"Energia nuklearra maila industrialean ekoizten duten herrialdeen taldean sartu da Iran", adierazi du Mahmud Ahmadinejad presidenteak Energia Nuklearraren Egun Nazionalaren harira Natazngo ekoizpen zentrora egin duen bisitan; hau da, uranioa industria eskalan aberasteko gai direla iragarri du.
Horrenbestez, Iranek berriro ere aurre egin dio NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari, teknologia nuklearra garatzeari uzteko agindu baitzion. Segurtasun Kontseiluko kideek uste dute armagintzarako ari dela Iran teknologia hori garatzen.
Aldiz, Irango Gobernuak behin eta berriz agertu du erabilera zibilerako nahi duela nuklearra; hots, energia sortzeko.
Dagoeneko uranioa industria mailan aberasteko gai dela jakinarazteaz gain, Iranek energia nuklearra ekoizteko eta teknologia horretan aurrera egiteko eskubidea duela aldarrikatu du Ahmadinejad presidenteak. IAEAk ikuskatuta aritu direla ziurtatu du, eta AEBei eta haren ildoko herrialdeei Iranen aurrerapenaren kontra aritzea leporatu die. "Argi dago herrialde horietako batzuek ez dutela nahi Iranek eskubide hori izatea. IAEAn duten eragina baliatzen dute legez kanpo gure herriaren garapena galarazteko. Iran beti izan da garapen zientifikoan buru, eta ez diegu utziko herrialde horiei gure garapena trabatzen".
NBEko Segurtasun Kontseiluak uranioa aberasteari uzteko eskatu zion Irani martxoaren 24an, eta IAEAri froga ziezaiola ez zuela teknologia hori armagintzan erabilteko asmorik. Gaurko iragarpenaren bidez, Segurtasun Kontseiluak agindutakoaren kontrako bidea hartu du. Uranioa industria mailan ekoizteko gai bada, gutxienez 3.000 zentrifugagailu dituela esan nahi du. Orain arte, 600-800 zituztela uste zuten adituek.
Mundua/Nuklearrak
NBEri aurre eginez, energia nuklearra "maila industrialean" ekoizteko gai dela iragarri du Iranek
Teknologia nuklearra garatzen ez dutela atzera egingo eta "gailurrera" iritsiko direla ziurtatu du Mahmud Ahmadinejad presidenteak. Arlo horretan kanpoko presioei ez diela men egingo ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu