Myanmar

Nazioarteak Aung San Suu Kyiren askatasuna txalotu du, eta Myanmarreko beste 2.200 preso politikoak askatzeko eskatu

Aske geratu da Aung San Suu Kyi oposizioko kidea, hemezortzi urteko etxeko arrestoaren ostean. 3.000 jarraitzaile zituen etxe atarian zain.

2010eko azaroaren 13a
18:55
Entzun
Nazioarteak txalotu egin du gaur Aung San Suu Kyi Myanmarko demokraziaren aldeko militantearen askatasuna. Gaur amaitu da Aung San Suu Kyiren 18 hilabeteko etxeko arrestoa, eta dagoeneko libre da Myanmarko demokraziaren aldeko militantea.

Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak bere "desiorik onenak" opa dizkiola esan du, eta lehenago askatu ez dutelako atsekabea agertu du, modu horretan aurreko asteko hauteskundeetan parte hartu ahal izango zukeelako.

Barack Obama AEBetako presidenteak "heroia" dela esan du. "Myanmarren eta mundu osoan giza eskubideek aurrera egitea nahi dutenentzat inspirazio iturri da", esan du Obamak. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak gauza bera esan du, eta Suu Kyiren atxiloketa "fartsa" bat izan zela salatu du, "Myanmarreko herria isilarazteko".

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, gainera, Myanmarren dauden gainontzek preso politikoak askatzeko eskatu du, Suu Kyi goratu beharreko eredua dela esateaz gain. Desmond Tutu artzapezpiku hegoafrikarra, bere aldetik, gaurkoak Myanmarreko herriarentzat itxaropena suposatzen duela esan du.

Demokraziarako Liga Nazionalaren presidentea da Sun Kyi, eta 1991. urtean Bakearen Nobel saria jaso zuen. 65 urte ditu eta azken 21 urteetatik 15 etxean pasa ditu modu baketsuan demokraziaren aldeko erreformak eskatzeagatik. Azken zigorra 2009. urtean jarri zioten. Urtebete baino ez zeraman libre, aurreko zigorra bete zuenetik. Sun Kyiren ordezkariak orain ere ez duela baldintzatutako askatasunik onartuko jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.