Hondamendia Japonian

NBEren arabera, egoera larria da oraindik Fukushiman

Hildakoak 9.079 dira eta 12.645 desagertutakoak. Japonian ohikoena gorpuak erraustea bada ere, hainbat agintarik iragarri dute lurperatu egingo dituztela, kopurua handiegia delako errausteko.

2011ko martxoaren 22a
16:55
Entzun

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiaren arabera larria da oraindik egoera Japoniako Fukushima zentral nuklearrean. Hamabi egun pasa dira lurrikara eta tsunamia izan zirenetik, eta azken egunetan egoera egonkortu dutela dirudien arren, nazioarteak erne egon behar duela gaineratu du Ki-moonek.

Energia nuklearra garbiena dela ere esan du idazkari nagusiak, baina gertatutakoaren ondoren, zentral nuklearrak dituzten herrialdeak segurtasun arauak aztertu eta indartzera deitu ditu. Naoto Kan Japoniako lehen ministroarekin harreman estua duela esan du, eta Fukushiman gertatzen ari denaren berri etengabe ematen diola.

Japoniako Energia Nuklearraren Segurtasun agentziak gaur jakinarazi duenez, atzo hirugarren erreaktoreari zerion kea murriztu egin da. Hirugarren erreaktorea da Fukushimak dituen seitan arriskutsuena, plutonioa duelako, eta, hain zuzen, hori da egonkortzea gehien kostatzen ari zaiena. Atzo kea atera orduko zentralean zeuden langileek atera egin behar izan zuten. Hala ere, gaur adierazi dutenez erreaktoreko ur kopuruan eta erreaktorearen presioan ez da aldaketarik izan.

Martxoaren 11ko lurrikarak eta tsunamiak eragindako biktimen kopuruak gora egiten jarraitzen du bitartean. Gaur Japoniako Poliziak jakinarazi dutenez, hildakoak 9.079 dira eta desagertutakoak 12.645. Oraindik 310.000 japoniarrak euren etxeetatik kanpo jarraitzen dutela ere gaineratu dute, propio prestatutako 2.100 babeslekuetan, horien artean Fukushimako segurtasun eremuan bizi zirenak.

8.360 gorpuri autopsia egin diete jada, eta horietatik erdia identifikatu dituzte. Higashimatsuhima hirian, Miyagi prefekturan, mila gorpu ehortzeko lanak hasi dituzte, udalak horretarako utzitako lur sail batean. Japonian ohikoena hildakoak erraustea bada ere, Hideo Abe alkateak esan du dauden egoeran ezinezkoa dela horrenbeste gorpu erraustea. Prefektura bereko hainbat udalek erabaki hori hartzeko asmoa dutela iragarri dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.