Urte bat eta bederatzi hilabeteren ondoren, Mendebaldeko estatuek publikoki hartu diote kargu Tel Avivi: ohar bateratu bat sinatu eta kaleratu dute 25 herrialdek, eta exijitu diote Israeli «berehala» bukatzeko zerrendaren aurkako sarraskia. Herrialde horiek uste dute han dauden zibilak «inoiz ikusi ez den sufrimendu bat» ari direla pairatzen, eta ez duela «zentzurik» jende gehiago hiltzeak; are, dokumentuan ahoan bilorik gabe gaitzetsi dituzte laguntza jasotzeko guneetan egindako «hilketa krudelak», eta salatu dute «onartezina» dela Israelgo Gobernuak zerrendako palestinarrei oinarrizko laguntza humanitarioa ukatzea. Israeli belarritik tira egin dioten estatuen artean daude Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Kanada, Australia, Japonia eta Suitza, besteak beste. Mendebaldeko herrialde batzuk, kontrara, ez dira sinatzaileen artean ageri, hala nola AEBak eta Alemania.
Gazaren aurka abiatutako erasoaldia kritikatu ez ezik, hainbat neurri hartzeko ere eskatu diote Israeli: batetik, «berehala» bertan behera uzteko GKE gobernuz kanpoko erakunde humanitarioei zerrendan ez jarduteko ezarritako debekua; eta, bestetik, ahalbidetzeko NBE Nazio Batuen Erakundeko organismo humanitarioei Gazan laguntza banatzea. Ia hiru hilabetez, martxoaren 2tik maiatzaren 18ra, Israelek guztiz blokeatu zuen laguntza humanitarioaren sarbidea. Maiatz amaieratik GHF Gaza Humanitarian Foundation arduratzen da laguntza banatzeaz. Israelen oniritzia du; ez, ordea, NBErena: AEBetako militar ohiek osatutako talde bat da, eta talde mertzenarioen babesa du. Azken hilabete eta erdian 1.000 gazatar inguru hil ditu Israelek laguntza jasotzeko guneetan; setioa hasi zuenetik ia 60.000 dira.
2023ko urriaren 7az geroztik, Israelek gogortu egin du Zisjordaniaren eta Jerusalem ekialdearen aurkako jarrera ere; horren erakusle da, hain justu, ordutik eremu horietan bizi diren ehunka palestinar atxilotu dituztela, eta sarekadak egin dituztela zenbait gunetan. Bada, Mendebaldeko herrialdeek horren inguruan ere hitz egin dute kaleratutako oharrean. 25 estatuek esan dute «erabat» gaitzesten dutela Palestinako Lurralde Okupatuetan «neholako lurralde edo populazio aldaketarik» bultzatzea, eta iritzi diote guztiz «onartezina» dela Israelek mahai gainean jarritako «hiri humanitarioaren» proposamena. Plan horren helburua palestinarrak lurralde ñimiño batera lekualdatzea litzateke. «Desplazamendu behartua nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria da», gaineratu dute oharrean.
Bestalde, Hamasi ere mintzatu zaizkio dokumentuan. Palestinako erakunde islamistari gogorarazi diote «onartezina» dela «oraindik ere» zibilak gatibu izatea, eta galdegin diote horiek guztiak «berehala» eta inolako baldintzarik gabe aske uzteko. Hori lortze aldera, nazioarteak eta bitartekariek egiteko duten lana azpimarratu dute, eta eskerrak eman dizkiete AEBei, Qatarri eta Egiptori, arlo horretan orain arte egindako lanagatik.
Israelek Atzerri Ministerioak kaleratutako komunikatu baten bidez erantzun die Mendebaldeko 25 herrialde horiei: Tel Aviven arabera, adierazpen, gaitzespen eta kritika oro Hamasi zuzendu beharko liratekeen, argudiatuta hura dela Gazako sarraskiaren «erantzule eta eragile» bakarra; are, erakunde horri leporatu dio zerrendaren aurkako ofentsiba «luzaraztea». Eta oharra zabaldu duten estatuei zuzenduta, hauxe adierazi du: «Oso garai ezegonkorrak ari gara bizitzen; hobe une honetan horrelako adierazpenik ez egitea».
Gazaren %90, ebakuazio agindupean
Israelgo armadak, atzo, handik alde egiteko agindu zien Deir al-Balahren hego-mendebaldean dauden palestinarrei, Gaza erdialdeko eremu hartara ere hedatu nahi baitu lurreko erasoaldia. Ordu batzuk geroago, gaur goizean, NBEren agentzia batek salatu du zerrendaren ia %90 dagoela Israelen ebakuazio agindupean.
«Horrek [azkeneko ebakuazio aginduak] eragingo du 2,1 milioi zibil zerrendaren %12an pilatzea, eta hor oinarrizko zerbitzuak kolapsatuta daude», nabarmendu du OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak ohar batean. Horren arabera, azkeneko ebakuazio agindu horrek 50.000-80.000 palestinarri eragingo die. Horiek Al-Mawasi desplazatuentzako gunera, Mediterraneoko kostaldera, joatea beste aukerarik ez dute. Zenbait hedabidek zerrendako iturriak aipatuta gaur kaleratu dutenez, milaka pertsona hasi dira jada harantz ihes egiten.
Izan ere, NBEk berak jakinarazi du goizaldean areagotu egin direla bonbardaketak Deir al-Balahn. Gainera, lurreko erasoaldia ere hasi du jada Israelek han; zerrendako osasun iturriek esan dutenez, tankeak sartu dira, horiek bonbak jaurti dituzte zortzi etxebizitza bloketara eta hiru meskitatara, eta gutxienez hiru pertsona hil dituzte, eta hainbat zauritu. Zerrendan gutxienez 30 pertsona hil dituzte gaur, osasun iturriek azaldu dutenez.
12Israelek zenbat pertsona atxilotu dituen gaur Zisjordanian. Israelgo estatu indarrek hainbat sarekada egin dituzte gaur Zisjordania okupatuan, eta horietan hamabi palestinar atxilotu dituzte, Wafa berri agentziak jakinarazi duenez. Giza eskubideen aldeko taldeen arabera, 10.400 preso politiko palestinar daude Israelen kartzelatuta.
Setioa hasi zuenetik ia 22 hilabete igaro diren honetan, Israelek aurrenekoz egin du lurreko operazio militar bat Deir al-Balahn. Hori azaltzeko atzo sare sozialetan zabaldutako oharraren arabera, «etsaiaren gaitasunak eta azpiegitura terrorista» suntsitzea dute helburu. Reuters berri agentziak Israelgo iturri ofizialek aipatuz argitaratu duenez, armadak uste du Hamasek 2023ko urriaren 7an bahitu zituenetako batzuk eremu horretan daudela.
Aintzat hartu behar da desplazatuentzako guneetako bat dela Deir al-Balah, eta NBErentzat hura dela laguntza humanitarioa eman ahal izateko zerrendan duen gune nagusia, lehen arreta emateko lau leku ere badituelako, besteak beste; Israelek, dena den, berdin-berdin bonbardatu izan du. Ebakuazio agindua gorabehera, OCHAk azpimarratu du han jarraituko dutela.
Israel, sarraskiaren erantzule
Laguntza humanitarioaren bila joandako beste 93 palestinar hil zituen Israelek atzo banaketa gune batean, Gazako osasun iturriek emandako datuen arabera. Eta MEP Mundukop Elikadura Programak Israel egin du sarraski horren erantzule. NBEren agentziak atzo gauean komunikatu batean nabarmendu zuenez, «jendetza» zegoen «desesperatuki» behar dituen elikagaien zain, eta Israelgo armadaren tankeetatik tiroka hasi ziren, baita frankotiratzaileak ere.
Bestalde, Israelek Yemen bonbardatu du gaur. Israel Katz Defentsa ministroak komunikatu batean esplikatu duenez, matxino huthien azpiegiturak jo dituzte Hudaidan. Israelgo armadak esan zuen «ohartarazpen tiro» batzuk egin zituela, baina zuten informazioa eta Gazako osasun iturriek emandakoa ez zetorrela bat. MEPek salatu zuen, bide batez, Israelek «berme batzuk» eman zituela «giza laguntza banatzeko operazioen baldintzak hobetzeko»; besteak beste, «inoiz» ez egotea troparik laguntza garraiatzen duten konboietatik gertu.
Netanyahuk iZkin egin dio deklaratzeari, berriro
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa epaitzen ari dira, ustelkeria leporatuta. Asteon bi aldiz zegoen deklaratzera deituta, baina gaurko eta biharko programatuta zeuden auzi saioak bertan behera utzi ditu Jerusalemgo Barruti Auzitegian. Osasun arazoak argudiatuta, deklarazioak atzeratzeko eskaera egin zuen atzo lehen ministroaren bulegoak, eta ontzat eman du auzitegi horrek. Beraz, kontuan hartuta auzitegia datorren asteetan itxita egongo dela oporrak direla medio, Netanyahu uda ondoren deituko dute deklaratzera.
Iazko abenduan hasi ziren Netanyahu epaitzen, eta ordutik hainbatetan atzeratu dituzte lehen ministroaren deklarazio egunak; joan den asteazkenean esate baterako, Israel Siriari eraso egiten ari zela argudiatuta. Oraingoan, ordea, bere bulegoak ohar batean jakinarazi du «egoera txarrean zeuden jakiak» jan zituela larunbatean, ondoezik sentitu zela, eta medikuak agindu ziola hurrengo hiru egunetan atseden hartzea.