NBEk estatu palestinarra onar dezan eragotzi nahi du Netanyahuk

Israelgo lehen ministroa estatuen babesa eskuratzeko ahalegina egiten ari da, «gehiengo morala» izateko

Erredakzioa
2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iraila gerturatu ahala urduritzen ari da Benjamin Netanyahu. NBE Nazio Batuen Erakundeak estatu palestinarra aitor ez dezan, ahalegina egiten ari da lehen ministroa, palestinarren ekimena eragozteko. Jerzy Buzek Europako Parlamentuko presidenteari egindako eskaera da horren erakusle; ebazpenaren kontra egingo luketen «30 eta 50 estaturen» sostengua eskuratzen laguntzeko eskatu baitio horrela «gehiengo morala» izango dutela argudiatuta. NBEk estatu palestinarra onartuko balu bake akordioa adostea nekezagoa izango dela ere ohartarazi du lehen ministroak, palestinarrek uko egingo lioketelako «beharrezko konpromisoak» hartzeari.

Buzek, baina, agerian utzidu «alde bakarreko ekintzek» ez dutela zertan negoziazioak arriskuan jarri behar. Israeldarren eta palestinarren arteko elkarrizketak sustatzeko ahaleginean ari direla jakinarazi du, bide batez, presidenteak. Laukotea asteburu honetan da elkartzekoa dela eman dute aditzera Haaretz-ek. Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroak zehaztu du ahalegin berezia egiten ari direla aldeek negoziazio mahaira itzul daitezen; «NBEn zaila izango den egoera saihestu nahi dugu datozen aste eta hilabeteotan». Israelek, baina, ekimen horri «inozo» iritzi dio. Avigdor Lieberman Atzerri ministroak adierazi du bake elkarrizketak ez direla lehentasuna.

Erekaten errezeloak

PAN Palestinako Aginte Nazionalak, bien bitartean, bere asmoari eusten dio. Arabiar Ligari zuzendu zaio oraingoan nazioarteko ekimena babes dezan. Saeb Erekat negoziazio buruak adierazi du heldu den astelehenean elkartuko direla nazioarteko zuzenbideko hainbat aditurekin egitasmoa aztertze aldera. Palestinako estatuaren sorrera, «1967ko mugen baitan», nazioarteko legediak aitortzen dien eskubidea dela adierazi du Erekatek. Israelgo Gobernuarekin negoziatzea, berriz, errezeloz ikusten du diplomazialariak, aurretik bi estatuen irtenbidea onartu beharko lukeela adierazi baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.