Gero eta gertuago dago atzerriko indarren eta, zehazki, Amerikako Estatu Batuen esku hartzea Sirian. AEBetako Defentsa idazkari Chuck Hagelek jakinarazi duenez, Barack Obama AEBetako presidenteak Pentagonoari galdegin dio prest egon dadila Sirian esku hartze militar bati ekiteko.
"Presidenteari balizko gertaeren aurrean aukera ezberdinak ematea da Defentsa Departamentuaren ardura, horien artean presidenteak aukera dezan", azaldu du Hagelek. Gaineratu du beste herrialde batzuekin lankidetzan ari direla AEBak, argitzeko "zehazki zer gertatu zen" ustez asteazkenean gertatutako eraso kimikoan.
Lehen urratsak egin ditu dagoeneko AEBetako armadak; eguneratu egin ditu Siriako balizko helburu militarrak, CNN kateak Defentsa Departamentuko iturriak aipatuta argitaratu duenez. Informazio horren arabera, misilak jaurtitzeko aukera aztertzen ari dira, gerra hegazkinen beharrik gabe.
Gaur batzar bat egingo du Obama segurtasun aholkulariekin, Siriako gatazkaren aurrean AEBetako gobernuak dituen aukerez eztabaidatzeko. Iturri ofizialek ohartarazi dute litekeena dela bilera horretan erabakirik ez hartzea.
NBEko ordezkariak, Damaskon
Bestalde, Angela Kane Nazio Batuen Erakundeko Desarme Gaietarako goi ordezkaria Damaskora heldu da gaur. Armamentu kimikoaren NBEko behatzaileak asteazkeneko erasoaren gunera iristea izango du helburu Kanek.
Siriako militarrek armak kimikoak topatu dituzte gaur Damasko kanpoaldean, herrialdeko telebista kate ofizialaren arabera. Kateak jakinarazi duenez, oposizioaren esku dauden Damasko kanpoaldeko tuneletan sartu dira militarrak, asteazkenean ustez arma kimikoekin eraso egindako zonaldean, eta bertan topatu dituzte arma mota horiek.
Oposizioa osatzen duen Siriako Koalizio Nazionalak, berriz, ukatu egin du matxinoek arma kimikoak dituztenik. "Erregimena zabaltzen ari den informazio faltsuak zibilen aurkako krimen etengabeak ezkutatzeko saio okerrak dira", adierazi du koalizioak.
Erasoak salatu ditu Iranek
Sirian arma kimikoak erabili direla ziurtzat jo du Hasan Rohani Irango presidenteak. Atsekabea azaldu du arma mota horiek erabili direlako, eta gaineratu du "pertsona errugabeak" hil direla horien eraginez. Gainera, nazioarteari dei egin dio halakorik berriro gerta ez dadin neurriak hartzera; "bere ahalmen osoa" erabiltzeko eskatu dio nazioarteko komunitateari halako armen erabilera "mundu osoan eta, zehazki, Sirian, saihesteko".
Mehr agentziari eginiko adierazpenetan, Rohanik ez du zehaztu Siriako Gobernuak ala Baxar al Assad presidentearen aurkakoek erabili duten armamentu kimikoa.
Zehatzago jardun du, ordea, Irango Atzerri ministro Abbas Araqchik: "Frogak daude esateko talde terroristak izan direla arma kimikoekin eraso egin dutenak". Araqchiken ustez, Siriako gatazkaren irtenbidea bide baketsuetatik lortu behar da.
Halaber, beste herrialde batzuen eta, zehazki, AEBen balizko esku hartze militar baten aurka azaldu da; "ez dago nazioarteko ebazpenik Sirian esku hartze militarra ahalbidetzen duenik", oroitarazi du. AEBei eskatu die "jarrera zentzuduna" izateko eta "bide okerretik" ez joateko.
Merkel, esku hartzearen aurka
Sirian balizko esku hartze militar baten kontrako jarrera berretsi du Alemaniako kantziler Angela Merkelen bozeramaile Steffen Seibertek, eta bide politikoak lehenetsi ditu gatazka aterabidean jartzeko. "Ez dugu uste hau militarki kanpotik konpon daitekeenik; Sirian antolatu behar da irtenbide politiko bat", azaldu du.