NBEko Segurtasun Kontseiluak ez ditu Marokoren erasoak gaitzetsi

Fronte Polisarioak ontzat jo du kontseiluak bilera egin izana, nahiz eta Frantziaren betoagatik ikerketa egiteko agindu ez duen

2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Mendebaldeko Saharako liskarrak «deitoratu» ditu NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak. Ez du Marokoren erasoaldia gaitzetsi, ezta gertatua argitzeko ikerketa bat agindu ere. Fronte Polisarioaren ustez, Frantziaren betoagatik gelditu da proposamena erdibidean; hala ere, Segurtasun Kontseiluak auzia aztertzeko premiazko bilera egin izana ontzat jo du. Marokorentzat, bestalde, erabaki «arduratsua» izan da NBEk hartu duena.

«Segurtasun Kontseiluko kideek Aaiungo eta Agdaim Izik kanpalekuko indarkeria deitoratzen dute, eta hildako eta zauritutako lagunengatik atsekabea agertu nahi dute», adierazi zuen herenegun gauean Mark Lyall Grantek, Erresuma Batuko enbaxadore eta nazioarteko organoko oraingo presidenteak. Horrez gain, NBEk Mendebaldeko Saharan duen misioari babesa osoa eman zion, eta sahararren auziari irtenbide negoziatua emateko borondate politikoa eskatu zien aldeei.

NBEren bitartekaritzarekin, Marokok eta Polisarioak negoziazio ez-formalak egin zituzten joan den astean; elkarrizketen lehen saioa hasteko zutela desegin zuen Marokok Agdaim Izik kanpalekua, ordea. Hala ere, Polisarioak negoziazioak ez etetea erabaki zuen. Abenduan eta hurrengo urte hasieran berriro elkartuko dira bi aldeak; sahararren artean askok uste dute, baina, Maroko egoera luzatu nahian ari dela, eta, beraz, elkarrizketek ez dutela fruiturik emango. Joan den astetik ia egunero egin dituzte sahararren errefuxiatu guneetan elkarretaratzeak, Polisarioari gerra deklaratu dezan eskatzeko.

Bilera ontzat jo dute

«Frantzia egiaren beldur da. Gainontzean, nola zurituko du bere jarrera?», salatu du Ahmed Bujari Fronte Polisarioak NBEn duen ordezkariak. Bileran Mendebaldeko Saharara ikerketa batzorde bat bidaltzea erabaki ez badute, Frantziak bere beto eskubidea baliatu duelako izan da, horren ustez -Frantzia, beste lau herrialderekin batera, beto eskubidearen jabe da Segurtasun Kontseiluan, eta, horregatik, edozein erabaki blokea dezake-.

Bujariren hitzetan, NBEk «basoa erdi beteta eta erdi hutsik» utzi du; izan ere, auzia aztertzea erabaki badu ere, ez du arazoari aurre egiteko neurri eraginkorrik hartu. Hori dela eta, Polisarioak ikerketa «oso eta independente bat» eskatzen jarraituko du; baita Minursoren baitan -NBEren misioa Mendebaldeko Saharan- giza eskubideak babesteko mekanismoak sar ditzaten exijituz ere bai. Mendebaldeko Saharan azken egunetan gertatu direnak aintzat hartuta, mekanismo horiek inoiz baino beharrezkoagoak bihurtu dielakoan dago Bujari. «Lurralde okupatuetan gertatu den altxamendu historikoa nazioarteari zuzendutako mezu argia da. Sahararrek deskolonizazioa prozesua azkartu nahi dute, erreferendum batean beren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko».

Ebazpena ontzat jo du Marokok ere. «Segurtasun Kontseiluak erantzukizun handiarekin jokatu du. Eta arreta handia jarri du segurtasun indarren aurka egindako eraso ankerretan; haiek armarik gabe sartu ziren kanpalekuan ziren emakume eta haurrak salbatzera». Horrez gain, Marokok uste du nazioarteak negoziazioetarako borondate politikoa eskatzen duenean, ez dela beraz ari. «Deia beste batzuei zuzendua dago, 2006tik Marokok ahalegin guztiak egin baititu irtenbide politiko eta errealista bat bilatzeko».

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuko bozeramaileak, besalde, kezka agertu du Aaiunen gertatutakoagatik; baina Marokoren erasoaldia gaitzestera ailegatu gabe, NBEren babespean egiten ari diren negoziazioak sostengatzen dituela adierazi du. «Serio aritzeko eskatu nahi diet bi aldeei, Mendebaldeko Sahararen erabaki eskubidea ahalbidetuko duen irtenbide baketsu eta iraunkorra adostu dezaten», adierazi du Philip Crowleyk.



Hilko zituzten beldur zirelako, Terraza eta Velazquez ekintzaileak Aaiundik atera dira; Marokoren erasoak frogatzen dituzten irudiekin iritsi dira Kanarietara.

«Inork Maroko geldiarazten ez badu, gerra egongo da»

I. Z.

Hilko zituztela uste zutelako irten dira Mendebaldeko Saharatik Isabel Terraza eta Antonio Velazquez ekintzaileak. «Amorruz eta minez» iritsi ziren atzo Kanarietara, nazioarteak, Espainiako Gobernuak bereziki, axolagabekeriaz jokatu duelako. Terraza eta Velazquez atzerritik joandako lekuko bakanetakoak izan dira Aaiunen; Marokok Agdaim Izik kanpalekua indarrez hutsarazi zuenean ere, han ziren haiek. «Herri sahararraren aurka egindako genozidioaren lekukoizan gara», adierazi du, gordin, Velazquezek.

«Basakeria hori gelditzeko, Espainiaren esku-hartzea, NBEko Segurtasun Kontseiluaren parte-hartzea ezinbestekoa izango da. Herri errugabe horri erabakitzeko eskubidea eman behar diote. Inork Maroko geldiarazten ez badu, gerra egongo da». Ekintzaile mexikar horren ustez, neurriak hartzeko unea da; orain ezer egiten ez bada, sahararren auziak amaiera ezin okerragoa izango duela susmatzen du Velazquezek. «Kanpalekua nola desegiten zuten ikusi genuen; Marokok milaka irudi editatu zabalduagatik ere, gu gara egiaren jabe. Beste ezeren beharrik izan gabe, gertatutakoa erakusten duten irudiak ditugu».

Irudi mordo batekin itzuli dira Terraza eta Velazquez. Batzuk gogoan dituzte iltzatuak. «Esperientzia okerrena hilotzez eta hilkutxaz beteriko anbulantzia bat ikustea izan da». Azken egunak ezkutuan pasatu dituzte, bai baitzekiten Marokoko segurtasun indarrak atzetik zituztela.

«Torturak jasaten ari zirenen oihuak entzun ditugu, eta badakigu kartzeletan sartu dituzten askori tratu gizagabea eman dietela. Sarraskia geldiarazi behar dute; herri sahararrari entzun egin behar zaio», adierazi du Terrazak. Kataluniatik Aaiunera joandako ekintzaile horrek gogor kritikatu du Espainiako Gobernuak izandako jarrera; bereziki Trinidad Jimenez Atzerri ministroak egindako adierazpenak gaitzetsi ditu.

«Bagenekien hil egin nahi gintuztela. Zaila izan da handik irtetea. Zaila izan zen kanpalekua desegin zutenean ere, baina ondo gaude. Gu ondo gaude; baina asko daude han munduari gertatzen ari dena azaldu ezin diotenak. Ez daitezela beldurrezko historia horiek hil, jende guztiak izan behar du haien berri eta», adierazi du Antonio Velazquezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.