NBEk Errusia egin du MH17 hegaldia bota izanaren erantzule

Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundearen ebazpenaren arabera, «Moskuk ez zituen bere obligazioak bete nazioarteko aire zuzenbidea aintzat hartuta». Organo horrek aste batzuk barru zehaztuko du zein den hildakoen senideei erreparazioa emateko modua.

Erasoan hildakoak oroitzeko ekitaldi bat iazko uztailaren 17an, Hilversumen (Herbehereak). SEM VAN DER WAL  / EFE
Erasoan hildakoak oroitzeko ekitaldi bat iazko uztailaren 17an, Hilversumen (Herbehereak). SEM VAN DER WAL / EFE
Igor Susaeta.
2025eko maiatzaren 13a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia batek Errusia egin du 2014ko uztailaren 17an Ukraina ekialdean Malaysia Airlinesen MH17 hegaldia bota izanaren erantzule. NAZE Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak gaur goizaldean argitaratutako ebazpenean argudiatu duenez —Montrealen (Kanada) du egoitza—, «MH17 hegaldia botatzeko orduan, Errusiako Federazioak ez zituen bere obligazioak bete nazioarteko aire zuzenbidea aintzat hartuta». Herbehereetatik Malaysiara bidean Ukraina zeharkatzen ari zela bota zuen misil batek; lurra jo zuen, eta 298 pertsona hil ziren, hegazkinean zihoazen guztiak: 283 bidaiari, eta eskifaiako hamabost kide.

Bidaiarien artean, 196 Herbehereetakoak ziren, eta 27, Australiakoak. Bi herrialde horietako agintariek NBEren organo horretara jo zuten 2022an, eta argudiatu, hain zuzen, Malaysia Airlines konpainiaren hegazkinari eraso eginez urratu egin zutela Nazioarteko Aire Zuzenbidearen Hitzarmenaren 3. artikulua, zeinak zehazten duen estatuek «uko egin» behar diotela airean dauden eta zibilak daramatzaten hegazkinei armekin eraso egiteari.

Bi herrialdeek, nork bere aldetik, pozik hartu dute NAZEren epaia, eta jakinarazi organo horrek aste batzuk barru zehaztuko duela nola emango zaien erreparazioa erasoaren ondorioz hildakoen senideei. Australiako Atzerri ministro Penny Wongek ohar batean eskatu dio Errusiari arduraz joka dezala, izan duen «jarrera ankerrarengatik». Herbehereetako haren homologo Caspar Veldkampek komunikatu batean nabarmendu duenez, ebazpenak jasotakoa «aurrerapauso garrantzitsua» da «justizia» lortzeko, eta uste du nazioarteari mezu «argi» bat bidaltzen diola: «Herrialdeek ezin dute inpunitatez urratu nazioarteko zuzenbidea».

'In absentia' epaituak

2014ko apirilean Donbassko gatazka piztu eta hilabete gutxi batzuetara gertatu zen erasoa. Ukrainako armada eta Donbassko —Donetsk eta Luhansk eskualdeak— errusiazaleak ari ziren borrokan, eta, hain justu, azken horiek kontrolatzen zuten Ukrainako eremu hori.

Ia sei urte geroago, 2020ko martxoan, gertatutakoa argitzeko epaiketa hasi zen Herbehereetako auzitegi batean. Errusiako hiru herritar eta Ukrainako beste bat ziren akusatuak. Moskuk uko egin zion haiek estraditatzeari, eta epaituko zituen auzitegiari ez zion zilegitasunik eman; hortaz, in absentia epaitu zituzten. Epaia 2022ko azaroan heldu zen, eta bizi osoko zigorra ezarri zieten hiru akusaturi, erasoaren erantzuletzat jo zituztelako: Errusiako zerbitzu sekretuetako bi kide ohiri, eta Ukrainako indar errusiazaleetako lider militar bati. Epaiaren arabera, ia 300 hildakoen senideek eginiko kalte-ordain eskaerak aintzat hartuta, hiru zigortuek 16 miloi euro inguru ordaindu beharko lituzkete. Ez dakite zigortuak non dauden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.