Myanmar

NBEk salatu du azken urtean ugaritu egin direla gerra krimenak Myanmarren

Iazko uztaila eta aurtengo ekaina bitarteko epea aztertu du Myanmarrerako Ikerketa Mekanismo Independenteak. Zibilen hilketak eta preso hartutako milizianoenak jasotzen ditu txostenak, baina baita sexu indarkeriako kasuak ere.

Myanmartik ihes egindako familia bat, Thailandiako mugan. EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko abuztuaren 8a
16:29
Entzun

Azken urtean ugaritu egin dira gerra krimenak Myanmarren, eta «gero eta nabarmenagoak» dira. Hala ondorioztatu du IIMM Myamarrerako Ikerketa Mekanismo Independenteak gaur argitaratutako azken txostenean. Iazko uztaila eta aurtengo ekaina bitarteko tartea ikertu du NBE Nazio Batuen Erakundearen barne lan egiten duen taldeak, eta, dokumentuaren arabera, junta militarrak «zibilak eta preso hartutako milizianoak» hil ditu, baita sexu indarkeria eta torturak baliatu ere «oposizioa makurtzeko».

«Zibilen heriotza oro da zorigaiztokoa Myanmarren, baina bereziki ankerra da bonbardaketek eta herrietan eragindako suteek komunitateetan eragindako hondamena», salatu du IIMMko buru Nicholas Koumjianek. Ikerketa lanaren helburua da frogak biltzea epaiketa batean erabili ahal izateko —Nazioarteko Justizia Auzitegiarekin eta Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean ari da erakundea—.

Txostenean aipatzen diren krimenetako bat 2023an Sagaing herrian egindako bonbardaketa da. Ordu hartan 155 pertsona hil zituzten. Junta militarrak «zuritu» egin ditu eraso horietako asko, «terrorismoaren aurka» ari dela argudiatuta. Ikertzaileen arabera, ordea, eskolak eta santutegiak izan dira eraso horietako askoren helburu, gune militarrekin batera. «Militarrek jakin behar zuketen edo bazekiten zibilak zeudela gune militar horietan edo inguruetan».

Nazioarteko legediaren arabera, agintarien eginbeharra da euren agindupean daudenek gerra krimenak egitea eragoztea, edota horiek zigortzea; hori egin ezean, eurak bilakatuko lirateke krimen horien erantzule. «Krimen horiei entzungor egiteak iradokitzen du junta militarrak jakin bazekiela zer gertatzen ari zen», ondorioztatu dute dokumentuan.

Orotara, 700 iturriren bitartez jaso du informazioa ikerketa taldeak, tartean 200dik gora lekuko. Horrez gain, hainbat argazki, bideo eta dokumentu ere bildu dituzte, krimenen erantzuleen aurkako epaiketa batean baliatu ahalko liratekeenak —orain arte, ikertzaileek ez dute izan herrialdera sartzeko aukerarik—. Dokumentu horietako askok jasotzen dute rohingya etniako kideen aurkako sexu indarkeria. «Krimen horietan orain arte ikusi gabeko ankerkeria baliatzen dute, biktimari ahalik eta oinaze handiena eragiteko asmoz», salatu du Koumjianek.

2016an hasi zen ikerketa taldea Myanmarren lanean, rohingya etniako gutxiengo musulmanaren aurkako indarkeria oldea lehertu zenean. Operazio mililtar haien ondorioz, milioi bat pertsona baino gehiago kanporatu zituzten herrialdetik. Azken urtean, hala ere, lanak azkartu ditu ikerketa taldeak, krimenen erantzuleak identifikatu eta epe ertainean haien aurkako auziak zabaldu asmoz.

Borroka gogorrak

Duela bi urteko estatu kolpeaz geroztik ugaritu egin dira junta militarraren aurka armak hartzea erabaki duten zibilak, eta horiekin batera baita oposizioko milizien eta armadaren arteko borrokak ere. Hala, Batasun Nazionaleko Gobernuak zabaldu duenez, urtearen hasieratik 3.000 soldadu baino gehiago hil dituzte Herriaren Defentsarako Indarrek eta haien aliatuek.

Azken egunetan, Sagaing herriaren inguruetan izan dira liskarrak, hiribuaren iparraldera. Erbestean den gobernuaren esanetan, milaka zibilek ihes egin behar izan dute inguruetatik, junta militarren bonbardaketen beldur.

2021ean egin zituzten azken hauteskundeak Myanmarren. Ordu hartan, NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiak irabazi zituen bozak, gehiengo zabalarekin —parlamentuko 476 eserlekuetatik 396 eskuratu zituen NLDk, eta 33 militarren aldeko Batasuna, Elkartasuna eta Garapena alderdiak—. Hasieran, armadak ontzat eman zituen emaitzak, baina, gobernuko kideek kargua hartu behar zuten egun berean, otsailaren 1ean, militarrek estatu kolpea eman zuten, argudiatuta «iruzurra» izan zela bozetan. Bi urte hauetan, gutxienez kolpearen aurkako 2.900 ekintzaile erail eta 17.000 atxilotu dituzte erregimeneko indarrek, AAPP preso politikoei laguntzeko elkartearen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.