NBEk Georgiako soldaduei egotzi die Afrika Erdian adingabeak bortxatzea

Georgiak ikerketa bat agindu du salaketak argitzeko.Iazko ekainean NBEk salatu zuen «ohikoa» dela kasko urdinek gatazka guneetako zibilekin sexu harremanak izatea diru edo salgaien truke

Georgiako soldaduak, Afrika Erdiko Errepublikan egindako argazki batean. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE.
Jone Amonarriz - Ihintza Elustondo
2016ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Georgiak iragarri du bere soldaduek ustez Afrika Erdiko Errepublikan adingabeei egindako bortxaketak ikertuko dituela. NBE Nazio Batuen Erakundeak argitaratu duen azken txostenean Georgiako hainbat soldaduri sexu abusuak egin izana egotzi die, eta horren harira erantzun du Georgiako armadako buru Vajtang Kapanadzek. NBEk eginiko ikerketaren arabera, 14 eta 16 urte bitarteko hainbat biktimak salatu dute 2014an Georgiako soldaduek bortxatu zituztela, Bangiko aireportutik gertu dagoen Mpoko errefuxiatuen kanpalekuan. Kapanadzek zin egin du kasu horiek «ahalik eta azkarrena» ikertuko dituela, eta ustezko delituak baieztatuz gero «dagozkien zigorrak» jasoko dituztela soldaduek.

«Georgiako armadaren ohorea eta izen ona zikindu dituzte», esan du armadako buruak. Haren arabera, Afrika Erdiko Errepublikako misio horretan parte hartu zuten militar guztiak dira susmagarriak, eta, beraz, «kontu garrantzitsua» dela gaineratu du. Erasoak detektatzeko eta ikertzeko ardura zuten Defentsa Ministerioko ordezkariak oraingoz kargutik kendu egin dituzte.

Adituen talde independente batek salatu du NBEk lehendik bazekiela erakundeak berak bidalitako soldaduek sexu abusuak egin zituztela gatazka guneetan, eta hilabeteetan ezer egin ez izana leporatu dio. Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ikerketa independente horren ondorio gehienak onartu ditu, eta aitortu du erakundeak porrot egin zuela kasuari erantzuteko orduan.

Ez da lehen aldia NBEk halako salaketa bat egin duena. Joan den urteko maiatzean eman zuen lehen aldiz Afrika Erdiko Errepublikako erasoen berri. Sexu jazarpenak egiteko zibilen txirotasunaz baliatu izana leporatu zien NBEk Frantziako Sangaris operazioko hamalau militarri. François Hollande Frantziako presidenteak hainbat adierazpen egin zituen: «Gertaerak egiaztatzen badira, zigorrak egindakoaren larritasunaren araberakoak izango dira». Baina Gilles Jaron Frantziako armadako bozeramaileak ez zuen argitu zenbat militar akusatu zituzten; ezta zein unitateetakoak ziren ere. Txadeko bi soldaduri eta beste zenbait herrialdetakoei ere egotzi zieten erasoetan parte hartu izana.

Iragan ekainean NBEk berak egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen «ohikoa» dela tokiko biztanleek diru edo salgaien truke sexu harremanak izatea herrialdea baketzera joandako kasko urdinekin. Testuaren arabera, azken zazpi urteetan NBEko langileen aurkako 531 salaketa jaso dituzte. Eta NBEk ez dauka barne arauak urratzen dituzten soldaduak zigortzeko eskumenik.

Trantsizio tirabiratsua

Trantsizio prozesu iskanbilatsuan murgilduta dago Afrika Erdiko Errepublika 2013az geroztik —Selekako errebeldeek François Bozize presidentea hil zuten—. Bake prozesu horretan garrantzi handia dute aurtengo hauteskundeek, baina espero baino motelago doa prozesua.

Atzo ziren egitekoak presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia. Baina otsailaren 14ra atzeratu dituzte; hautagaiei kanpaina egiteko denbora gehiago ematearren, Catherine Samba-Panza trantsizioko presidentearen esanetan. Hauteskunde Mahaiak hala proposatuta, behin baino gehiagotan aldatu dute bigarren itzuliaren eguna; izan ere, azkenean, astelehenean balioztatu zituen Auzitegi Konstituzionalak lehen itzuliko emaitzak.

Boz parlamentarioen egun berean izango da bigarren itzulia. Bozketan «irregulartasun orokorrak» antzeman zituela eta, Auzitegiko Konstituzionalak bozak berriro egiteko agindu du. Presidentegai Anicet Dologuelek eta Faustin Archangek jaso zuten boto gehien lehen itzulian, joan den abenduaren 30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.