Astebete igaro da Siriako kurduen miliziak parte diren koalizioak Eufratestik mendebaldera erasoaldia hasi zuenetik, AEBen babesarekin. SDF Siriako Indar Demokratikoek lehenbiziko helburutzat dute Manbij hiri estrategikoa EI Estatu Islamikoari kentzea, eta, koalizioko bozeramaile baten arabera, hiru aldetatik inguratu dute. NBE Nazio Batuen Erakundeak kezka agertu du erasoaldiarengatik, uste baitu 200.000 bat herritarrek ihes eginen dutela EIk kontrolatutako eremuetatik kanpo. Erasoaldia hasi zenetik 20.000 herritar desplazatu direla erran du OCHA Auzi Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak.
Xarfan Darwix SDFen bozeramaileak Reuters agentziari erran dionez, EIko kideak Manbijetik erretiratzen ari dira beren senideekin batera. Darwixek adierazi du astebetean muturreko talde islamista sunitako 150 kide hil dituztela. OCHA, bere oharrean, zibilen desplazamenduez mintzo da. NBEren agentzia horren arabera, jada 20.000k ihesi egin dute, baina kopurua hamar bider handitu daitekeela uste du. OCHAren iritziz, zibil horiek «zailtasunak» eduki ditzakete bertze taldeen kontrolpeko lurraldeetan babesa hartzeko, EIren menpeko eremu batetik doazelako ihesi. OCHAk dio ihes egin duten gehienek mendebalderantz jo dutela, bertze talde islamista batzuen menpeko eremuetara, eta iparralderantz Jarabulus hirira, Turkiako mugara. Darwixek adierazi du SDFak kontuan hartzen ari direla zibilen egoera. «Zintzoa izateko, [Manbijera] lehenago ailegatu nahi izan bagenu, edo zuzenean ailegatu nahi izan bagenu, egin ahalko genukeen; baina, dakizun bezala, eremua handia da, eta zibil asko dago».
Joan den astean, OCHAren eta Afrin barrutiko ordezkari kurduen artean eztabaida sortu zen, OCHAk leporatu baitzien EIk bertze talde islamisten aurka hasitako erasoalditik zihoazen 7.000 desplazatu baino gehiagori sarrera ukatzea. OCHAk zioen erabaki hori hartu zutela Al-Qaedari lotutako Al-Nusra Fronteak eta haren aliatu islamista sunitek Alepo hirian Xeikh Maqsud auzo kurdua bonbardatu zutelako artilleriarekin. Afringo ordezkariek OCHAren akusazioak ukatu dituzte, eta adierazi dute bi astean 10.000tik goiti iheslari hartu dituztela.
Garrantzi estrategiko handiko eremu batean dago Manbij, EIk Turkiarekiko mugan kontrolatzen duen azken zatian baitago. Eremu horren mendebaldeko muturrean dago kurduen YPG Herriaren Babeserako Unitateen kontrolpeko Afrin barrutia, eta ekialdeko muturrean, berriz, Eufrates ibaia. 100 kilometro luze da lurralde hori, eta gehiena EIren kontrolpean dago, Afringo mugaldeko zati txiki bat izan ezik —bertze talde islamista sunitak daude hor—. Eufratestik ekialderako eremu osoa, berriz, militarki YPGen esku dago; hau da, Kurdistan Turkiaren eta Siriaren artean banatzen duen muga osoa. Kurduen ordezkariek iaztik agertu dute nahia Afrin gainerako eremuekin fisikoki elkartzeko, baina Turkiak orain arte mehatxatu ditu hori ez egiteko, bertzeak bertze, argudiotzat erabilita kurduak gutxiengoa direla lurralde horretan. AEBak aireko laguntza ari zaizkie ematen SDFei. Washingtonen arabera, erasoaldian parte hartzen ari diren miliziano gehienak arabiarrak dira, ez kurduak.
Armada, Raqqara hurbiltzen
EIren aurka irekitako bertze fronte nagusi bat Raqqa hiriranzko bideetan dago. SDFak iparraldetik hurbildu dira azken egunotan, eta Siriako armada hego-mendebaldetik hurbildu zen atzo, hainbat iturriren arabera. Assad lakutik 25 kilometrora hurbildu da armada, eta Tabqa hiria hartzea du helburu, Siriako Sana agentziaren arabera. Eufrates ibaiko Tabqa urtegia dago inguru horretan, eta berebiziko garrantzia du ur hornidurarako. 2014ko udan konkistatu zuen EIk. Alepo hirian, berriz, EI eta Al-Nusra Frontea ez bertze talde islamista sunitek atzo arteko epea zuten AEBek eta Errusiak proposatutako su-etena berresten ote duten argitzeko.
Estatu Islamikoaren aurkako gerra. Siria eta Irak
NBEren ustez, Siriako Manbij hiriko erasoaldiak 200.000 desplazatu eragin ditzake
Kurduen miliziak parte diren koalizioko bozeramaile batek adierazi du zibilak kontuan hartu dituztela Estatu Islamikoaren aurka egiten ari diren operazioan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu