Bagdaden tentsioa izan da nagusi Iranen eta 5+1 Taldeko kideen arteko bileraren bigarren egunean —Alemaniak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek, alegia, AEBak, Erresuma Batuak, Frantziak, Errusiak eta Txinak osatzen dute seikotea—. Irango programa nuklearraren inguruan akordio bat itxi asmo zutela adierazi zuten negoziazioak hasi aurretik, eta bi aldeek Iraketik esku hutsik ateratzea saihestu nahi izan dute. Dena den, interes kontrajarriak dituztela agerian geratu da, esperotako akordioaren ordez, berriz biltzeko konpromisoa izan baita adostu dutena. Elkarrizketekin jarraitzeko ekainaren 18an eta 19an Moskun elkartuko direla jakinarazi du seikotearen negoziazioburu Catherine Ashtonek. «Uste dut hainbat jarrera ditugula komunean, eta horien inguruan hitz egin behar dugu».
Nazioartearen zigorrek itota, Iran jarrera apalagoarekin agertzea espero zuen seikoteak. Izan ere, herrialdearen diru iturri nagusi den petrolio esportazioan kalte nabarmena eragin dute AEBen, NBEren eta EB Europako Batasunaren neurriek, besteak beste. Iranek, gainera, zigorrak kentzea edo arintzea zuen helburu Bagdadeko bilerara begira. Elkarrizketetan, baina, agerian utzi du ez dagoela amore emateko prest. «Seikoteak gehiegi eskatzen dio Irani. Kakahueteen truke diamanteak ematea nahi dute», adierazi du Hosein Mousavian Irango negoziatzaile ohiak.
Seikotearen negoziazioburu Catherine Ashtonek, hain justu, uranioaren aberastea %20tik %5era jaistea eskatu dio Irani, zigorrak arintzearen truke. Horrez gain, seikotearen diplomatiko batek jakinarazi duenez isotopo erradiaktiboak ere eskaini dizkiote herrialdeari. Izan ere, minbizia duten gaixoak sendatzeko isotopo erradiaktiboak ekoiztu nahi dituela dio Iranek, eta horretarako behar duela aberastutako uranioa. Teheranek, dena den, argi utzi du ez dagoela edozer egiteko prest zigorrak kentzearen truke. Bilerak hasi aurretik uranioaren aberastea ez zela negoziagarria esan zuten Irango ordezkaritzako kideek, baina Ashtonek kontrakoa dio. Teheran20%an aberastutako uranioaren inguruan hitz egiteko prest agertu dela dio.
Seikotearen proposamena ez dela orekatua adierazi du Teheranek. Nazioarteko potentziak proposamen garbirik gabe joan direla ere esan dute goizean, negoziazioetan aurreikusten zuten porrotaren errua seikoteari egotzita. Izan ere, horrek elkarrizketetarako giroa zaildu duela esan dute. Horren errudun AEBak direla ere esan dute irandarrek. Bilera aurreko bi aldeen jarrera positiboa, beraz, hoztu egin da negoziazioak hastearekin batera. «Istanbulen entzun genuena interesgarriagoa izan zen», adierazi du Irango negoziazio ordezkaritzako kide batek. Hamabost hilabetez harremanak etenda egon ondoren apirilean lehen aldiz batu ziren bi aldeak Turkiako hirian, eta bertan «aurrerapausoak» egin zituztela jakinarazi zuten.
Iranek herenegun aurkeztutako kontraproposamenaren inguruan, berriz, hausnartu egin behar dutela adierazi du Ashtonek, eta 5+1 Taldeko kide bakoitzak kontsultak egin behar dituela. Teheranen planaren nondik norakoen berri, dena den, ez dute eman.
NBEren ebazpenak urratuz
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren azken txostena aurreratu dute Vienan. Bertan Iranek Fordoko zentralean uranioa aberasteko zentrifugagailuak jartzen jarraitzen duela nabarmentzen dute, eta horrek NBEren ebazpenak urratzen dituela.
Iranek, hain zuzen ere, argi utzi du bere programa nuklearrarekin aurrera jarraituko duela. Izan ere, erabilera zibilerako dela defendatzen du. Herenegun, hain justu, Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteak adierazi zuen bere herrialdeak «inoiz» ezdituela arma atomikoak erabiliko, ezta bestelako suntsipen handiko armarik ere. Gizakiaren iraupenerako munduko herrialde guztiek nuklearren deuseztatzean lan egin behar dutela gaineratu zuen.
Bestalde, IAEAko idazkari Yukiya Amanok asteartean jakinarazi zuen Iranekin akordio bat lortu zuela, eta «aurki» sinatuko zutela. Besteak beste, erakundeko behatzaileek Partxingo base militarrean sartzeko baimena bilduko zuela aurreratu zuen. Han bonbak atomikoak egiteko probak egin dituztela uste du IAEAk.
Negoziatzen jarraitzea adostu dute Iranek eta 5+1 Taldeak
Ez dute konpromiso zehatzik lortu Irango programa nuklearraren inguruan; Moskun elkartuko dira ekainaren 18an eta 19anTeheran uranioaren aberastea negoziatzeko prest dagoela jakinarazi du seikoteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu