Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Komiteak eskaera egin dio Espainiako Estatuari, Jordi Sanchez ANCko presidente ohi eta JxCren diputatu ohiaren eskubide politikoak bermatu ditzan. Sanchezen defentsa abokatuek aste honetan NBEn aurkeztutako eskariari erantzun dio NBEren galdeak. "Estatu kideari eskatu zaio [Espainiako Estatuari] Jordi Sanchezek bere eskubide politikoak erabili ahal izateko beharrezko neurri guztiak har ditzala, Hitzarmenaren 25. artikuluari jarraiki".
NBEk gaurko data duen ohar baten bidez eman die Sanchezen defentsa abokatuei Espainiari egin dion eskariaren berri.
NBEren galdea ez da loteslea eta Espainia ez dago Sanchezen egoera aldatzera behartuta.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sanchezi espetxetik irteteko baimena ukatu ondoren egin dio galdea NBEk Espainiari. Sanchezek Kataluniako presidente izendatua izateko eskatu zion Gorenari espetxetik irteteko baimena. Auzitegiak behin-behineko espetxealdian mantentzea erabaki zuen, leporatzen zaizkion sedizio eta matxinada delituak berriz egin ditzakeela argudiatuta.
Sanchez iazko urriaren 16tik dago Estremerako kartzelan (Madril).