«Hauxe da denak batera egoteko momentua, aurrerapausoak sendotzekoa, elkarri laguntzekoa eta beharrean dagoen jendeari irtenbideak ematekoa», azaldu du, NBEko Batzar Nagusiaren 65. ekitaldiko lehen saioan. Ez da NBEren aldeko diskurtsoa egin duen bakarra izan, hala ere. Joseph Deiss Batzar Nagusiko presidenteak ere gisa berean jardun baitzuen atzo: «Paper nagusia egiteko legitimitatea duen bakarra da». Haatik, nazioarteko harremanak aldatu direla eta, mundu mailakoen ordez eskualde arteko harremanak indartu direla ohartarazi zuen. Haiek, baina, ezin dira NBErekin parekatu: «192 kiderekin, Batzar Nagusia ia organo unibertsala da, eta egoera eta interes pluralak ordezkatzeko gai da».
Ban Ki-moonek nazioarteak aurreratzean parez pare izango dituen arriskuak zerrendatu zituen atzoko saioan. Besteak beste, urte honen amaieran klima aldaketari buruz egingo duten goi bilerari egin zion erreferentzia. Cancunen egingo dute (Mexiko), eta NBEko idazkari nagusiak berak aitortu duenez, ez da erraza izango harako bidea. «2050erako munduan biziko direnak %50 gehiago izango dira; ordurako egutegi efektua eragiten duten gasen isuria ere %50 murriztu beharko dugu».
Obama, bigarrenez
Barack Obamaren diskurtsoak estreinatu du ekitaldi berria. Ameriketako Estatu Batuetako presidente karguan denetik bigarren aldiz agertu da Batzar Nagusian, AEBen atzerri politikaren berri ematera. Iazkotik aurtengora, baina, nabaritu da aldaketarik haren diskurtsoan. Kargua hartu berritan, izan ere, promesez jantzitako hitzaldia egin zuen: besteak beste, George Bushen agintaldian nagusitutako «ezkortasuna» eta «mesfidantza» gainditzeko asmoz zela adieraziz. Haatik, presidente estatubatuarrak distira galdu du -analistek uste dute nazioarte mailan bete ez dituen promesengatik baino gehiago etxean izan dituen arazoengatik dela-, eta haren hitzek ez dute lehen adina esperantza eta baikortasun eragiten.
Alabaina, eta esperotakoa baino txikiagoa izanda ere, Obamarekin aldaketak gertatu direla uste du batek baino gehiagok. Hala nola Bruce Jonesek, Brookings Institutuko kideak: «Bushen agintaldiaren amaieran gauzak normaltze bidean hasi baziren ere, Obamaren gobernuak modu diferentean egin ditu hainbat gauza». Obamak, besteak beste, NBEren eta Indiaren arteko harremanak onbideratu ditu, baita Afrikako herrialdeekiko aliantzak indartu ere. «NBEk ondo lan egitea lortzen du soilik AEBekin lankidetza estuan aritzeko aukera duenean. Eta, hain zuzen, horixe ari da egiten Obamaren gobernua», uste du Jonesek.
William Tobet Harvardeko Unibertsitateko adituaren ustez, nuklearren auzian urrats sendoak egitea lortu du presidente estatubatuarrak; haatik, Iranen eta Ipar Korearen kasuan, ez du arrakastarik lortu. «Benetan diot, Irango programa nuklearra kontrolatzeko egindako ahaleginak alferrekoak izan dira».
Israeldarrek eta palestinarrek berriro zuzeneko bake negoziazioak hasi dituztelako, baina, arlo horretan jaso zitzakeen kritiketatik libratu da Obama. Armagabetze nuklearrerako Errusiarekin itundutako hitzarmenagatik, halaber, lortu du garaikurrik nazioartean. Ez, alabaina, klima aldaketari aurre egiteko lortu dituen neurriengatik, edota agindutakoaren aurka, Guantanamoko basean atxilotze zentroa ixtea lortu ez duelako.
Urtebetean Ekialde Hurbilean bakea lortzea espero du Obamak
Batzar Nagusiaren hurrengo ekitaldian estatu palestinarra NBEko kideizango dela uste duI. Z.
NBEko Batzar Nagusian egindako agerraldian Ekialde Hurbilaz aritu zen nagusiki Barack Obama AEBetako presidentea atzo. Baikor agertu zen, gainera: «Estatu palestinar independentea» urtebeteko epean sortuko dutela uste du, izan ere. «Zuzeneko bake negoziazioen bidez akordiorik lortzen ez badute, palestinarrek ez dute estatu izateak dakarren harrotasuna eta duintasuna ezagutuko. Eta israeldarrek ez dute ezagutuko bizilagun subirano eta egonkorrekin izango luketen segurtasuna», adierazi du presidente estatubatuarrak.
Barack Obamak uste du hemendik urtebetera Palestina NBEko kideen arten egongo dela. Haatik, Israelen existentziaz ez du zalantza izpirik agertu: «Israelen estatu izatearen inguruan ez dugu gehiago eztabaidatuko. Haren legitimitatea kolokan jartzeko ahalegina egiten duen edonork gurekin egingo du topo».
Flotillaren txostenaz, kexu
«Israeldarren eta palestinarren arteko gatazka erakunde hau bezain zaharra da. Haur palestinarrei eta israeldarrei batere lagunduko ez dieten argudioen gainean bueltaka jarraitu ahalko dugu; edo bestela garai berriak heldu direla iragar dezakegu». Barack Obama Ekialde Hurbileko bake negoziazioak has zitezen ahalegindu da. Eta lortu du bi aldeak mahai berean eseraraztea. Hilaren 2an hasi zituzten negoziazioak PAN Palestinako Aginte Nazionalak eta Israelek. Dagoeneko bi saio egin dituzte. Haatik, amaitzear den kolonien gaineko atzerapena luzatzen ez badute, palestinarrek negoziazio mahaia utziko dute.
NBEk Askatasunaren Flotillaren gainean argitaratu duen txostenak ere ez du eragin elkarrizketetarako giro aproposik. Ikerketa txostena «alderdikoia» eta «partziala» dela salatu du Israelgo Gobernuak.