Laurent Gbagboren atxiloketaren eta gerra zibilaren amaieraren ondoren, gatazkaren kalteak konpontzeko eta normaltasunera itzultzeko lan zailera itzuli da Boli Kosta. Gerra krimenak ikertzen hasteko unea ere ikusi du Nazio Batuen Erakundeak, eta irabazleen zein galtzaileen ekintzak ikertuko dituela agindu du.
«Itxaropen berri baten hasiera» dela aldarrikatu du Alassane Outtara presidente hautatuak, aurkariaren erorketa eta ordu gutxira telebistan egindako hitzaldian. Gbagboren jarraitzaileei ez ezik, bere alde borrokatu diren milizianoei ere eskatu die armak uzteko eta beren etxeetara itzultzeko. Deialdiak neurri bateraino izan du eragina. Astelehenera arte ohikoak ziren bonbardaketak eta tiroketak gutxitu egin dira, baina astelehenetik astearterako gauean zein atzo ere tartean behin entzuten ziren borroken hotsak Abidjanen, Boli Kostako de facto-ko hiriburuan. Zenbait lapurreten berri ematen zuten ere han dauden nazioarteko kazetariek.
Outtarak agindu du Gbagbo eta haren ingurukoak «duintasunez» tratatuko dituztela. Promesa horrekin kontraesanean daude atzo berri agentziek erakutsitako argazki bat: Gbagbo emazte Simone azaltzen da Outtararen soldaduez inguratuta, gerra garaikurra bailitzan. Presidente ohia eta ingurukoak Abidjango hotel batetik beste leku «seguruago» batera eraman zituzten atzo, NBEko soldaduak babesturik.
Pobrezia eta errefuxiatuak
Gerra amaituta, gehiegikeriakikertzeko unea ere heldu da. Outtarak ziurtatu du Gbagboren eta bere gertukoen ikerketa hasiko dutela, Boli Kostan bertan epaitzeko asmoarekin. Halaber agindu du egia jakiteko eta gizartea berradiskidetzeko batzordea sortuko dutela, Hego Afrikan apartheidaren amaieran egindakoaren ildotik.
Baina Boli Kostako hurrengo gobernuarena ez da ikerketa bakarra izango. Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeko hiru kide aurki joango dira Boli Kostara. Giza Eskubideen Goi Komisionatuaren bulegoak ere zenbait ikertzaile igorriko ditu herrialdera.
Ikerketa horiengatik kezkatzeko zenbait arrazoi baditu Outtarak berak, haren aldekoei hainbat sarraski leporatzen dizkietelako. Goi Komisionatuak atzo zabaldu zuenez, Boli Kostako mendebaldean 536 gorpu zenbatu dituzte, guere etniakoak horietako asko. Leinu hori Gbagboren aldekoa zen. HRW Human Rights Watchek ziurtatu du Outtararen miliziek gutxienez hamar herriri su eman dietela, ehunka lagun hil dituztela eta emakumeak bortxatu dituztela. Salaketak ukatu ditu presidente hautatuak.
Ekonomi aldetik ere lan zaila du aurrean Ouattarak. Kakaoaren, kafearen eta palmondoaren olioaren esportazioei esker Afrika mendebaldeko herrialderik aberatsena zena odolustuta dago. Frantziako Gobernuak iragarri du 400 milioi euroko laguntza emango diola Boli Kostari, «herritarren lehen beharrak asetzeko» eta «premiazko zerbitzu publikoak berriro ere lanean hasteko».
Gerrak eragindako miseriari eta goseari errefuxiatuen arazoa gehitzen zaio: 800.000 herritarrek beren etxeak utzi behar izan dituzte eta beste 135.000 Liberiako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi dira.
NBEk ikertzaileak bidaliko ditu Boli Kostara, gerra krimenak argitzera
Berradiskidetzeko batzordea agindu du Outtara presidente hautatuak, eta Gbagbo han epaituko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu