin dute Grezian alderdi neonaziaren aurkako prozesua. Gaur igaroko dira epailearen aurretik 22 atxilotuetatik lehenak. Mikhaloliakosek, Egunsenti Urrekarako liderra eta fuhrer gisa identifikatua sumarioan, bihar deklaratuko du. Eta haren ordezkari Khristos Pappasek—bere burua entregatu zuen igandean parlamentuko taldeko buruak—, ostegunean.

Egunsenti Urrekaran autoritate guztiaren jatorria Mikhaloliakosengan zegoela argudiatu du fiskalak: Fuehrerprinzip edo autoritate dogma alderdiko kide guztiek obeditu beharrekoa zen, eta haren aginduak, Pappasen bidez helaraziak, «sakratuak eta urraezinak» ziren. Egunsenti Urrekarak, egitura piramidal batean antolatua, bi fakzio bereizi zituela azaldu du fiskalak: bata politikoa, eta bestea eragilea, bortxazkoa.

Fakzio eragilearen zeregina «erakundeak etsaitzat zituenen kontrako bortxazko erasoak» egitea zen: immigranteak, ijito erromaniak, ezkertiarrak, baita buruko urritasuna zutenak ere. «Gure arrazakoak ez diren guztiak azpigizakiak dira» leloa baliatzen zuen bere burua «greziar nazionalisten mugimendu» gisa zuritu izan duen alderdiak.

Greziako Polizia Egunsenti Urrekararen arma biltegien bila ari da, bereziki Atenas hiriburu inguruan.

Diru laguntza publikoen auzia

Greziako Gobernuak lege proposamen bat bideratu zuen atzo parlamentuan, buruzagiak delitu larriengatik inputatuak dituzten alderdiei diru laguntza publikoak eteteko. Behin epaitu eta errugabe joz gero, diru laguntza itzuliko litzaieke. Fiskalak Egunsenti Urrekara talde kriminaltzat jo ondoren hartu zuten erabaki hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.