Espainiako Auzitegi Gorenak kartzelatik ateratzeko baimena ematen baldin badio, datorren ostiralean egingo dute Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunyako bigarrena Kataluniako Generalitateko presidente aukeratzeko inbestidura saioa. Roger Torrent legebiltzarreko presidenteak 10:00etarako deitu du osoko bilkura. NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuari eskatu zion, joan den martxoaren 23an, «beharrezko neurriak» har ditzala presidentegaiaren eskubide politikoak bermatzeko.
Eta, hain zuzen ere, horri heldu diote JxCk eta ERC Esquerra Republicanak, prozesu subiranistaren harira matxinada egotzita behin-behinean espetxeratuta dagoen diputatua berriro presidentegai proposatzeko. Torrentekohar batean dioenez, NBEk eskatutakoa betetzeko «obligazioa» dauka Espainiako Estatuak. «Auzitegi Gorenak ez badu ebazpena betetzen, Sanchezen eskubide politikoei egindako kaltea konponezina litzateke, eta Espainia ez litzateke ariko betetzen bere nazioarteko obligazioak».
Torrentek Pablo Llarena Goreneko epaileari eskatu dio uzteko Sanchezi inbestidura saiora joaten. Martxoa hasieran ere, JxCko bigarrena, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohia, proposatu zuen presidentetzarako, eta martxoaren 12rako deitu zuen Torrentek osoko bilkura. Gorenak ez zion Soto del Realeko espetxetik —han dago urriaren 16tik— Kataluniako Parlamentuko hemiziklora joateko baimenik eman, eta ganberako presidenteak bertan behera utzi zuen saioa.
JxCkoek eta ERCkoek badakite Llarenak nekez aldatuko duela iritzia. Espetxetik ateratzea ukatzen badio Sanchezi, Kataluniako bi indar subiranista nagusiek uste dute erabakiak agerian utziko lukeela estatuaren jarrera errepresiboa. JxCk beste hautagai batzuk ditu presidentegai izateko, badaezpada ere.
Dena den, Llarenak Sanchezi inbestidurara joaten uzten badio ere, lehen bozketan ia ezinezkoa luke beharrezkoa den gehiengo osoa lortzea —68 boto—, CUP abstenitzekotan baitago. Bigarren bozketa larunbatean litzateke, eta 66 bozka beharko lituzke. Puigdemontek botoa delegatzen jarraitzen badu, 65 lituzkete ERCk eta JxC; oposizioak adina, hortaz. 66 lortzeko, Antoni Comin (ERC) Belgikara erbesteratutakoak diputatu aktari uko egin beharko lioke edo botoa delegatu.
Katalunia
NBEren ebazpenari helduz
Ostiralerako deitu dute Jordi Sanchez (JxC) kartzelatutakoa inbestitzeko saioa. Roger Torrenten ustez, Pablo Llarena epaileak Nazio Batuen Erakundeak eskatutakoa betetzeko «obligazioa» du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu