Nazioarteko zigorra, historia suntsitzeagatik

Hagako auzitegiak gerra krimentzat jo ditu ondare historikoaren aurkako erasoak. Bederatzi urteko espetxealdia ezarri dio Maliko herritar bati

Ahmad al-Faqi al-Mahdi Nazioarteko Zigor Auzitegian, atzo. BAS CZERWINSKI / EFE.
mikel rodriguez
2016ko irailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nazioarteko Zigor Auzitegiak bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri dio Ahmad al-Faqi al-Mahdi Maliko herritarrari, ondare historiko gisa sailkatutako eraikinak suntsitzeagatik gerra krimenen errudun dela ebatzita. Horrenbertzez, nazioarteko justiziak lehenbiziko aldiz gerra krimentzat hartu du ondare historikoa suntsitzea. «Epaiketak zerbaiterako balio behar du: inor inpunitatez hil ezin dugun bezala, ezin dugu munduko ondarea inpunitatez deuseztatu ere», adierazi du El-Boukhari Ben Essayoutik, Timbuktu hirian ondarearen berreraikuntza lanak zuzendu dituen batzordeko kideak.

Duela hilabete hasi zen Al-Mahdiren epaiketa. Hasieratik errudun izendatu zuen bere burua, eta barkamena ere eskatu zuen. «Musulmanei aholkatu nahi nieke ez egiteko nik egin nituen ekintzak, gizateriari ez baitiote deus onik ekarriko». Barkamena eskatzea eta damua erakustea kontuan hartu dio auzitegiak, zigor luzeagoa ez ezartzeko aringarrien artean. Hala ere, Raul Cano Pangalangan epaileak erran du «larritasun nabarmenekoak» direla Al-Mahdiri egotzitako delituak. Maliko Gobernua, ohar batean, pozik agertu da epaiarekin. «Itxaropena izateko motibo bat da narkoterroristek Mali iparraldean ezarri duten ideologia basatiaren biktimentzat».

Al-Mahdik aitortutako erasoak 2012an gertatu ziren. Nagusiki tuaregek osatzen duten MNLA Azawadeko Nazioa Askatzeko Armadak Maliko armada kanporatu zuen iparraldeko Azawad lurraldetik, baina muturreko talde islamistek, ezegonkortasuna baliatu, eta hiri nagusi gehienak hartu zituzten. Epaiaren arabera, horietako talde bateko kidea zen Al-Mahdi, eta hark zuzendu zuen Timbuktun XIII. eta XVIII. mendeen arteko hamar mausoleo eta meskitaren suntsipena, ideologia wahabiak idolatratzat zituelako. Al-Mahdi 2015ean atxilotu zuten, Nigerren, eta Hagara (Herbehereak) estraditatu zuten.

Aurrekari izateko aukera

Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak uste du epaiarekin aurrekari bat ezar litekeela antzeko kasuetan ere zigorrak ezartzeko. Bereziki begi artean hartuak ditu EI Estatu Islamikoak Siriako Palmira eta Irakeko Ninive hiri historikoetan egindako txikizioak. Zailagoa izanen da, ordea, armada batek bonbardaketetan egindako suntsipenengatik epaiketaren bat egitea, atzoko epaiak bi elementu zehazten baititu: Timbuktuko erasoak «nahita» egin zituztela, eta gerra krimen direla «helburu erlijiosoarekin» egin zituztelako, «ez militarrarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.