Katalunia. Burujabetzaren bidean. Muriel Casals. Omnium Culturaleko presidentea

«Nazkatu gara irauteaz, hazi eta loratu egin nahi dugu»

Via Catalana ekinbidean asko inplikatu da Omnium Cultural. Independentziaren aldeko urratsak egiteko ordua iritsi dela uste du elkarteko presidenteak.

ALBERT GARCIA.
Ion Orzaiz.
Bartzelona
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Llengua. Cultura. Pais (Hizkuntza, Kultura, Herria). Hori da Omnium Cultural erakundearen leloa, eta hiru helburu horiek lortze aldera, independentzia biderik zuzenena dela uste du Casalsek.

Kataluniak 2014rako egin nahi den erreferenduma Madrilek debekatuz gero, hauteskunde plebiszitarioetara deitu nahi du Artur Masek 2016an. Zer iruditzen zaizu erabakia?

Guretzat, 2014. urtea oso zerumuga garrantzitsua izan da beti, eta eutsi beharko genioke. Azken urteak biziak izan dira guretzat: Kataluniako Estatutuaren erreformarekin hasi zen dena, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako zaplaztekoa etorri zen gero, 2010eko manifestazio handia, ondorengo eztabaida eta hausnarketa prozesua, iazko Diadako manifestazio are handiagoa... Tentsioa etengabea izan da azken hiruzpalau urte hauetan, eta jakin badakigu tentsio horri ezin izanen zaiola luzaroan eutsi. Amaiera behar du, nonbait. Beldur naiz ez ote garen nekatzen hasiko. Horregatik, neke fisikoa eta psikologikoa gailendu aurretik, oso garrantzitsua da independentzia prozesua 2014an abiatzea. Errespetu handia diegu prozesu honekin bat egin duten alderdi politikoei, eta behin baino gehiagotan esan dugu bide orriaren egutegia haiek zehaztu behar dutela; baina guk presio egin behar dugu 2014an aurrerapausoak eman daitezen.

Erreferenduma egin beharrean hauteskunde plebiszitarioak egitea ez al da ordezko bat?

Hala da, bai, baina indar handiko ordezkoa da. Finean, bozak plebiszitu gisa aurkezteak ere aukera ematen dizu independentziaren aldeko botoak zenbatzeko. Horretarako, alderdi politiko bakoitzak bere programan zehaztu beharko du independentzia adierazpen aldebakar bat babesten duen ala ez. Ezaugarri hori betetzen bada, beraz, erreferendumaren itxura hartuko du hauteskundeak, eta onargarria izanen da ordezko hori.

Independentziaren aldeko aldarriak hautsak harrotu ditu PSC eta UDC alderdien barruan. Nola ikusi dituzue tirabira horiek?

Ez dut gustuko alderdi politikoen barne aferen gainean mintzatzea, baina ez da horren harrigarria ere independentziaren apustuak zalantzak eta eztabaidak piztea. Alde batera ala bestera jo beharko dute alderdi horiek denborarekin. Independentziaren alde gaudenoi dagokienez, baiezko botoaren onurak azaltzen eta kezkak uxatzen lagundu behar diegu, mundu guztia konbentzitzea ezinezkoa dela jakinda.

Orain arte, independentziaren aldeko hotsak ez ziren horren ozen entzuten zenbait alderdi politikoren barruan. Zergatik gertatu da jarrera aldaketa hori?

Nik bi faktore antzematen ditut. Batetik, Espainiako Gobernuaren jarrera oldarkorra. Katalanen nahiekiko oso errespetu gutxi agertu du Madrilek orain arte, eta askotan, Espainiako legediak ezartzen duena baino are joera murriztaileagoa eta baztertzaileagoa erakutsi du gobernuak. Hortxe dugu hezkuntzan Wert legea, esate baterako. Halako neurriek independentistak sortu besterik ez dute egiten, haserrea eragiten dutelako. Dagoeneko, askok erabakia dute Espainia aldatzen saiatzeari uztea eta parekidetasunean oinarritutako beste harreman bati heltzea.

Eta beste faktorea zein da?

Beste faktorea baikorragoa da, nire ustez: herrialde subirano bat izateko nahia bazegoen lehendik ere, baina gutxi batzuek bakarrik adierazten zuten argi eta garbi. Herritar askoren artean —erdiko klaseko nazionalista moderatuak edota gizarte gaietan erradikalagoak zirenak, batez ere— estalia zegoen independentismo hori, eta azkenaldian azaleratu da. Eta behin gar hori piztuta, ez dago gelditzerik. Ez da soilik Mariano Rajoyren gobernuaren kontrako etsipena. Ilusioa ere bada; berria den zerbait eraikitzeko ilusioa. Eta ilusio horri esker, egunero dugu independentziara batu den norbaiten berri: pertsonaia ezagunak, intelektualak, kaleko jendea...

Omnium Cultural erakundea bera izan da independentismoaren aldeko hautua berriki egin duenetako bat. Zergatik?

Gure kasuan ere, independentzia nahia hor zegoen lehendik ere, baina gordea. 2012ko udazkenean atera ginen armairutik, Gramaneteko Santa Coloman egin genuen ekitaldi batean. Orduan, jendaurrean esan genuen independentziaren alde lan eginen genuela, eta, zorionez, ordutik ez digu kide bakar batek ere alde egin; alderantziz, erakundearen bazkide sortzaileek begi onez ikusi dute aldaketa.

Guretzat urrats naturala izan da: Kataluniako hizkuntzaren eta kulturaren alde lanean diharduen entitate batek helburu horiek bermatuko dituen aukeraren alde egin behar du beti; eta kasu honetan, independentzia da gure hizkuntza eta kultura bermatzeko biderik zuzenena.

Etorkizun ilunagoa al du katalanak eta Kataluniako kulturak, Espainiari lotuta segituz gero?

Indar izugarria dute herrialde honetako kulturak eta hizkuntzak. Katalanak horren gara burugogorrak ezen baldintzarik zailenetan ere aurrera ateratzea lortu dugun, eta horren adibide da 1939tik aurrera izandako egoera latza. Beraz, katalanaren eta Kataluniako kulturaren etorkizuna bermatua dagoela uste dut. Hala ere, ez dugu beti geure burua defenditzen ibili nahi. Gaur egun, Europako literaturarik onenen mailan dago Kataluniakoa, hainbat hizkuntzatara itzuliak diren idazleak ditugu, eta kultura katalana oso emankorra da, baina horri guztiari eustea oso zaila izanen litzateke, errepresio edo bazterketa egoera batean.

Bizirik irautea eta bizitzea ez baitira gauza bera...

Horixe da. Nazkatu gara irauteaz, hazi eta loratu egin nahi dugu. Eta hori egiten dugu Katalunia maite dugulako, baina baita Europa maite dugulako ere. Europaren aberastasun nagusietako bat aniztasuna da. Kultur eta hizkuntza aniztasuna. Bada, guk ez diogu Kataluniako kultura ukatu nahi Europari, hori egitea kontinente osoa pobretzea izanen litzatekeelako.

Espainiar nazionalismoak, ordea, «independentzia edo Europa» hautua egitera behartzen dute Katalunia.

Bai, hala da. Eta gezur hutsa da hori. Beti hautuak egitera behartu nahi gaituzte. Kultura espainiarraren eta katalanaren arteko dikotomia planteatzen dutenean bezala. Bati mesede egiteak besteari kalte eginen balio bezala. Eta kontrakoa da erabat.

Nola uste duzu izanen dela heldu den asteazkeneko Diada?

Uste ez, badakit lanean gogor ari garela eta, beraz, arrakasta itzela izanen dela.

Eta Katalunia independente bat, noizko?

Ez dakit noiz amaituko den prozesua, baina luze jo arren, inportantea da 2014an hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.