Mundu multilateral baten aldeko hitzaldia egin du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, gaur, 72 estatuburu eta gobernubururen aurrean, I. Mundu Gerraren armistizioaren mendeurrenean. Parisko Garaipenaren Arkuko ekitaldian, nazioarteko elkarlana defendatu du eta "nazionalismoa" kontrajarri dio elkarlan horri. "Nazionalismoa abertzaletasunaren kontrakoa da, hain justu. Nazionalismoak traizio egiten dio", adierazi du.
Macronek nabarmendu duenez, "nazioarteko lehen elkarlan" egitasmoak dira I. Mundu Gerrak utzitako irakaspen nagusia, eta ez "herrien arteko gorrotoa". Frantziako presidenteak aldarrikatu du "herrien arteko laguntasunak gudariaren grina" garaitu behar duela. Ildo horretan, "nazioarteko instantziak eta foroak atzoko etsaiei elkarrizketa errazteko bide" izatearen alde agertu da.
"Gure kontinentan horri Alemaniaren eta Frantziaren artean landutako laguntasuna deitzen zaio. (...) Horri deitzen zaio Europako Batasuna, aurretik historian ikusi gabeko borondatezko batasuna, gerra zibiletatik libratzen gaituena. Horri deitzen zaio Nazio Batuen Erakundea, bere patua halabeharrez lotuta duen mundu baten ondasun komunak defendatzeko elkarlan izpirituaren bermea", gaineratu du.
I. Mundu Gerraren ostean, garaileek izan zuten jarreraren ondorioez ohartarazi du Macronek, antzekotasunak ikusten baititu egungo nazioarteko egoerarekin. "Humiliazioak, mendeku izpirituak, krisi ekonomiko eta moralak, nazionalismoaren eta totalitarismoaren gorakada elikatu zuten". Egun, iragan tragikoa itzultzearekin mehatxu egiten ari da historia". Aurrean zituen agintariei ohartarazi die beraiek "izugarrizko ardura" dutela hori eragozteko. "Elkarrekin aurre egin diezaiekegu mehatxu horiei: aldaketa klimatikoari, pobreziari, goseari, gaixotasunei, desberdintasunei, ezjakintasunari".
Azken astean, hainbat agintarik estu hartu dute Macron, egin dituen adierazpenengatik.