Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Myanmarrerako giza laguntza berriz ere martxan jarriko du bihar. Nancy Roman Munduko Elikagai Programako (MPE) komunikazio arduradunak adierazi duenez, “Myanmarko Gobernuarekin janarien banatzearen inguruan eztabaidan jarraitzen dugun arren, beste bi hegazkin bidaliko ditugu bihar Myanmarrera, aurreikusita zegoen bezala”. 38 tona janari eta materialez beteta daude hegazkinak, eta 95.000 pertsonentzat zuzenduta daude.
Gaur, MPEk salatu duenez, Junta Militarrak beretzat hartu du Nargis zikloiak eragin dien herritarrentzat bidalitako giza laguntza. Myanmarko Junta Militarrak entzungor egin die nazioartearen eskaerei. Atzerri Ministerioaren arabera, Myanmar ez dago prest atzerriko giza laguntzaileak eta kazetariak hartzeko: "Hala, nazioarteak biktimei laguntzeko erarik onena botikak, elikagaiak, arropa, elektrizitate sortzaileak, babesteko ondasunak eta finantza laguntza bidaltzea da". Aldi berean, Junta Militarrak dei egin die herritarrei Junta Militarrak berak osatu duen Konstituzioari buruz biharko deitu duten erreferendumean baiezkoa bozkatzeko. Herrialdeko gune gehienetan egingo dute, Nargis zikloiak zuzenean eragindako eskualdeetan salbu. Konstituzioa erregimena boterean betikotzeko egina dela salatzen du oposizioak.
Nazio Batuen Erakundearen ustetan, 1.000.000 eta 1.500.000 herritar artean dira zikloiaren eragin larriak jasaten ari direnak. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek bezperan giza laguntzari lehentasuna emateko eta Konstituzioaren galdeketa atzeratzeko eskatu zion Myanmargo Junta Militarrari, eta bere jarrerarekin etsita agertu zen. Zenbaketa ez ofizialen arabera, 80.000 hildako utzi ditu Nargis zikloiak Myanmarren, eta bertan dagoen AEBetako diplomazialari baten arabera, 100.000 heriotza ere izan litezke. NBEk dio Junta Militarrak ez duela hondamendia kudeatzeko gaitasunik.
Mundua
NBEk berriz ere martxan jarriko ditu Myanmarrerako giza laguntzarako hegaldiak
Aurreikusita zegoen bezala, bi hegazkin bidaliko dituzte 38 tona janari eta materialekin. Hala ere, Junta Militarrarekin duten eztabaidarekin jarraituko dutela adierazi du Nancy Roman Munduko Elikagai Programako zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu