Bederatzi urte daramatza Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Komunaren Nazioarteko Eguna egiten. Aunitzendako txikikeria bat dirudien arren, munduan 3.600 milioi pertsonak ez dute ongi saneatutako komun bat erabiltzeko aukerarik, eta horrek zuzenean eragiten die osasunean. Errealitate horiek argitara ateratzeko erabiltzen da egun hori, saneamenduarekin lotutako mundu krisi horren aurkako neurriak hartu daitezen.
Ikusezina den baliabidea ikusaraztea leloa erabili du NBEk aurten. Esaldi horren mezu nagusia da modu egokian kudeatutako saneamendu batek lurpeko urak babesten dituela giza gorotzarekin kutsatuak izatetik. Izan ere, etxeetan erabiltzen den uraren erdia lur azpitik hartutako ura da, eta, komunetan saneamendu egokia ez badago, ur horiek giza gorotzarekin kutsa daitezke. Zehazki, munduan, 2.000 pertsona inguruk ur kutsatua erabiltzen dute.
Horrek ondorio nabarmenak ditu: egunero, bost urte baino gutxiago dituzten 800 ume inguru hiltzen dira osasunaren kalterakoa den ura kontsumitzeagatik, egokia ez den saneamenduarengatik edo higiene eskasagatik.
Hiru ideia azpimarratu ditu NBEk: saneamendu egoki batek lurpeko urak babesten dituela, komunak eta saneamendu sistema edozein aldaketa meteorologikori aurre egiteko modukoak izan behar direla, eta Garapen Jasangarriko seigarren helburua betetzeko ezinbertzekoa dela saneamenduari lotutako neurriak hartzea. Hala, Antonio Guterres idazkari nagusia honela mintzatu da gaiaz: «Ez dago denborarik galtzeko. Gogoz lan egin dezagun ura eta saneamendurako oinarrizko giza eskubidea errealitate bihurtzeko, leku guztietan».